40. Euskal Antzerki Topaketak

Euskal Antzerki Topaketen 40. aldia ospatzeko, 40. Topa ekitaldia egingo dute larunbatean

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 10a, 09:00
Antzerki Topaketen ibilbideko irudi bat. (IƱaki Aranburu)

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketek 40. aldia dute aurten, eta hori ospatzeko, ekitaldi berezia egingo dute larunbatean, 12:00etan hasita, Dinamoa sormen gunean. Topaketen ibilbidearen parte izan diren herritarrak omentzea izango da saioaren helburua. 

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketek 40. aldia dute aurten, eta hori ospatzeko, ekitaldi berezia egingo dute larunbatean, Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak antolatuta. Dinamoa sormen gunean izango da saioa, 12:00etan hasita. 40. Topa izena jarri diote ekitaldiari, eta Antzerki Topaketen ibilbidearen parte izan diren herritarrak omentzea izango da saioaren helburua. Era berean, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak Wikipediako orrialdea sortu dute, urteotan Topaketei lotuta sortu den informazioa digitalitzatzeko, eta proiektu horren nondik norakoak azalduko dituzte. Gainera, mural bat osatzen ari dira urteurrena ospatzeko, eta herritarrei erakutsiko diete ekitaldian. Era berean, Soreasuko pasabidea nola apaindu duten ere azalduko dute.

Udala zein Kulturaz kooperatiba Euskal Antzerki Topaketen 40 edizioetan parte hartu duten antzerkizale, aktore, zuzendari edo bestelakoak gonbidatzen ari da ekitaldira banan bana. Dena den, lan hori ez dela "erraza" adierazi dute. "Izan ere ehundaka izan dira oholtzaren bueltan bere hondar aletxoa jarri duten azpeitiarrak, eta ez da erraza denen arrastoa ateratzea. Horregatik, publikoki ere gonbidatu nahi ditugu hitzordura Azpeitiko antzerkizale, antzezle eta bestelako guztiak".

Saioa irekia izango da, beraz, eta herritarrak animatu dituzte bertan parte hartzera. "Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen 40. edizio hau abagune egokia da orain arte urratutako bideari begiratu eta egindako lana balioan jartzeko. Antzerkizaleok elkar topatzeko, eskertzeko eta aurrera begirako indarrak biltzeko hitzordu bat izango da. Egin dezagun topa!", azaldu dute antolatzaileek.