Astelehenean jarriko dituzte salgai Azpeitia Zaindu kanpainaren barruko bonu berriak

Nagore Alkorta alkatea eta Bertan merkatarien elkarteko ordezkariak, Azpeitia Zainduren barruko bonu kanpaina berriaren kartelekin. (Azpeitiko Udala)

50 euroko balioa izango duten 1.835 bonu aterako dituzte udalak eta Bertanek kanpainaren aldi berrian, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietan erabiltzeko. 35 eurotan salduko dituzte bonuak, pertsona bakoitzak gehienez bi eskuratu ahalko ditu, eta 2023ko urtarrilaren 5a arte erabili ahal izango dira bonuak kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan. Azaroaren 14an, kanpainaren lehen egunean, aurrez aurre erosi ahal izango dira bonuak Azoka Plazan; horrez gain, azpeitiazaindu.eus webgunean jarriko dituzte salgai.

Urte amaieratik gertu eta Gabonen bezperetan, Azpeitia Zaindu kanpainaren aldi berria aurkeztu dute Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatarien elkarteak. Datorren astelehenean, azaroaren 14an, jarriko dute salgai herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiei bultzada ematea zein herritarrei tokiko saltokien ekonomia sustatzeko pizgarria eskaintzea xede dituen kanpainaren barruko bonu sorta berria. 2020an, COVID-19aren etorrerak sortutako kalteei aurre egiteko, jarri zuten martxan Azpeitia Zaindu. Ordutik hona berritzen joan dira bonu salmenta aldiak; orain datorrena 2022ko bigarrena izango da, aurrekoa joan den udaberrian egin baitzuten.

50 euroko balioa izango duten 1.835 bonu aterako dituzte aldi honetarako udalak eta Bertanek, kanpainarekin bat egiten duten herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietan erabiltzeko. 35 eurotan salduko dituzte bonuak, pertsona bakoitzak gehienez bi eskuratu ahalko ditu –norberaren izenean zein beste pertsona baten izenean erosi ahal izango ditu, gehiago ez–, eta 2023ko urtarrilaren 5a arte erabili ahal izango dira bonuak. Gainera, eta joan den maiatzeko kanpainan egin bezala, aurten 18 urte betetzen dituzten herritarrek 15 euroko bonua jasoko dute, eskatu beharrik gabe. Gazteak ere herrian kontsumitzearen garrantziaz jabetzea eta horretara bultzatzea da ekintza horren helburua; kanpainaren barruko kanpaina horren onuradunek gutun bidez jasoko dituzte etxean xehetasun guztiak.

Azaroaren 14ko 09:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira bonuak azpeitiazaindu.eus webgunean. Kanpainaren lehen egun horretan bonuak aurrez aurre erosteko aukera ere jarriko dute, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara, Azoka Plazan; aurrez aurre salgai jarriko dituzten bonuen %70 goizez jarriko dituzte salgai, eta gainerako %30a arratsaldez saltzeko gordeko dute.

Aurrekoetan bezala, Azpeitiko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresa guztiak batu daitezke Azpeitia Zaindu kanpainara. Aurrez egin diren bonu kanpainetan parte hartu izan duten establezimenduak "automatikoki" hartuko dituzte parte hartzailetzat oraingoan ere. Lehen aldiz parte hartu nahi dutenek, berriz, Bertanekin jarri beharko dute harremanetan, eta eskaera orria bete azaroaren 11 baino lehen; horretarako, 943-02 56 73 edo 688 82 39 44 telefono zenbakietara deitu, edo bertan.azpeitia@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar dute.

"Hemen erosi, hemengoa indartzeko"

"Tokiko ekonomiaren alde egiteko gonbidapena" egin die herritarrei Nagore Alkorta alkateak bonu kanpaina berriaren aurkezpenean: "Tokian tokiko ekonomia eta erosketak bultzatzea ezinbestekoa da. Herriko merkataritza edo ostalaritza txikiaren alde egitea herriaren alde egitea da. Horregatik, bonu kanpaina hone bidez, beste behin, erosketak herrian bertan egitea bultzatu nahi dugu". Udalak 30.000 euro bideratuko ditu, guztira, bonu kanpaina berrira. "Herritarren ekarpenekin batera, ia 100.000 euroko eragin ekonomiko zuzena izango du herriko merkataritzan" kanpainak, erakundeak jakinarazi duenez.

Aurkezpenean parte hartu duten Bertaneko batzordekideek ere ildo beretik hitz egin dute. Haien esanetan, "bertako ekonomia bultzatu behar dugu, hemen erosi, hemengoa indartzeko. Herritarrok egin dezakegu Azpeitiko ekonomia indartsu gure erosketa erabakiekin". Bertanekoek ere egin diete herritarrei eskaera: "Pandemiaren azken urte gogor hauetan barneratutako laguntasun eta elkartasun balioak bideratu ditzagun herria eta bertako saltokiak indartzera".

Bonu salmentaren xehetasunak

Hauek dira datorren astelehenean hasiko den bonu salmentaren gaineko jakingarriak:

  • 50 euroko balioa duten 1.835 bonu jaulkiko dira.
  • Bonu bakoitza 35 eurotan erosi ahal izango da, eta kanpainari atxikitako Azpeitiko establezimenduetan kontsumitzeko 50 euroko balioa izango dute bonuek.
  • 16 urtetik gorako herritarrek erosi ahal izango dituzte kanpainako bonuak, eta pertsonako bi bonu eros ahal izango dira gehienez; norberaren izenean zein beste pertsona baten izenean erosi ahal izango dira bonuak, gehiago ez.
  • Bonu bakoitzak 10 euroko bost txartel izango ditu, eta txartel horiek banaka erabili ahal izango dira. 10 euroko txartel bakoitza behin bakarrik erabili beharko da. Erosketaren zenbatekoa txartelaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, aldea ez da eskudirutan itzuliko, eta bonuak ezingo dira diruagatik trukatu.
  • Erosketa berean gehienez lau bonu (20 txartel) pilatu ahal izango dira. Bonuak ezin direnez eskudirutan trukatu eta bonuaren zenbatekoa ez denez inola ere itzuliko, produktua itzultzen bada, establezimenduak erosketaren zenbateko osoaren bonu propio bat jaulki beharko du.
  • Azaroaren 14ean jarriko dituzte bonuak salgai, eta 2023ko urtarrilaren 5a arteko balioa izango dute.
  • Herritarrek aurrez aurre (Azoka Plazan, astelehenean, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara) zein online (azpeitiazaindu.eus webgunean, asteleheneko 09:00etatik aurrera) erosi ahalko dituzte bonuak. Aurrez aurre, salgai jartzen diren bonuen %70 goizean eskainiko dira, eta bonuen %30 arratsaldean saltzeko gordeko dira.