Eduki babestua

"Ez dugu Internetek edo saltoki handiek eskaintzen dutena emateko baliabiderik, baina bestelako balioak ditugu"

Erredakzioa 2022ko aza. 11a, 22:44

Udalak eta Bertan merkatari elkarteak herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietan erabili ahal izango diren bonuak jarriko dituzte salgai astelehenean. Herriko merkataritza indartzeko helburua du egitasmoak, eta haren xehetasunez eta eraginaz hitz egin dute Zuri Beltzeko Ana Etxanizek eta Elikaguneako Haritz Arakistainek.

Hastear da aurtengo bigarren bonu kanpaina. Zer espero duzue?

Haritz Arakistain: Herritarrek hartu dute ohitura bonuak erosi eta erabiltzeko. Aukera ona da, bertan kontsumituz, diru pixka bat aurrezteko. Azken urteetan ikusi denez, bilakaera oso ona izan da, eta oraingoan ere berdin joango delakoan gaude.

Ana Etxaniz: Hala da. Gainera, funtzionamendua ezagutzen dute, eta Haritzek esan duen bezala, aukera bikaina dela. Gainera, herrian gelditzen da guztia, beraz, herritarrak gustura, eta merkatariok ere, gustura.

Astelehenean jarriko dira bonuak saltzen. Nola antolatuko da?

A.E.: 09:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira bonuak azpeitiazaindu.eus webgunean. Kanpainaren lehen egun horretan bonuak aurrez aurre erosteko aukera ere jarriko da, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara, Azoka Plazan. 35 eurotan salduko dira bonuak, eta 50 euroko balioa izango dute. Pertsona bakoitzak gehienez bi eskuratu ahalko ditu –norberaren izenean zein beste pertsona baten izenean erosi ahal izango ditu, gehiago ez–. Guztira, 1.835 bonu aterako ditugu.

H.A.: Bonu bakoitzak 10 euroko bost txartel izango ditu, eta txartel horiek banaka erabili ahal izango dira. 10 euroko txartel bakoitza behin bakarrik erabili beharko da. Erosketa berean gehienez lau bonu (20 txartel) pilatu ahal izango dira. 2023ko urtarrilaren 5a arte erabili ahal izango dira bonuak.

Maiatzean egin bezala, 18 urte betetzen dituztenei bonuak bidaliko zaizkie. Gazteak herrian erostera bultzatzeko dela esan daiteke?

A.E.: Herrian erosiz gero, herria bizik mantentzen laguntzen dute. Hortaz jabetu behar dira. Gazteak tokiko merkataritzara hurbildu nahi dira, bertako produktu eta saltokietan kontsumitu dezaten, eta, horrela, tokiko merkataritzaren eta herritarren arteko loturak sendotu daitezen.

H.A.: Gaur egungo gazteena, gainera, bada belaunaldi bat Internet bidez edota hiriburuetara joaten dena erosketak egitera. Kontzientzia pizteko ekimena da, eta ea, bigarren txanda honetan, 18 urteko herritar gehiago animatzen diren herrian erostera.

Bertan elkartea saltoki eta arropa dendekin lotzen da, batik bat, baina, barnebiltzen ditu ostalaritza eta zerbitzuen saltokiak, eta bonu kanpainan ere parte hartzen dute, herritarrei aukera zabala eskainiz.

H.A.: Azken urteetan elikadura arloko saltokiak batu gara Bertan elkartearen bonu kanpainara, eta eragina nabari dugu. Arropa dendekin alderatuz gero, egunerokotasunean sumatzen dugu, baina, azkenean, denontzat da onuragarria bonu kanpaina egitea.

A.E.: Asko nabaritzen dugu kanpainaren eragina, herritarrak asko animatzen dira erabiltzera, eta, azken finean, bezeroek eta saltokiok, denok jasotzen dugu onura.

Pandemiak egoera larrian utzi zuen merkataritza. Egoera hobetzen edo normaltzen ari dela uste al duzue?

A.E.: Poliki-poliki, baina ari da egoera hobetzen. Herritarrak gero eta gehiago ari dira berriro kalera irteten, dendetara sartzen, eta beldurrak beldur, baina egoera ari da normaltzen.

H.A.: Pandemiak zerbaitetarako balio izan bazuen, kontzientzia pizteko izan zen. Hala ere, lan asko dago egiteko, ez dugu Internet bidez edo saltoki handiek eskaintzen dutena emateko baliabiderik, baina bestelako balioak ditugu: gertutasuna, bertako ekonomia... Eta horiek aintzat hartu behar dira.

Nola animatuko zenituzkete herritarrak?

H.A.: Astelehenean eros ditzatela bonuak, eta datozen egunetan herriko saltokietan erabili ditzatela. Eta ez hori bakarrik, Gabonetan ere herrian egin ditzatela erosketak.

A.E.: Aukera zabala dugu Azpeitian, askotariko saltokiak eta produktuak dituzte herritarrek aukeran, eta aprobetxa dezatela.