Garaipenik ez Lagun Onakentzat

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 5a, 19:48
Lagun Onaken eta Ostadarran arteko partidako une bat. (Ihintza Elustondo)

Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldeak  1 eta 3 galdu du Ostadarren aurka. Espainiako Hirugarren Mailako taldeak, bestalde, Pasaiaren aurka neurtu ditu indarrak, eta hutsean amaitu da partida.

Lagun Onak futbol klubaren bi talde nagusiek gaur, larunbata, jokatu dituzte asteburu honetako neurketak. Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldeak Ostadar hartu du etxean; 15:30ean hasi da partida, Garmendipe futbol zelaian. Lagun Onakek ezin izan du garaipenik eskuratu. 0 eta 3 jarri da aurretik Ostadar, eta markagailuari buelta ematea zeregin zaila bilakatu da etxekoentzat. Dena den, 63. minutuan Lagun Onaken gola iritsi da, Maialen Aiertzaren eskutik. Ordutik aurrera, etxekoak gehiago izan dira jokoan, baina ezin izan dute beste golik sartu, eta beraz, punturik gabe konformatu behar izan dute. Gaur-gaurkoz, hamalau punturekin, seigarren postuan da Lagun Onak.

Bestalde, etxetik kanpo aritu da Espainiako Hirugarren Mailako taldea. Pasaiaren aurka neurtu dituzte indarrak gizonek, eta gaurkoan, hutsean amaitu da neurketa. Horrenbestez, puntu bakarrarekin etorri da Azpeitira taldea. Une honetan, bederatzi punturekin, hamahirugarren postuan da Lagun Onak.