40. Euskal Antzerki Topaketak

Estreinatzear dago 'Herriye' ikuskizuna, herriarekin eta herriaz barre egiteko obra

Maialen Etxaniz 2022ko aza. 1a, 11:28

Hastear dira Azpeitiko 40. Euskal Antzerki Topaketak, eta estreinatzear dago Herriye ikuskizuna. Urtebeteko lana eta herritar askoren ekarpena dago gaur aurkeztuko duten obraren atzean, eta ukaezina da jakin-mina sortu duela herrian. Hori dela eta, Herriye ikuskizunean era batera edo bestera parte hartu duten lagunekin elkartu da Erlo Telebista proiektuaz gehiago jakiteko; hori bai, spoiler gabe.

Erika Olaizolak eta Xanti Agirrezabalak zuzendu dute Herriye obra, eta haiek ezagutzen dute ondoen proiektuak izan duen garapena. Duela urtebete hasi ziren gaur aurkeztuko duten ikuskizunaz hausnartzen, eta orduz geroztik askotariko lanak egin behar izan dituzte herri produkzioari forma emateko. Sormen prozesuak ertz asko izan dituela kontatu du Olaizolak. Hori dela eta, taldetan banatuta egin dute lan. 

Herriye obran parte hartzen dute, besteak beste, Udal Musika Bandako zenbait kidek eta herriko hainbat dantzarik. "Esperientzia berezia" izan dela kontatu dute musika bandako kide Julen Agirrezabalak eta Nerea Arakistain dantzariak. 

Atrezzoak bezala, jantziek ere badute garrantzia ikuskizunean, eta horretaz arduratu dira Ilazki Lili eta Malen Amenabar. Pertsonaien jantziak aukeratzeaz eta eskuratzeaz arduratu dira zehazki, eta azaldu dutenez, bost koloreren bueltan egin dute lan.  

Parodia kutsua du ikuskizunak, eta umore zirikatzailea da oinarrizko osagaietako bat. Gaur eskainiko dute aurrenekoz, eta datozen hiru egunetan ere izango da emanaldiaz gozatzeko aukera. Hori bai, sarrera eskuratu dutenek soilik izango dute horretarako parada, aspaldi agortu baitziren antzerki topaketak irekiko dituen ikuskizunerako sarrerak.