Ainhoa Etxaide: "Inor ez dago prekarietatetik salbu, momentuan soldata edo lan baldintza egokiak eduki arren"

Julene Frantzesena 2022ko aza. 8a, 11:22
Ainhoa Etxaide. (EITB)

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusi ohiak eta sindikatu horretako kideak hitzaldia eskainiko du bihar, Sanagustin kulturgunean. Elkar-ekinek antolatuta, Prekarietatearen orokortzea. Zer datorkigu? izenburupean ariko da. Saioaren aurretik, prekarietateaz eta horren orokortzeaz hainbat gako eman dizkio hark Uztarria.eus-i.

Langileen erosahalmena galtzen ari da. Zer ari da gertatzen?

Gertatzen ari dena aspaldidanik dator, baina orain egin da benetan bistakoa, bizitzaren garestitzea dela eta. Duela hainbat urte baino gutxiago irabazten dugula orain ari gara nabaritzen, eta orain ari gara ikusten zenbateko aldea dagoen gure soldaten eta bizitzaren garestitzearen artean. Garrantzitsua da pobretzen gaituena ez dela KPIa azpimarratzea; hau da, arazoa ez da KPIa zenbatean dagoen. Izan ere, KPIa bere onera etorri arren, hor jarraituko du egiturazko arazoak: soldatak gero eta urriagoak dira, eta aberastasuna gero eta gutxiago banatzen denez, txikiagoa da langileen eskuetara iristen den zatia. Datu zehatzak ezin ditut eman, buruz ari naizelako, baina duela 20 urte sortzen zen aberastasun guztiaren %52 geureganatzen genuen langileok; egun, %49 baino gutxiago. Aberastasuna sortzen da, epe jakin gutxi batzuk izan dira hazkunde gabekoak, baina guk gutxiago irabazten dugu, gutxi batzuek askoz ere gehiago bereganatzen dutelako.

Soldatak gero eta eskasagoak direla salatu duzu, eta lanari duen balioa ez zaiola ematen ere bai. Zergatik?

Sortzen den aberastasuna bi bidetatik iristen da langileengana: zuzenean, soldaten bidez; eta zeharka, prestazioen eta zerbitzu publikoen bidez. 2008ko krisia lehertu zenean, mundu mailako krisi orokorraren erdian, gehiegizko soldatak genituela eta hori enpresek aurrera egiteko arazoa zela esan ziguten. Horrez gain, herritarren oinarrizko eskubide sozialei eusteko nahikoa diru publiko ez zegoela adierazi zuten. Baina arazoa ez zela ekonomikoa salatu genuen behin eta berriro, Euskal Herrian bazirelako guztion bizi baldintzak ziurtatzeko adina baliabide. Prestazio sozialei lotuta jazotzen den iruzurrean jarri zen fokua eta horren bueltan eratu zen diskurtsoa, aberatsen ondasunei eta irabaziei lotuta askotan izan ohi den iruzur fiskalari erreparatu ordez. 

Krisia baliatu egin zuten, beraz?

Krisia baliatu zen langile asko eta asko kaleratzeko, eta ondoren, lanpostu horiexek baldintza kaskarragodun kontratuen bidez betetzeko. Zer esanik ez pentsio sistema publikoaren kontrako eraso iraunkorraz: hamaika bide eta baliabide erabili dituzte soldatak, prestazioak eta zerbitzu publikoak murrizteko; hamaika bide erabili dituzte lanaren benetako balioa gutxitzeko eta enpresa handiek, sistema finantzarioek edota merkatuaren jabeek egiten dutena goraipatzeko. Hori da beren interesak babesteko eta horiek langileen interesen gainetik jartzeko erabilitako diskurtsoa: langileok ordezkagarriak gara, baina enpresak ez. Hori ez da horrela, ordea. Izan ere, langilerik gabe ez dago jarduera ekonomikorik, ez zaintzarik, ez etorkizun ekonomikorik. Enpresa pribatuak falta baldin badira ere, egon daitezke enpresa publikoak, inbertsio publikoak, politika publikoak...

Prekarietatea arazo larri bilakatu da gizartean. Zer egin beharko litzateke horri aurre egiteko?

