Piaspe proiektu eolikoa

Piaspe proiektu eolikoaz hitz egiteko bilera erronda hasiko du udalak egunotan

Julene Frantzesena 2022ko aza. 7a, 15:11
SaƱoako irudi bat.

Erakundeak azaldu duenez, energia trantsizioaz eta Statkraft enpresak Azpeitiko, Zestoako nahiz Errezilgo lurretan eraiki nahi duen proiektu eolikoaz hitz egiteko egingo ditu bilkurak. Gainera, 500 herritarren iritzia telefono bidez jasoko du erakundeak, eta herriko enpresekin ere jarriko da harremanetan.

Piaspe proiektu eolikoari buruzko batzarrean Udal Gobernuko ordezkariek eta haren ostean Uztarria.eus-ek egindako elkarrizketan Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak aurreratu zuten bezala, Azpeitiko Udalak herritarrekin eta eragileekin bilera erronda hasiko du egunotan. Erakundeak Twitterreko txio kate baten bidez azaldu duenez, energia trantsizioaz eta Statkraft enpresak Azpeitiko, Zestoako nahiz Errezilgo lurretan eraiki nahi duen proiektu eolikoaz hitz egiteko egingo ditu bilkurak.

Udalak ez du zehaztu zein izango den bilera horien egutegia, baina bilera erronda horrez gain, ausaz hautatutako 500 azpeitiarren iritziak telefono bidez jasoko dituela ere adierazi du. Bestalde, herriko enpresekin harremanetan jarriko dela jakinarazi du erakundeak, horiek energiarekin dituzten "arazoen eta beharren" berri jaso ahal izateko.