Tokikomek 10 urte

Urolako Komunikazio Taldea ere saritu dute Tokikom Sarietan

Erredakzioa 2022ko aza. 11a, 13:01
Gaur goizeko ekitaldiko une bat. (Tokikom)

Parte hartzaile guztiak ezustean harrapatu ditu gaurko ekitaldiak; izan ere, Tokikomek bere bazkide guztiak saritu ditu gaurkoan, taldea ofizialki eratu zenetik 10 urte bete berri direnean, elkarrekin egindako bidea ospatzeko eta aldarrikatzeko. Urolako Komunikazio Taldea (UKT) da sarituen artean.

Tokikomek, toki komunikabideen bateraguneak, Tokikom Sarien zazpigarren edizioa ospatu du gaur Oñatiko ArantzazuLABen. Aurreko edizioetan ez bezala, komunikazio proiektu osoak aukeratu dituzte gaurko sarietako, kazetaritza lan zehatzen ordez.

Baina hori ez da izan eguneko ezusteko bakarra. Parte hartzaile guztiak sorpresaz hartuta, Tokikomek bere bazkide guztiak saritu ditu gaurkoan, taldea ofizialki eratu zenetik 10 urte bete berri diren honetan, elkarrekin egindako bidea ospatu eta aldarrikatzeko. Tartean da Urolako Komunikazio Taldea (UKT) –Baleike, Karkara, Maxixatzen, Uztarria, Zarauzko Hitza, Urola Kostako Hitza eta Erlo telebista–. Hala, Tokikom eratzeko erabakia hartu zuen Euskaltzaleen Topagunetik hasita iaz taldera batu zen Begitu hamaboskarira, saritu guztiek sorpresaz eta atseginez hartu dute gaur jasotako omenaldia.

Tokikomeko IKT eta Komunikazio zuzendari Joxe Rojasek azaldu duenez, "espero baino askoz ere gehiago" aurreratu dute Tokikom martxan jarri zenetik. "Aurrerapen hori, oinarrian, bazkide guztiek denbora honetan egindako ahalegina eta bultzadari esker izan da, eta iruditu zaigu gaurkoa aukera ezin egokiagoa zela ahalegin eta lorpen horiei benetan duten meritua aitortzeko".

Arantzazun atera dute talde argazkia Tokikomeko bazkideek. (Tokikom)

Komunikabide taldetik komunikazio taldera

Sariak banatzeaz gain, gaurko ekitaldian errepaso azkar bat egin diote Tokikomen historiari 10 urte, hamaika ahots ikus-entzunezkoaren bidez. Erreportaje labur hori hurrengo egunetan egongo da ikusgai Tokikomeko webgune guztietan.

Baina iraganari baino, etorkizunari begiratzeko eguna zen gaurkoa. Bazkideak protagonista izan diren mahainguruetan, Tokikomek talde gisa hurrengo urteetarako dituen erronkak izan dituzte mintzagai, eta saio horretan parte hartu du UKTko zuzendari nagusi Gorka Zabaletak. "Erronka handienetako bat Tokikomen beraren izaera eraldatzea da", esan du Alaitz Artolazabal Tokikomeko zuzendari nagusiak. "Gure hausnarketa estrategikoan onartuta daukagu Tokikom komunikabide talde izatetik komunikazio talde izatera pasatu behar dugula, eta horren inplikazioak zehazten joan behar dugu pixkanaka-pixkanaka".

Bigarren erronka handia taldearen zein osatzen duten komunikabideen finantzazioan datza. Tokikomeko presidente Iban Arantzabalek bi ildo nagusi azpimarratu ditu: "Alde batetik, munduko beste komunikabide guztiek bezala, formula berriak bilatu behar ditugu gure komunitatearen sostengua handitzeko: kidetza formula berriak sortu, produktu berriak eskaini, harreman estuagoa garatu tokian tokiko merkatariekin... Eta bestetik, dirulaguntza publikoen gaian ere, erakundeekin azken urteetan landutako akordioetan sakondu eta formula berriak adostera jo beharko genuke, betiko laguntza lehiakorren eskematik atera eta hitzarmen egonkorragoak lortu, oraingo laguntzen ziurgabetasunarekin amaitzeko".

2023an ospakizun publikoa

Gaurko ekitaldia barrura begirako ariketa bat izan da, bazkideen gogoak eta espektatibak sinkronizatzeko saiakera bat, baina ez da izango Tokikomek hamargarren urteurrenarekin lotuta egiten duen ekitaldi bakarra. Datorren astean bertan, Tokikomeko dozena bat lagunek ostatutako taldea Bartzelonara joango da ACPC-Associació Catalana de Premsa Comarcal elkartearen 40. urteurrena ospatzeko antolatutako topaketetara; han izango dira UKTko hainbat ordezkari ere. Gainera, Tokikomek aurreratu du 2023an jardunaldi publikoak antolatuko dituela, Europa mailako tokiko komunikabideen errealitatea eta erronkak hizpide.

Gaurko ekitaldian saritutako komunikabideen mapa Tokikomen webgunean kontsulta daiteke.

Gorka Zabaleta UKTko zuzendari nagusia hizketan, gaur goizean Tokikom sarietan egin duten mahai inguruan. (Tokikom)

Erlazionatuak

Batzea da bidea

Erredakzioa 2022 aza 11 Azpeitia