Luzea eta konplexua izango da egiturazko prekarietatea sortzen duen eta hari esker hazten jarraitzen duen sistema ekonomikoa aldatzeko egin beharreko bidea, baina are zailagoa da herria baliabiderik gabe uzten duen ekonomiarekin inolako etorkizun duinik lortzea. Kapitalismo basatiarekin mundua nola agortzen den ikustea kapitalismoa gure ekimenez aldatzen dugula ikustea baino errealagoa dela sinetsarazi digute. Benetako urratsa gauzak alda daitezkeela sinestea dela uste dut, aldaketa gure esku dagoela barneratzea, eta prekarietatearen kontra egiteko erantzukizun kolektibo irmoa bilakatzeko konpromisoa hartzea.

Nola egin daiteke hori?

Urgentziazko neurriekin bazterrera botatako guztiak babesten hasita, pobreziaren auzia eztabaida publikoaren erdigunera ekarrita. Zerrenda ditzagun zeintzuk diren Euskal Herrian onartuko ez ditugun prekarietate egoerak, zero pobrezia politikak exijitzeko. Enplegutik eta lan merkatutik haratago, ikus dezagun prekarietatera zerk kondenatzen gaituen: etorkina izateak, zaintzailea izateak, pertsona bakarreko familia izateak, ondasun propiorik gabeko familiako seme-alaba izateak... Errealitate horiek prekarietatea betikotzen dute, eta konponbidea ez da errealitate horiek existitzeari uztea, baizik eta politika egokiak egitea, bakoitzak behar duena kontuan hartuta.

"Kapitalismo basatiarekin mundua nola agortzen den ikustea kapitalismoa gure ekimenez aldatzen dugula ikustea baino errealagoa dela sinetsarazi digute"

Prekarietatea eta pobretzea hedatzen ari dira. Zergatik?

Lan baldintza kaskarrak edukitzea baino askoz ere gehiago da prekarietatea. Prekarietatearen funtsezko ezaugarri edo aldagaia da prekarietatean dagoen pertsonari egoera gainditzeko baliabide oro ukatzen edo lapurtzen zaizkiola. Egoera prekarioan lan egiten duenak ez du bere lan eskubideen alde borrokatzeko aukerarik, kaleratzeko mehatxua hor dagoelako. Sektore feminizatuetan prekarietatea soldatetan ikusten da, baina borrokatzeko zailtasunek eta oztopoek zapuzten dituzte soldatak hobetzeko ahaleginak. Errealitate horiek ez dira eredu ekonomikoaren eta sozialaren albo kalteak edo hutsegiteak. Horixe da sistema ekonomikoaren biziraupena eta hori betikotzea posible egiten duen eredu sozioekonomikoa. Prekarietatea egiturazkoa ez ezik, gero eta hedatuagoa eta sakonagoa da, eta pobrezia arriskua etengabe ari da hazten.

Prekarietateak milaka aurpegi dituela esan izan da. Zein dira kolektibo kolpatuenak?

Eskubideak –sozialak, laboralak, zibilak edo politikoak– izan dira prekarietatearen harresi gure jendartean. Lan eskubideek ziurtatzen dute baldintza egokietan lan egitea, eta eskubide sozialen muinean dago, baliabide urriak dituzunean, pobrezia arriskutik urruntzea. Eskubide horietara, baina, ez gara guztiok modu berean iritsi, eta oraindik orain, eskubide horiek ez daude askoren eskura. Horregatik kolpatzen ditu prekarietateak bereziki kolektibo eta sektore sozial zehatz batzuk. Adibidez, lana sexuaren arabera banatzeak ekarri du zaintza emakumeen lana izatea; izan ere, kapitalismoak hasieratik eragin du lan horiek aitortzarik eta balio ekonomikorik ez izatea, espazio pribatuko zerbait izatea, eta lan eskubideak ez dira etxeetara iristen, horiek lantokietan dute indarra. Beraz, lana bai, baina soldatarik ez, ez momentuan, ez etorkizunean, enplegua baita pentsioa eskuratzeko bide nagusia.

Zaintza lanak dira, beraz, prekarietatearen adibiderik argienetakoak?

