Plazak utziko ditu Beñat Lizaso bertsolariak

Julene Frantzesena 2022ko aza. 9a, 14:13
Beñat Lizaso bertsolaria.

Bertsolari aldizkariak egiten duen #Makarrizketak saioan eman du erabakiaren berri azpeitiarrak. 2019an parte hartu zuen azken aldiz txapelketetan, eta orduan iragarri zuen horiek utziko zituela. Hiru urtera plazak ere uzteko erabakia hartu du. Hala esan du: "Atea ixteko garaia iritsi da, eta giltzaz ixtekoa, gainera".

Plazak utziko ditu Beñat Lizasok (Azpeitia, 1982). Bertsolari aldizkariak egiten duen #Makarrizketak podcasteko bigarren ataleko protagonista izan da azpeitiarra, eta han eman du erabakiaren berri. Konparaketak izena jarri dio hark audioari, konparazioez aritu delako; Lizaso abizena edukitzearen pisuaz, horrek zabaldutako ateez nahiz aurrez aurre aurkitu dituen oztopoez jardun du zehazki.

2019an, Gipuzkoako Txapelketako finalaren atarian Uztarriari eskainitako elkarrizketan esan zuen Lizasok hura izango zela bere azken txapelketa, eta orain beste pauso bat eman du. Hala azaldu du podcastean: "Atea ixteko garaia iritsi da, eta giltzaz ixtekoa, gainera. Mila esker, oholtzakide eta bertsozale guztiei".

Lizasok ibilbide oparoa egin du bertsolaritzaren munduan, txapelketetan nahiz bestelako plazetan. Lau aldiz parte hartu du Gipuzkoako Txapelketan, eta azken aldian, 2019an, finalean aritu zen aurreneko aldiz. Bertsolari Txapelketa Nagusian, berriz, 2013an eta 2017an aritu zen. Izatez, duela lau urte Gipuzkoako lehiako finalean aritu zenez, oraintsu jokatzen ari diren txapelketa nagusian jarduteko txartela lortua zuen Lizasok, baina ez parte hartzea erabaki zuen.

Hona hemen Beñat Lizaso protagonista den #Makarrizketak podcastaren bigarren saioa: