Agortu dira Azpeitia Zaindu erosketa bonuak

Julene Frantzesena 2022ko aza. 14a, 11:52
Ilara luzea sortu da Azoka Plazaren atarian. (Anartz Izagirre)

Udalak eta Bertanek gaur ekin diote bonuen salmentari. Azoka Plazan saldu dituzte horiek aurrez aurre, eta Internetez ere bai, azpeitiazaindu.eus webgunean. Dagoeneko saldu dituzte erosketa bonu guztiak.

Azpeitia Zaindu kanpainaren barruan, erosketa bonuak saltzen hasi dira udala eta Bertan merkatari elkartea gaur, astelehenarekin. 09:00etarako ilara luzea osatu dute herritarrek Azoka Plazaren atarian, eta hainbat izan dira bonuak eskuratu dituzten herritarrak. Arratsaldean ere izan da horretarako aukera, 15:00etatik 17:00etara bitartean; izan ere, goizean bonuen %70 jarri dituzte eskuragarri. Gainera, Internetez ere erosi ahal izan dira, azpeitiazaindu.eus webgunean. Dena den, udalak jakinarazi duenez, dagoeneko saldu dituzte erosketa bonu guztiak.

50 euroko balioa duten eta herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietan gastatu daitezkeen 1.835 bonu kaleratu dituzte oraingoan. 35 eurotan salduko dituzte bonuak, pertsona bakoitzak gehienez bi eskuratu ahalko ditu –norberaren izenean zein beste pertsona baten izenean erosi ahal izango ditu–, eta 2023ko urtarrilaren 5a arte erabili ahal izango dira bonuak. Gainera, eta joan den maiatzeko kanpainan egin bezala, aurten 18 urte betetzen dituzten herritarrek hamabost euroko bonua jasoko dute, eskatu beharrik gabe.

Herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiei bultzada emateko zein herritarrei tokiko saltokien ekonomia sustatzeko pizgarria eskaintzea dira egitasmoaren xedeak. Aurtengo bigarren bonu salmenta da gaur hasi dutena; izan ere, aurrekoa joan den udaberrian egin zuten. 

Hainbat herritar bonuak erosten gaur goizean Azoka Plazan. (Azpeitiko Udala)