Baigera jubilatuen elkarteak arteterapia tailerra antolatu du

Andoni Elduaien 2022ko aza. 9a, 11:43
Arteterapia saio bateko irudia.

Musikak lagunduta, material artistiko desberdinak esperimentatzeko aukera izango dute tailerrean izena ematen duten herritarrek. Azaroaren 22tik abenduaren 27ra bitartean, asteartero eskainiko dituzte saioak. Izen-ematea datorren astelehenean irekiko dute eta zabalik egongo da hilaren 21era bitartean.

Baigera jubilatuen elkarteak, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean, arteterapia tailerra antolatu du. Azaroaren 22tik abenduaren 27ra bitartean gauzatuko dute ikastaroa jubilatuen elkartean bertan, eta guztira, bost saio egingo dituzte. Irantzu Iturbek bideratuta, bi orduko saioak egingo dituzte asteartero, 16:00etatik 18:00etara bitartean.

Izena emandako herritarrek material artistiko desberdinak esperimentatuko dituzte tailerrean musikak lagunduta. Hein batean, sormena modu librean adierazteko aukera izango dute parte hartzaileek, besteak beste, pintura, buztina eta collagea landuz. "Emozioekin konektatu, sentsorialitatea piztu, irudimena landu, gorputza aktibatu eta taldeko giroan elkarrekin disfrutatzeko aukera izango dute izena emandako lagunek", azaldu dute antolatzaileek.

Izena Baigera jubilatuen elkartean eman beharko da, hara joanda edo 943-81 51 71 telefono zenbakira deituta. Informazio gehiago jaso nahi duenak iarteterapia@gmail.com posta elektronikora idatz dezake edo 648 08 62 66 telefono zenbakira deitu.