Zaintza guzti-guztiok behar dugu. Emakume langile guztiak izan dira eta gara zaintzaileak, aipatutako baldintzetan lan eginda edo lanaldi bikoitzean arituta. Horregatik du prekarietateak emakumeen aurpegia edo emakumeek aurpegi prekarioa izan ohi dugu eguna amaitzean. Zer esanik ez migrazioari buruz. Eskubide zibilik eta politikorik gabe ezinezkoa da lan eskubideak izatera iristea. Kasu horretan, lana da eskubide zibilen jabe egiten zaituena eta hori da prekarietatearen alderik bortitzena. Lan egitera behartua ez ezik, zapalkuntzaren aurrean inolako babesik gabe eta ziurgabetasun handiarekin bizi dira herritarrak.

Hori hala dela erakusten duen daturik ba al duzue eskuen artean?

Eusko Jaurlaritzatik eta Nafarroako Gobernutik jaso ditugu pobretze prozesuaren azken datuak, eta bi erakunde horiek bazterketa sozialari aurre egiteko plan berriak aurkeztu dituzte azken asteetan. Gainera, kaleratu berri duten Arope txostenak edota Caritasek egin ohi duenak ere hori horrela dela erakusten dute. Klima aldaketaren negazionistak gehienontzat lekuz eta garaiz kanpo dauden toki berean jarri behar genituzke pobreziaren neurria eta dimentsio politiko zein soziala ukatzen dutenak. Beti gauza bera esaten dugula dirudi batzuetan, baina beharrezkoa da pobrezia agenda politikoan jartzea, errealitatearen gordintasuna ezkutatzeko erabiltzen diren esamoldeak saihestuta. Energia pobrezia adiera erabiltzen dugu, adibidez, negua berogailurik gabe pasatuko duten herritarrek bizi duten egoera izendatzeko. Berogailua jartzerik ez duenak ez du oinarrizko premiei eusteko aukerarik, ez du bizi baldintza egokirik, ez du bizi proiektu duinik eraikitzeko paradarik. Hori pobrezia da, bazterketa soziala eragiten duen eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen den pobrezia.

"Pobreak gero eta pobreago, eta aberatsak gero eta aberatsago". Azkenaldian asko entzuten den esaldia da. Ez al da erdibide posiblerik?

Aberastasuna banatzea borroka luze baten emaitza izango da. Banaketa horrek emango digu gaur egungo desberdintasunak gainditzeko eta arazo sozialei politika publiko eraginkorrekin aurre egiteko aukera, jendarte eredu ezberdin bat errealitate bihurtuko duten prozesuak abiatzekoa. Prozesu oso bat izango denez, eta interes ezberdinak beti egongo direnez, urrats asko erdibidekoak izango dira eta urrats askoren emaitzek erdibidean utziko gaituzte; edo hori irudituko zaigu askori. Baina finean, ez daude erdian elkar aurkitzeko eremu posiblea duten bi aukera ezberdin. Kapitalismo basati honi bere bidea egiten jarraitzen uztea ez da aukera bat, ez klima krisiari begiratuz gero, ez sortzen dituen larrialdi sozialak eta ekonomikoak kontuan hartuta. Ez da aukera bat, geroz eta gehiago baikara kapitalismoan ongi bizitzeko aukera ematen duen erdigunetik kanporatutakoak.

Ez dago erdibiderik, beraz?

Ez. Beste bide bat hartuz gero sortuko dira egoera berriak, baina egoera ez dugu goitik behera egun batetik bestera aldatuko. Zaintza eskubide bat dela aitortuz gero, zaintzarako euskal sistema publiko eta komunitario bat sortzea litzateke aukera bat, adibidez. Erdibiderik ba al da gaurko zaintza ereduaren eta bizitzaren sostengarritasunean oinarritzen den eredu sozioekonomikoaren artean? Nire ustez, ez. Gaur dugunetik abiatuta, eredu berri baterako bidean oinarrizko lurzoru berria ezarriko duen proposamena da, zaintza lanetan aritzeagatik sozialki eta ekonomikoki zigortuak izan diren emakumeen egoerari irtenbidea emango diona.

"Gizona izatea ez da bermea prekarietatearen aurrean, horiek emakumeek baino aukera gehiago edukitzea ziurtatuta duten arren"

Prekarietatearen orokortzeaz ari zarenean, zer esan nahi duzu?

