e-Remonteko pilotariek jokatuko dute aurten Azpeitiko Erremonte Txapelketa

Mailo Oiarzabal 2022ko aza. 2a, 20:07
Udaletxean aurkeztu dute txapelketa. Zutik, ezkerretik eskubira, Zeberio, Leatxe, Lizarralde, eta Ion; makurtuta, Matxin III.a ezkerrean eta Agirrezabala eskubian. (Mailo Oiarzabal)

Zeberio II.a-Saldias, Jabalera-Ion, Matxin III.a-Otano eta Uterga-Agirrezabala dira parte hartuko duten lau bikoteak. Etzi jokatuko dute sailkapen ligaxkako hiru jardunaldietako lehena. Azaroko lau ostiraletan jokatuko dute txapelketa Izarraitz pilotalekuan; azaroaren 25ean bukatuko da, finalarekin. Jaialdi guztiak 22:00etan hasiko dira eta ordu erdi lehenago irekiko dute frontoiko txartedelgia; jardunaldi bakoitzerako sarrerak zein txapelketa osorako abonamendua izango dituzte aukeran zaletuek.

Berrikuntzekin dator Azpeitiko Erremonte Txapelketa. Aurten, lehen aldiz, e-Remonte enpresako pilotariak izango dira txapelketan parte hartuko dutenak, eta ez Oriamendikoak. Gaur aurkeztu dute udaletxean etzi, azaroaren 4an, hasiko den txapelketa. Lau bikote lehiatuko dira bertan, eta zortzi pilotarietatik hiru herrikoak dira: Ion Etxeberria, Xuban Oiarzabal Matxin III.a eta Igor Agirrezabala. Hirurak izan dira gaurko aurkezpenean, txapelketan ariko den Zeberiorekin, Josemi Leatxe e-Remonteko buruarekin eta Agustin Lizarralde zinegotziarekin batera.

Zeberio II.a-Saldias, Jabalera-Ion, Matxin III.a-Otano eta Uterga-Agirrezabala dira, hain zuzen ere,txapelketan parte hartuko duten lau bikoteak. Azaroko lau ostiraletan jokatuko dute txapelketa Izarraitz pilotalekuan. Lehendabiziko hiruetan sailkapen ligaxkako partidak jokatuko dituzte, jardunaldi bakoitzeko bi. Horrela, hiru jardunaldiotan bikote denek denen kontra jokatuko dute, eta ligaxkan lehen bi tokietan sailkatzen diren bikoteek jokatuko dute finala, azaroaren 25ean; finalaren aurretik, berriz, hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partida jokatuko dute.

Hau da ligaxkaren hiru jardunaldietako partiden egutegia:

  • Azaroaren 4a: Zeberio II.a-Saldias Jabalera-Ionen kontra, eta Matxin III.a-Otano Uterga-Agirrezabalaren kontra.
  • Azaroaren 11: Zeberio II.a-Saldias Uterga-Agirrezabalaren kontra, eta Matxin III.a-Otano Jabalera-Ionen kontra.
  • Azaroaren 18a: Zeberio II.a-Saldias Matxin III.a-Otanoren kontra, eta Uterga-Agirrezabala Jabalera-Ionen kontra.
  • Azaroaren 25a: hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida, eta finala.

Txapelketaren lau jaialdiak 22:00etan hasiko dira Izarraitzen, eta partida guztiak 35 tantota jokatuko dituzte. Pilotalekuko txarteldegia 21:30ean irekiko dute lau egunetan. Jaialdi bakoitzeko sarrerak 6 eurotan salduko dituzte; baina etzi, lehen jardunaldiaren aurretik, txapelketa osorako abonamenduak ere aukeran jarriko dituzte, 15 euroren truke.

Bi enpresak elkarrekin aritzea amets

Bai Leatxek, bai aurkezpenean egon diren erremontistek, "ilusio" eta "gogo" hitzak erabili dituzte. Izan ere, orain arte frontoi motzetan jokatu izan ditu e-Remontek bere jaialdiak eta txapelketak, eta Azpeitikoa izango da frontoi luzean, erremintako frontoian, jokatuko duten lehendabiziko txapelketa. Bikote "ahalik eta orekatuenak" osatzen saiatu direla azaldu du Leatxek, "gure enpresak aurkez ditzakeen onentsuenak", txapelketa bera ere orekatua izan dadin eta "ikuskizun onena" eskaintzeko itxaropenarekin. Beteranoak eta gazteak elkarrekin jarri dituztela nabarmendu du, eta "esaten dutenez –bota du–, Matxin III.a eta Otano izan daitezke faboritoak".

Matxin III.a eta Agirrezabala pozik azaldu dira, hain ondo ezagutzen duten pilotalekuan txapelketa bat jokatzeko aukera izango dutelako berriro. "Azpeitian jokatzeak beti egiten digu ilusioa", esan du Agirrezabalak, etxeko erremontisten parte hartzea nabarmendu du, eta guztiak "beren onena" ematen ahaleginduko direla adierazi du. Matxin III.ak kontatu du enpresan ari diren hiru Azpeitikoak eta Zeberio "asteartero" elkartzen direla Izarraitzen entrenatzeko. "Txapelketa hemen jokatuko genuela jakin genuenetik, egokiena izan zitekeen materiala probatzen aritu gara, eta uste dut asmatu dugula", azaldu du.

Gaur egun erremontean dauden bi enpresak elkarren artean lehiatzea litzateke desiragarriena Leatxerentzat, baina e-Remontekoaren esanetan, "momentuz akordiorik ez" dago horretarako: "Gugatik balitz, bihar bertan lehiatuko ginateke bi enpresak, baina akordiorik ez dagoen bitartean, guk geure txapelketak antolatzen jarraituko dugu, frontoi motzean zein luzean". Lizarralde zinegotziak azaldu duenez, Azpeitiko Udalari ere gustatuko litzaioke bi enpresetako pilotariak elkartuko lituzkeen txapelketa bat antolatzea, baina horretarako aukerarik ez dagoen bitartean, erakundearen asmoa da aurrerantzean txapelketa erremonteko bi enpresekin, e-Remonterekin eta Oriamendirekin, txandaka antolatzea.