Sara Alonsok gidatuko du Domusa Teknik 40 MLKen harira emakumeentzako antolatutako bigarren entrenamendua

Julene Frantzesena 2022ko aza. 11a, 10:53
Sara Alondo korrikalaria. (Santiago Farizano)

Abenduaren 3an, larunbatez, izango da bigarren saioa, mendi lasterketetan lorpen izugarriak egiten ari den donostiar lasterkariaren gidaritzapean. Dagoeneko zabalik dago entrenamendurako izena emateko epea.

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren antolatzaileak emakumeei zuzendutako hainbat entrenamendu saio ari dira prestatzen, eta horietan bigarrena abenduaren 3an, larunbatez, egingo dute. Gonbidatu berezi batek gidatuko du saioa; Sara Alondo mendi lasterkariak, hain zuzen ere. Donostiarra izugarrizko balentriak ari da lortzen; izan ere, besteak beste, aurtengo Golden Trail Series proban hirugarren egin zuen.

Abenduaren 3ko entrenamenduan parte hartu nahi duten emakumeek Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunean eman beharko dute izena. Gainera, gizonek ere izango dute parte hartzeko aukera, emakumeren batekin batera izena emanda. 09:00etan hasiko dute saioa, igerileku aurretik.

Joan zen astean egin zuten lehen entrenamendua, Malen Osa oñatiar lasterkariarekin, eta "arrakastatsua" izan zela azaldu dute haren antolatzaileek; izan ere, 33 lagunek parte hartu zuten.

Datorren urteko maiatzaren 6an izango da Domusa Teknik 40 MLK probaren bigarren edizioa, eta datorren asteazkenean, hilaren 16an, zabalduko dute mendi lasterketarako izena emateko epea.