Batetik, nekez aurkituko dugula prekarietatetik salbu dagoen sektorerik edota lanbiderik. Ikusten ari gara mila euro kobratzen dituzten ingeniariak, ikusten ari gara prekarietate prozesua zerbitzu publiko guztietan hedatu dela. Lehen gazteriaren arazoa zena orain belaunaldi guztiena da. Generoaren aldagaia jasotzen ez duten prekarietateari buruzko azterketek errealitate asko ezkutatuko dituzte, baina gizona izatea ez da bermea prekarietatearen aurrean, horiek emakumeok baino aukera gehiago edukitzea ziurtatuta duten arren. Orokorra da arazoa, lan mundu guztia eta langile guztiak bustitzen dituelako jada. Bestetik, ordea, orokortze prozesua prekarietatearen dimentsioari lotuta dago. Prekarietatea soldatari eta lan baldintzei lotuta ulertu eta aztertu dugu (sindikalgintzak zabaldutako terminoa delako batik bat), baina prekarietatea bere osotasunean aztertu behar da.

Nola?

Parte hartze sozialerako biderik ez edukitzea, zure burua babesteko eta zure interesak defendatzeko bitartekorik ez izatea, enpleguaren bidez lortzen diren eskubide sozialetara iristeko inolako aukerarik ez edukitzea, bazterketa sozialetik ateratzeko benetako biderik ez izatea... Prekarietatea sistema oso bat da, dominazio sistema bat, orokorrean gure bizitza baldintzatzen duena. Inor ez dago prekarietatetik salbu –ez indibidualki, ez kolektiboki– momentuan soldata edo lan baldintza egokiak eduki arren.

Lan prekarioak asko ugaritu al dira azken urteetan? Horrek nola eragin du gizartean?

Dagoeneko badiren lanpostuen prekarizazioaz gain, lanpostu berriak prekarietatea ardatz duen lan munduan sortzen dira, eta gainera, lan munduan ematen ari diren hainbat prozesu (digitalizazioa, robotizazioa, belaunaldi aldaketa...) prekarietatea zabaltzeko baliatzen ari dira. Horrek eragin zuzena du baldintza prekarioetan lan egiten duenaren bizitzan, gu guztion bizimoduetan, eta gure herriaren ohituretan, kulturan... ere bai. Izan ere, bi prozesu basati bizi ditugu: batetik, geroz eta bitarteko gutxiago ditugu eskura; eta bestetik, geroz eta handiagoa edo zabalagoa da merkatuak gure bizitzetan hartzen duen espazioa. Dena dago merkantilizatuta, merkatuan bizirautea geroz eta zailagoa da, eta hori gure parte hartze soziala kontsumitzeko dugun gaitasunaren araberakoa da gehienetan. Prekarioa izatea oso-oso bortitza da merkatuaren diktaduran, bai norbanakoen ikuspegitik, bai langileen ikuspegitik, baita burujabetzarik gabeko herri txikia izanik ere.

Zer aurreikusten duzu gertatuko dela?

Krisi guztietan gauza bera gertatzen da: egoera okerrena krisia amaitu dela esaten digutenean antzematen dugu. Interes tasak igotzen ari dira inflazioari aurre egiteko, baina inflazioa bere onera etortzen bada, zer gertatuko da tasa horiekin? Zorpetze maila ezagututa, neurri horrek hipoteketan eragingo dituen ondorioak zenbaiten hondamendia izan daitezke. Ez dakit epe motzean zer gertatuko den, baina beste behin, hartzen diren neurriek momentuari erantzuten diotela esango digute, gure kaltetan. Luzera gerta daitekeenari buruz, berriz, zera: etorkizunari aurre egiteko zer egingo dugun erabakitzeko eztabaida nagusituko dela pentsatu nahi dut. Eredu sozioekonomiko honetan bapo bizi den jendea badagoela ezin da ukatu, ongi bizitzeko baldintzetan denik badela ere bistakoa da, baina gehien-gehienok ditugu bestelako eredu baten alde egiteko arrazoiak. Ez soilik gure seme-alabekin pentsatuz gero; izan ere, gehiago kezkatzen nau bizitza guztia zaintza lanetan aritu diren gure amek pentsio eskubiderik ez izateak. Ez da etorkizunari begira egin beharreko hautua, orain eta hemen baditugu eredu desberdin baten alde egiteko arrazoiak eta premia. Hori da eztabaida.