Beñat Lizaso: "Ez dut sekula esaten bertsolaria naizela, eta aurrerantzean ez dut esango ez naizenik"

Julene Frantzesena 2022ko aza. 15a, 11:28
Beñat Lizaso. (Anartz Izagirre)

Joan zen astean eman zuen erabakiaren berri Beñat Lizasok (Azpeitia, 1982): bertso plazak utziko ditu. Bertsolari aldizkariak egiten duen Makarrizketak saioan eman zuen horren berri, konparazioak argudiatuta. Lizaso abizena edukitzearen pisuaz nahiz bertsolaritzak urteetan eman dionaz hitz egin du hark Uztarria.eus-ekin.

Noiz iristen zaio bertsolari bati plazak uzteko unea?

Jada ez duela disfrutatzen edo ez duela disfrutatuko ikusten duenean. Saioetan parte hartzeko gonbidapenei ezetz esaten hasi nintzen, gogorik ez bainuen; gogorik edo motibaziorik ez baduzu, ez joanda hobe. Afizio bat da niretzat bertsoa, eta gozatu egin behar da, ez saioetara joate aldera joan.

Modu berezia hautatu duzu erabakiaren berri emateko... Izan ere, Makarrizketak podcasta baliatu duzu horretarako. Zergatik?

Abuztu hasieran proposatu zidaten podcasta egitea, eta baietz esan nien. Dena den, gero kostatu egin zitzaidan zer gairi buruz hitz egin erabakitzea. Aspaldidanik nerabilen buruan bertsolaritza uztearen ideia, baina ez nuen publiko egiteko asmorik, ez bainaiz figura bat; ez nuen uste iragarpenak halako oihartzuna edukiko zuenik. Oholtzan edo mikrofono aurrean ez nintzenez agurtuko, bertsolaritza uztera noala esateko aukera polita iruditu zitzaidan podcasta.

"Atea giltzaz ixteko unea" dela esan duzu. Berriz irekitzeko aukerarik ez duzu aurreikusten, beraz?

Ez, ez, itxi da ja atea. Behin deskonektatuz gero, gainera, gauza guztietan bezala, kostatu egiten da berriz ere arrankatzea. Aspaldi jardun ez baduzu, itzuleran barregarri geratzeko arrisku galanta!

Konparazioak izan dira erabakiaren arrazoi nagusia, Makarrizketakeko audioan esan duzunez. Zer konparaketa?

Esan nuen bezala, beti egon dira abizenaren gaineko konparaketak, eta horrek erre egiten zaitu azkenerako. Izan ere, ez dira gauza bera Beñat eta Beñat Lizaso.

Konparazio horiek zama soilik izan al dira zuretzat bertso ibilbidean?

Ez dira zama bakarrik izan; ate asko ireki dizkit abizenak. Adibidez, plazak egin izan ditut aitaren ordez joanda ere. Jende asko ezagutu dut, eta bertsolari askorekin kantatzeko aukera izan dut. Nire maila kontuan hartuta egingo ez nituzkeen plazak egiteko aukera ere eman dit abizenak.

Lizaso abizena tarteko, zure aurrekoen itzalpean egon zarela esan duzu. Egin duzu, baina, zure bidea: 2019an, adibidez, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean izan zinen. Bertsotan egin duzun bideak ez al dizu balio izan itzalpe horretatik irteteko?

Entzuleei abizenak berak bakarrik ez duela bertsotan egiten erakusteko balio izan dit gehienbat, eta txapelketa batean gutxiago. Hala ere, beti segituko nukeen baten semea eta bestearen iloba izaten.

Beste zerbaitek eragin al dizu plazak uzteko erabakia hartzerakoan?

Bizimodua asko aldatzen da denborarekin. Behin ere ez naiz izen saio asko egin dituen bertsolaria, eta bizitzan gauza asko daude bertsoaren gainetik.

Plazak aldatu egin al dira azken hamarkadan? Hau da, bertsolariari lehen plazan eskatzen zitzaiona eta gaur egun eskatzen zaiona gauza bera al dira?

Plaza aldatu egin da, bertsolariak eta entzuleak aldatu egin direlako. Gure garaitik hona baino, plaza gure aurrekoen garaitik hona aldatu dela esango nuke. Saio motak ere aldatu egin dira; lehen libreko saio gehiago egiten zirela esango nuke, eta orain jaialdiak gehiago izaten dira. Oso desberdina da gai jakin bati buruz jardutea bertsotan edo gaia zeuk bilatu behar izatea.

Zer izan da plaza zuretzat?

Plaza eta bertsolaritza afizioa izan dira eta dira niretzat. Beti esan izan dut bertsolaria baino gehiago naizela bertsozalea.

2019an txapelketei esan zenien agur. Orain, plazei. Bertsolari batek utz al diezaioke inoiz bertsolari izateari?

Galdera ona! Eta noiz egiten da bat bertsolari? Ez dut sekula esaten bertsolaria naizela, eta aurrerantzean ez dut esango ez naizenik.

Txapelketetan eta plazetan ez zara gehiago arituko, iragarri duzunez. Bertsolaritzatik erabat urrunduko al zara?

Ez, ez, ez naiz urrunduko. Izan ere, bertsolaria baino bertsozalea gehiago naiz, bertsoak entzuten kantatzen adina gozatzen dut.

"Jendeak Lizaso entzun nahi du, eta ez Beñat", esan duzu. Bertsozaleek nola oroi zaitzaten nahiko zenuke?

Lizasotarren hirugarren belaunaldi bezala oroitzea nahiko nuke, aitonak hasitako bideari jarraipena eman zion bertsolari gisa.

Lizaso abizenak badu jarraipena zuen familian. Gustatuko al litzaizuke alabek zuen bideari eustea?

Ez nuke penarik hartuko segituko balute, baina ez daitezela Lizaso abizenagatik izan bertsolari, beraiek nahi dutelako baizik.