Garaipen gozoa erdietsi du Lagun Onakek

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 14a, 11:52

Lagun Onaken Espainiako Hirugarren Mailako taldeak ez du ligako neurketarik jokatu asteburuan. Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako Taldeak Tolosan jokatu du partida, eta 0 eta 3 nagusitu da.

Lagun Onaken gizonen talde nagusiak ez du ligako neurketarik jokatu asteburuan, Espainiako Errege Kopa dela eta, baina Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldeak garaipen gozoa erdietsi du. Hain zuzen ere, Tolosa B taldearen aurka neurtu dituzte indarrak emakumeek, eta 0 eta 3 gailendu dira.

Larunbatean, 19:30ean jokatu zuen neurketa Lagun Onakek, etxetik kanpo. Lehen zatian, baloia Azpeitiko taldeak menderatu zuen, nagusi izan zen Lagun Onak zelaian, baina ez zuen golik sartu, eta markagailua hutsean zela iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian ere nagusi izan zen Lagun Onak, eta gol festa izan zen Tolosan. Erdiko falta baten ostean etorri zen lehen gola; aurrez prestatutako jokaldi batean, Malenek atera zuen falta, Joanek ukitu zuen baloia, eta Mantxolak sarera bidali zuen. Mantxola izan zen bigarren golaren egilea ere; alboko falta baten ostean, ezker eskuadrara bidali zuen baloia –bideoan ikus daiteke gola–. Eta 80. minutuan egin zuen Lagun Onakek hirugarren eta azken gola; penalti baten ostean, Malenek ez zuen hutsik egin.

Gaur-gaurkoz, hamazazpi puntu bilduta, bosgarren postuan da Lagun Onak.