90 urtekoen omenaldi bazkariarekin amaitu da Jubilatuen Astea

Anartz Izagirre 2022ko aza. 14a, 09:02
90 urtekoen omenaldi bazkaria atzo, igandea, Kiruri jatetxean. (Utzitakoa)

Guztira, 65 pertsona omendu zituzten atzo, igandea, Kiruri jatetxean egindako bazkarian, eta horietako 19 joan ziren oparia jasotzera. Gainontzekoek, Baigeraren eskutik edo udaletxera joanda jaso beharko dute oparia.

Amaitu da Baigera jubilatuen elkarteak udalaren laguntzarekin antolatutako Jubilatuen Astea. Joan zen astelehenean, azaroak 7, hasi ziren ekintzak, bingo saioarekin eta txokolatadarekin. Hortik aurrera, egunero-egunero izan da ekintzaren bat; besteak beste, hitzaldiak eta mendi irteerak izan dira jubilatuen gozamenerako.

Astea behar bezala amaitzeko, berriz, 90 urtekoen omenaldi bazkaria eta opari banaketa egin zuten Kiruri jatetxean atzo, igandea. Horren aurretik, ordea, hamaiketakoa egin zuten Baigera I.en, eta eguerdian meza izan zen hildako bazkideen alde, parrokian. Omenaldian, guztira, 65 pertsona omendu zituzten, eta horietatik 19 joan ziren otordura. Gainontzekoek, Baigeraren eskutik edo udaletxera joanda jaso beharko dute omenaldiko makila.