40. Euskal Antzerki Topaketak

Pili Arrieta: "Antzerkizaletasuna txikitatik jorratzea ezinbestekoa da"

Mailo Oiarzabal 2022ko aza. 4a, 09:14
Pili Arrieta, 40. Euskal Antzerki Topaketen kartelarekin. (Mailo Oiarzabal)

40. ediziora iritsi dira aurten Euskal Antzerki Topaketak, eta 32 urte dira Pili Arrieta Azpeitiko kultur ekitaldi esanguratsuenaren antolaketan parte hartzen hasi zela.

"Antzerkizalea" da Pili Arrieta (Azpeitia, 1962), gustatu egiten zaio eta "bizi" egiten du antzerkia. Agian horregatik, ez dio aparteko alde txarrik topatzen Euskal Antzerki Topaketak antolatzeak ematen duen, ematen dion, lanari. Hiru hamarkada pasa eta gero, ondo baino hobeto ezagutzen ditu udazkeneko euskarazko antzerkiaren jaialdiaren barrunbeak.

40. edizioa dute aurtengoa Topaketek. Zer iradokitzen dizu zenbaki borobil horrek?

Oso pozgarria da horrelako egitasmo batek 40. aldia betetzea. Azpeitia bada herri garrantzitsua Gipuzkoan, baina ez gaude Donostian, eta ez da herri handienetakoa ere. 40. ediziora iristeak esan nahi du, batetik, udalak esfortzu handia egin duela, urte hauetan guztietan tinko eutsio diola euskarazko antzerkiaren aldeko apustuari; antzokirik gabe egon ginen urteetan ere Topaketak egiten jarraitu genuen, eta pandemiaren urteetan ere ez dute hutsik egin.

Bestetik, antzerkiak jakin izan du errotzen, garatzen eta jendearengan sentimendu bat sortzen. Gustuarekin antolatzen dira gauzak, jakinda Azpeitia, nahiz eta herri handi bat ez izan, badela Euskal Herrian euskaraz egiten diren antzerki ia guztien plaza. Guk dakigula behintzat, euskara hutsean egiten diren antzerki jardunaldi zaharrenak dira Azpeitikoak. Oso garrantzitsua da horrelako egitarau bat 40 urtetan aurrera ateratzea.

Akordatzen al zara 1983ko lehen edizio harekin? Zertan zinen zu garai hartan?

1990ean hasi nintzen udalean lanean, eta beraz, 32 urte daramatzat antzerkia lantzen Kultura Sailean. Baina udalean lanean hasi aurretik ere joaten nintzen Topaketetan antzerkira, beste herritar asko bezala. Izan ere, aipatzekoak dira euskarazko antzerkian oinarritutako egitasmo batek alde horretatik izan dituen onarpena eta arrakasta. Duela ia 40 urteko kontuez ari gara, garai hartan bestelako egitarauak eta eskaintzak ere izango ziren, baina ez dute Topaketek izan duten garapenik izan eta ez dute Topaketek bezala denboran iraun. Euskara indartzeko sortu zirelako, udalak beti bultzatu eta babestu dituelako... Alderdi asko hartu beharko lirateke kontuan Topaketen arrakasta aztertzeko, baina kontua da Azpeitian antzerkia indar handiarekin txertatu dela.

Noiz eta nondik hasten zarete edizio bakoitza antolatzen?

Gaur egun, urte osoko lana bihurtu da Topaketak antolatzea. Martxo aldean hasten gara lanean. Urte horretan egon daitezkeen euskarazko antzerki proiektu berri guztiei zuzendutako deialdia irekitzea da egiten dugun lehen urratsa, eta segidan, edizio berriaren irudia izango den kartela aukeratzeko lehiaketaren deialdia irekitzen dugu. Bi deialdi garrantzitsu dira, eta lan handia ematen dute. Proiektu berri dezente aurkezten dira, eta adituekin osatutako epaimahai batek aukeratzen ditu horietatik urte horretako edizioaren egitaraua osatzeko egokienak izan daitezkeenak. Baina, era berean, edizio berriarekin hasterako, martxo hasierarako aurreko edizioaren likidazio osoa eginda izan behar dugu. Beraz, azkenean, urte osoan aritzen gara Topaketen kontuekin lanean. Eta nik aipatutakoak udal Kultura Sailari dagozkionak dira; horiei gehitu behar zaizkie sormen egonaldiak direla, umeekin egiten diren mediazio saioak edota tailerrak direla, Dinamoan zein Sanagustinen Kulturaz kooperatibak egiten duen urte osoko lana.

