Tokikomek 10 urte

Batzea da bidea

Erredakzioa 2022ko aza. 11a, 07:58
Gorka Zabaleta. (Arnaitz Rubio Aprea)

UKT Urolako Komunikazio Taldeko zuzendari nagusia da Gorka Zabaleta zumairra, eta honako iritzia plazaratu du Tokikomen hamargarren urteurrenaren harira.

Oso gogoan daukat duela hamar urte pasatxo Eibarko Markeskoa jauregian euskarazko tokiko hedabideok Topaguneak deituta egin genuen bilera. Joxe Rojasen irudia datorkit burura, hainbat hedabidetako ordezkarien aurrean "argi gorri guztiak" piztu zirela ohartarazi zuenekoa. Gaitz guztiak zetozkigun gainera: gizartearen krisi ekonomiko sakona, hedabideen eredu klasikoaren krisia, finantziazio iturriak kolokan. Argi gorriak piztuta bueltatu nintzen Zumaiara, Baleikera.

Niretzat bilera hura mugarria izan zen. Egoera larria zen, bai, baina diagnostiko beltzenarekin batera, han ikusi genuen bazela aterabide bat, edo gutxienez, aurrera egiteko helduleku bat: elkartzea, indarrak batzea. Tokiko hedabideok beti ikusi dugu gure burua txiki, eta beti izan dugu gure irlatxoan gotortzeko joera. Baina ikuspegia zabalduz gero, artxipelago oso bat ikusten da, elkar lotuz gero, kontinenteek adina distira egin dezakeena. Bada, horretarako sortu genuen Tokikom duela hamar urte.

Ekaitza eramangarriagoa da elkarren anparoan, albokoari penak kontatzeko, besterik ez bada. Hortik ere izango zuen pixka bat hasieran, zergatik ukatu. Baina Tokikomeko lehen gidariek azkar zehaztu zituzten elkargune berriaren helburuak. Solaskidetza gaitasuna indartzea ezinbestekoa zen, erakundeen aurrean interes komunen defentsarako. Horrez gain, baina, tokiko hedabideen garapenerako lan ildoak ezarri ziren, aurrera begirako ikuspegi argiarekin: publizitatearen kudeaketa bateratua, lan tresnen eta euskarrien berritzea, talde dinamikak arlo guztietara hedatzea, eta egiturak sendotzeko, bateratze prozesuak laguntzea. Sektorea indartzea, azken finean, gure herritarrek ahalik eta hedabide onenak izan ditzaten.

"Tokikom gorpuztu den garai berean sortu dugu Urolako Komunikazio Taldea"

Egituratze lan horretan egingo dut nik azpimarra. Uste dut hor asmatu duela Tokikomek. Tokikomek indartsuago egin gaitu, gure hedabideetako lana ekoizteko eta argitaratzeko tresna modernoenak eman dizkigulako, kudeaketan geneuzkan hutsune nabarmenak estaltzen erakutsi digulako, talde ikuspegia eman digulako, elkarrengandik ikasteko plaza bat eskaini digulako, finantziazio bide berriak ereiten lagundu digulako eta aurrera begirako estrategia bat eman digulako: batzea da bidea.

Ez da kasualitatea: Tokikom gorpuztu den garai berean sortu dugu Urolako Komunikazio Taldea. Inspirazio iturri izan da guretzat, noski. Ikasi dugu indarrak batzea ezinbestekoa dela, bakarka ia dena askoz zailagoa dela. Zailtasunak zailtasun, ausardiaz eta eskuzabal jokatuz, posible da bideari itxaropenez ekitea.

Hamargarren urteurrena bete du Tokikomek, eta badugu egindakoaz harro egoteko motiborik. Baina ez gara geldirik egoteko jaio. Aurrera begira Tokikom zer izango den erabakitzeko momentuan gaude. Tokiko hedabideen bilgune? Komunikabide talde? Komunikazio talde? Noraino iristeko prest gaude? Nire uste apalean, ahalik eta urrunen. Jarrai dezagun elkar elikatzen, bateratu daitekeen guztia bateratzen, indarrak metatzen, ahalik eta egiturarik indartsuenak sor ditzagun, gure herritarrek merezi dituzten gertuko komunikabiderik onenak izan ditzaten. Horixe izan da UKTk hartutako bidea. Tokikom osoarentzat inspirazio iturri izan daitekeelakoan, zorionak eta urte askotarako!