Herritarren ekarpenak jasotzen hasi da udala, 2023rako udal aurrekontuak osatzeko

Anartz Izagirre 2022ko aza. 6a, 08:45
Nagore Alkorta, Leire Goenaga eta Aitor Bereziartua, herrian zehar jarriko dituzten postontzietako batekin. (Azpeitiko Udala)

Eragileek zein norbanakoek ekarpenak egiteko aukera izango dute datorren azaroaren 20a bitartean, horretarako herrian jarritako zenbait postontzitan zein telematikoki. Erakundearen esanetan tokiko ekonomia sustatzea eta "inor atzean ez uztea" izango dira helburu nagusiak. Bestalde, urrian zehar aurrekontuak osatzeko bilerak egin ditu udalak auzoetan.

Azpeitiko Udalak martxan jarri du 2023. urteko udal aurrekontuak osatzeko eta urteko erronkak definitzeko prozesua, eta herritarrek beren ekarpenak egin eta proiektuak proposatu ahal izateko aukera ezarri du. Beraz, herriguneko biztanleek zein eragileek —landa eremuko auzotarrekin urrian bildu da udala— beren ekarpenak egiteko aukera izango dute azaroaren 20a bitartean, eta horretarako, etxez etxe aurrekontuen inguruko eskuorria banatuko du udalak, eta paperean zein telematikoki izango dute herritarrek ekarpen horiek egiteko aukera. Alde batetik, udaletxean, igerilekuan, epaitegiaren atzean eta anbulatorio aurrean postontziak jarriko ditu ekarpenak paperean egin nahi dituenarentzat; eta, bestetik, udalaren webgunearen bitartez telematikoki egin ahal izango dira ekarpenak.

Erakundeak nabarmendu du "egoera ezegonkorra" dela hizpide datorren urteko aurrekontuen prozesuan, besteak beste, oinarrizko produktuen, energiaren eta bestelako materialen prezioen gorakadak "egoera ezohikoa" sortu duelako: "Egoera berezi honek aurrekontuetan lehentasunak ongi zehaztera eta aurreikuspenak ahalik eta ondoen egitera garamatza. Zuhurtziaz eta zorroztasunez begiratuko diegu oraingoan ere aurreikusitako gastuei eta lehentasuna emango diegu kalitatezko zerbitzuen bidez okerren pasatzen ari diren sektoreei laguntzeari, inor atzean ez uzteko", azaldu du Nagore Alkorta alkateak.

Ekonomia, enplegua eta gizarte babesa

2023ko udal aurrekontuen helburu nagusiak tokiko ekonomia sustatzea eta "inor atzean ez uztea" izango direla nabarmendu du alkateak: "Garai ezegonkorrak bizi ditugu, eta berdintasun soziala lortzeko eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko lanean jarraituko dugu proiektu estrategikoak bultzatuz. Horrez gain, demografiaren bilakaerak eta gizartearen zahartzeak ekarriko dituen erronka berriei begira ere egingo ditugu aurrekontuak. Politika publiko eraginkorrak eta sozialak egiteko oinarriak jarri nahi ditugu aurrekontuen bidez".

Horrez gain, ekonomia eta kalitatezko enplegua bultzatu nahi ditu udalak. Horretarako, ekonomia sustatzen jarraitzeko dirulaguntza lerroa mantenduko dute: "Zuhurtziaz aritzeko unea da. Etorkizunera begira erronka eta zailtasun berriak agertzen ari dira. Egoera sozioekonomiko ezegonkorra eta aldagai askoren menpekoa bizi dugu, galderaz betea. Horregatik, ekonomia sustapenerako sektore ezberdinei laguntzeko konpromisoari helduko diogu. Era berean, orain artean bezala, langabeziari, eta, batez ere, gazteen eta emakumeen langabeziari aurre egiteko baliabideak eskaini nahi ditugu".

Udal Gobernuak dagoeneko egin du lehen Ogasun Batzordea, eta hil honetan arloz arloko batzordeekin biltzeko asmoa du, sail bakoitzeko proiektuen eta aurrekontuen lanketa egiteko nahiz udal teknikarien zein oposizioaren ekarpenak jasotzeko. 

Auzotarren eskaerak jasota

Herriguneko herritarrek zein eragileek orain dute garaia aurrekontuen inguruko ekarpenak egiteko, baina auzotarrek urrian ere izan dute horretarako aukera. Izan ere, Aitor Bereziartua zinegotzia landa eremuko auzoetako bizilagunekin elkartu da urrian zehar, haien ekarpenak jasotzeko. "Landa eremuko auzoek dituzten berezitasunak tarteko, auzoz auzo lantzen dira eremu horietako bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko proiektuak", dio hark.

Aurten, Urrestillako, Nuarbeko, Aratzerrekako, Lasaoko eta Elosiagako auzotarrekin bildu da Bereziartua, eta hark zehaztu duenez azken urteetan baino jende gehiago bildu da aurtengo bileretan. "Poztekoa da auzotarrak bileretara etortzea", dio. Behin bilerak bukatuta, ekarpen horiek errepasatu eta 2023ko udal aurrekontuan txertatzeko modua aztertzen ari da udala.