Gazteok Arnas Egunera joateko autobusa antolatu du Uemak

Julene Frantzesena 2022ko aza. 11a, 08:04
Aurtengo udan Salto udalekuetan izan diren gazteak Leitzan. (Uema)

Azaroaren 26an Larrabetzun ospatuko dute eguna, udalerri euskaldunetako gazteen harremanak saretzeko eta sendotzeko helburuz. Dagoeneko eman daiteke egun horretan parte hartzeko izena, baita autobuserako ere. Zarauztik, Getariatik, Zumaiatik eta Azpeititik igaroko da Larrabetzurako autobusa.

Gazteok Arnas Eguna antolatu du Uemak azaroaren 26rako, zapatua, udalerri euskaldunetako gazteen harremanak saretzeko eta sendotzeko helburuz. Larrabetzun (Bizkaia) ospatuko dute eguna, eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Besteak beste, tailerrak, ekitaldia, bertso bazkaria, Zo-Zongó perkusio taldearen emanaldia, Nahia Novo DJaren saioa nahiz Kuluxka Klan taldearen kontzertua izango dira.

Uemak hainbat herritatik Larrabetzura joateko autobus zerbitzua eskainiko du. Hain zuzen ere, Zarauztik, Getariatik, Zumaiatik eta Azpeititik igaroko da autobusa. Gazteok Arnas egunean parte hartu nahi duten herritarrek izena eman beharko dute –honako lotura honetan–, baita Larrabetzura autobusez joan nahi dutenek ere; horiek hamabost euro ordaindu beharko dute. Azaroaren 21a, astelehena, izango da izena emateko azken eguna.