40. Euskal Antzerki Topaketak

Bi urteko etenaren ondoren, Eskola Antzerkiaz gozatu ahal izango dute bailarako ikasleek

Ane Olaizola 2022ko aza. 13a, 09:00

Bihar hasiko dira 40. Euskal Antzerki Topaketen barruko Eskola Antzerkiaren saioak, eta asteazkenera bitartean, Azpeitiko, Errezilgo zein Amezketako ikasleek eskainiko dituzte emanaldiak Soreasu antzokian. Ohi bezala, bailarako umeak elkartuko ditu topaketak.

40. Euskal Antzerki Topaketetan izurriaren aurretik tradizio zen egitasmo bat berreskuratuko dute aurten antolatzaileek: Eskola Antzerki Topaketak. Bi urteko etenaren ondoren, antzerkia lantzen duten Euskal Herriko hainbat ikastetxetako taldeak igoko dira Soreasuko agertokira, eta ohi bezala, han izango dituzte zain bailara osoko umeak.

Bihartik asteazkenera bitartean egingo dituzte Eskola Antzerki Topaketak areto horretan, eta aurten, hiru taldek eskainiko dituzte emanaldiak: Amezketako Zumadi herri ikastetxeak zabalduko du egitasmoa, bihar, eta hango antzezleek Peru eta otsoa ipuin musikatua, Oñatiko jentilak bertso antzerkia eta Hariz hari antzezlana eskainiko dituzte; asteartean, Azpeitiko Haur eta Nerabeen Antzerki Taldearen txanda izango da, eta Bizitzaren koloreak eta Espazioko itsasoetan lanak taularatuko dituzte Soreasun elkartzen diren ikasleen aurrean; azkenik, Errezilgo San Martin eskolak eta Azpeitiko Haur eta Nerabeen Antzerki Taldeak bi antzezlan eskainiko dituzte elkarrekin, asteazkenean: Maria Dolores Agirreren biografia eta Urte berri on.

Antolatzaileak jakitun dira Eskola Antzerki Topaketak antzerkiaren eta antzerkizaletasunaren harrobirako balio duela, antzerkia lantzen duten Euskal Herriko ikastetxeekin aritzen direlako elkarlanean eta bailara osoko umeak joaten direlako emanaldi horiek ikustera. Xanti Agirrezabala aktorea da Azpeitiko antzerki taldeko irakasletako bat, eta hark adierazi du "gogotsu" daudela Eskola Antzerki Topaketetarako. "Oso gauza ederra izaten da, eta antzerki topaketei ematen die halako pisu bat. Izan ere, ikasleek ikasleentzat egindako antzerkia izaten da. Eskola orduetan izaten dira emanaldiak, eta elkarketa berezi bat izaten da".

Gainera, emanaldi horietako aktoreak zein publikoa umeak izateak antzerkizaletasuna pizten laguntzen duela uste du artistak: "Esker oneko publikoa izan ohi da. Aktore helduek eta ezezagunek maiz sortzen dute halako urruntasun bat, baina beren pareko pertsonak taula gainean ikusteak pizten die umeei antzerkirako nolabaiteko grina".

Agirrezabalaren ustez, ikasleentzat "goiz pasa ederra" izan ohi da, eta umeek ikasteko beste modu batzuk lantzen dituzte: "Dena ez da eskolako mahaian eserita ikasten, eta antzerkia beti da horretarako erreminta ona".