Urari arreta jarrita egingo dituzte III. Ingurumen Jardunaldiak

Ane Olaizola 2022ko aza. 5a, 09:00
Ibai Eder urtegia.

Naturak zaintzen gaitu lelopean, guztira lau dokumental zein hitzaldi eskainiko dituzte Azkoitian zein Azpeitian. Azpeitiko saioa hilaren 15ean izango da, eta Joserra Diez Biologian doktoreak Berezko basoen ekarpena hitzaldia eskainiko du. Uraren, klima aldaketaren edota ibaietako ekosistemen funtzionamenduaren inguruan hitz egingo du hark, Ibai Eder urtegiari aipamen berezia eginda.

Urola Bizirik taldeak Azkoitiko eta Azpeitiko udalen laguntzarekin antolatuta, Ingurumen Jardunaldiak egingo dituzte hirugarrenez datozen egunetan. Naturak zaintzen gaitu lelopean, guztira lau dokumental zein hitzaldi eskainiko dituzte Azkoitian nahiz Azpeitian. Antolatzaileek, aurtengoan, urari eskaini nahi izan diote arreta, eta gai hori landuko dute saio gehienetan.

Hilaren 9an, asteazkenez, hasiko dira Ingurumen Jardunaldiak, eta Begoña Zubiak zuzendutako Urak aske dokumentala eskainiko dute Azkoitiko Elkargunean, 19:00etan hasita. Artikutzan dagoen Enobietako (Nafarroa) eta Normandian dagoen Vezinseko urtegiak (Frantzia) nola hustu dituzten kontatzen du ikus entzunezkoak. Elhuyar fundazioak egin du dokumentala, Pixel ekoiztetxearekin elkarlanean, eta Presak kendu, ibaiak berreskuratu leloa du lanak.

Hurrengo saioak ere Elkargunean izango dira, eta Javier Arenas azpeitiarrak 2018an ondu zuen Urola ibaia dokumentala eskainiko dute hilaren 10ean eta 11n. Urolaren historia eta ibaiak duen bizia kontatzen du lanak, eta herriko ikastetxeetako ikasleentzat izango dira bi emanaldiak.

Hilaren 15ean, berriz, Berezko basoen ekarpena hitzaldia eskainiko du Joserra Diezek, Azpeitiko Baigeran, 19:00etan. Diezek zein Estibaliz Sarrionandiak Azpeitiko ingurune naturalen katalogoa ondu zuten 2005ean, eta han herriko ondare naturalari buruzko nondik norakoak jaso zituzten bi autoreek. Biologian doktorea da Diez, eta bere ikerketak hezkuntza zientifikoari eta iraunkortasunerako hezkuntzari buruzkoak izan ohi dira, bereziki uraren eta lurraldearen zaintzari lotutakoak. Uraren, lurraldearen, klima aldaketaren, trantsizio energetikoaren eta ibaietako ekosistemen funtzionamenduaren inguruko hainbat proiektutan parte hartu izan du Diezek, eta Azpeitiko hitzaldian ere gai horiek izango ditu hizpide, Ibai Eder urtegiari aipamen berezia eginez.

Azaroaren 17an izango da azken emanaldia, eta Eñaut Agirrek eta Iñaki Sanz-Azkuek Euskara eta natura txirikordatuz hitzaldia eskainiko dute Azkoitiko Elkargunean, 18:30ean. Gure faunari eta florari begira: ornodunak liburua oinarri hartuta arituko dira hizlariak solasean, euskal gizarteak naturarekin izan duen harremanak utzitako ahozko ondarearen inguruan; besteak beste, kondairak edota sinesmenak jorratuko dituzte.