Topaketak antolatzeak eskatzen duen lanetik, zer da gehien gustatzen zaizuna? Eta zailena egiten zaizuna?

Atal guztiak gustatzen zaizkit. Kartel lehiaketarena, esaterako, oso interesgarria iruditzen zait, eta zer esanik ez egitaraua osatzeko prozesuaren mami guztia: ailegatzen diren proiektuak aztertzea eta ikustea zein izan daitezkeen edizio berriko berrikuntzarik handienak, edo proiekturik egokienak... Eta ezin ditugu ahaztu Eskola Antzerki Topaketak; bailara osoko umeak joaten dira emanaldi horiek ikustera, eta antzerkia lantzen duten Euskal Herri osoko ikastetxeekin aritzen gara elkarlanean. Guretzat, hor dago antzerkiaren eta antzerkizaletasunaren harrobia, eta hori landu beharra dago. Herrian horrelako antzerkizaletasuna egoteko, ezinbestekoa da zaletasun hori txikitatik jorratzea. Azpeitian, gero gustatu ala ez gustatu, txikitatik daukagu antzerkia zer den ezagutzeko aukera, eta Eskola Antzerki Topaketei esker da hori.

Topaketetatik gustatzen zaidan beste gauza bat da ikusleak ez direla antzezlanak ikustera mugatzen; antzerkia ikusi eta antzerkiaz hitz egiten dute ikusleek. Bukaeran banatzen den saria ere ikusleek emanaldi bakoitzaren ondoren emandako botoetan oinarritzen da. Guretzat, oso garrantzitsua da herritarrak antzerkira joatea, eta horiek eskaini zaiena baloratzea, ikusi dutenaren gaineko iritzia ematea. Hori ere txikitatik lantzen den zerbait da, haurrentzako antzerkian ere egiten baita. Eta ez pentsatu umeak direlako beti puntuazio altua ematen dutenik, askok dituzte irizpide argiak, eta kulturari dagokionez, garrantzitsua da irizpideak eta izpiritu kritikoa lantzea.

Ikusleek boto bidez erakutsitako joera kontuan hartzen al da hurrengo edizioaren egitaraua prestatzerakoan?

Edizio bakoitza urte horretan dauden proiektuen argazkia izan ohi da, hein handi batean; dauden eta aurkezten diren proiektuen arabera osatzen da egitaraua. Hala ere, saiatzen gara estilo edo joera desberdinetako antzezlanak eskaintzen; denek izan behar dute tokia, ez bakarrik antzerki komertzialak edota barre erraza eragitekoak. Horrela ere hezi egiten da jendea. Antzerkia benetakoa da, unean uneko eta zuzeneko ikuskizuna, eta muntaia beraren emanaldi bakoitza bakarra da.

Zaila egiten zaizun alderdirik ez al dute Topaketek?

Ezetz esango nuke. Ez da antolatzeko programa errazenetakoa, hainbeste bizi duzunez, urte osoan lanketa jarraia eskatzen duenez, zure lanaren zati handi bat horretan joaten zaizu. Baina ezin dut esan atalen bat bereziki zaila egiten zaidala; lana da, baina gustukoa dut.

Zer nabarmenduko zenuke duela 32 urtetik honako Topaketen bilakaeran?

Aldaketa asko eta nabarmenak izan dituzte Topaketek. Egitarau aldetik asko aldatu dira, eta euskarazko antzerkiaren eskaintza bera ere asko aldatu da. Topaketak hasi zirenean, antzerkia euskaraz egiten zuten oso talde gutxi zeuden, eta gehienak herrietako talde amateurrak ziren, modu xumean baina den-dena beraiek egiten zutenak. Gaur egun, askoz profesionalagoak dira talde gehienak.

Sasoi onarekin iritsi al dira Topaketak 40. ediziora?

Oso sasoi onarekin, bai. Ea denek, udalak zein uneotan Topaketen bueltan lanean ari diren eragile guztiek, gogo berarekin jarraitzen duten, beste berrogei edo berrogeitik gora edizio gehiago antolatu ahal izateko.