Azpeitiko Udalak ELE arautzeko metodologiaren ordenantza onartu du

Julene Frantzesena 2022ko aza. 15a, 09:41
Azpeitia Takolo baserritik.

Astearteko udalbatzarrean onartu zuten udaleko ordezkariek aho batez ordenantza. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa aplikatzeko Uemak sortutako metodologia jasotzen du ordenantzak. Planak onartzerako edo proiektuei baimenak ematerako horien hizkuntza inpaktuaren ebaluazioa egingo du erakundeak aurrerantzean.

Azpeitiko Udalak Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) arautzeko ordenantza onartu berri du. Hain zuzen ere, joan zen astearteko udalbatzarrean, udalean ordezkatuta dauden bi alderdien aldeko botoekin onartu zuten ELE aplikatzeko Uemak sortu duen metodologian oinarritutako ordenantza. Horrenbestez, planak onartzerako edo proiektuei baimenak ematerako horien hizkuntza inpaktuaren ebaluazioa egingo du erakundeak aurrerantzean, horiek herriko egoera soziolinguistikoan izan dezaketen eragina neurtzeko.

Udalerrien garapenari eragiten dioten planek eta proiektuek zer hizkuntza inpaktu izango duten aurreikustea eta horien aurrean neurriak hartzea ahalbidetzen du ELEk. Izan ere, udalek onartutako planek eta proiektuek eragin zuzena izan dezakete hiztunen komunitateetan. Besteak beste, biztanle kopurua edo herria bisitatzen dutenen kopurua handitu dezakete, herritarren ohiturak aldatu edo herriko egoera soziolinguistikoan eragin.

2/2016 legeak arautu eta 179/2019 dekretuak garatu zuen ELE. Orain, ELE aplikatzeko metodologia zehazten duen ordenantza onartu du Azpeitiko Udalak –beste udal batzuek ere bai–, eta Eneritz Albizu Euskara batzordeburuak azaldu zuenez, udalari dagokio orain metodologia hori nola aplikatu zehaztea. "Batzorde bat martxan dago dagoeneko, baina ofizialki izendatu behar dugu. Horrez gain, udal langile guztiei metodologiaren aurkezpenak egingo zaizkie, sailez sail".