40. Euskal Antzerki Topaketak

'Herriye'-ren estreinaldiarekin hasiko dira bihar 40. Euskal Antzerki Topaketak

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 31a, 17:30
'Herriye' herri antzerkiaren protagonista nagusiak.

Corrado Masacciren Txotxongiloak eta maskarak antzerkian eta Topaketetako argazki zaharren erakusketak ere bihar irekiko dituzte, Betharramen eta Sanagustinen, hurrenez hurren. 11 antzezlan, hiru estreinaldi, eskola antzerkiaren itzulera, 40. edizioa ospatzeko ekitaldiak... Hilaren 20a bitartean, eskaintza oparoa izango da herrian, euskarazko antzerkigintza ardatz hartuta. Herriyerenak agortu ziren, baina gainerako emanaldietarako sarrerak salgai daude antzerkitopaketak.eus webgune berrian eta Sanagustin kulturgunean.

Azaroa hastearekin bat hasiko dira bihar 40. Euskal Antzerki Topaketak. Zenbaki borobila dute ospatzeko, eta edizio biribila prestatu nahi izan dute udalak eta Kulturaz kooperatibak. 11 antzezlan, hiru estreinaldi, eskola antzerkiaren itzulera, 40. edizioa ospatzeko ekitaldiak... Hilaren 20a bitartean, eskaintza oparoa izango da herrian, euskarazko antzerkigintza ardatz hartuta.

Indartsu hasiko dira aurtengo Antzerki Topaketak, estreinaldi batekin eta bi erakusketa irekita. Bihar estreinatuko dute Sanagustin kulturgunean hainbeste ikusmin piztu duen Herriye herri antzerkia; asteazkenean, ostegunean eta ostiralean ere emango dute, lau egunetan toki berean eta 19:00etan hasita, eta sarrera guztiak agortuta.

Herriyeren estreinaldiaz gain, bihar irekiko dituzte ateak Topaketen barruan antolatu dituzten bi erakusketek. Betharramen, beste urte batez, Corrado Masaccirena ikusteko aukera izango da. Txotxongiloak eta maskarak antzerkian izenarekin dator Masacciren aurtengoa, txotxongiloez gain maskarek ere izango dute pisua; hilaren 15era arte egongo da ikusgai. Sanagustin kulturgunean, berriz, 40. edizioaren aitzakian atzera begira jarriko dituzte bisitariak Azpeitiko Argazki Elkartekoek, Topaketetako argazki zaharren erakusketarekin; bihartik azaroaren 20ra arte, Topaketek irauten duten bitartean izango da martxan erakusketa hori.

Sarrerak salgai

Herriyerenak agortu ziren, baina gainerako emanaldietarako sarrerak salgai daude antzerkitopaketak.eus webgune berrian eta Sanagustin kulturgunean.

Helduen sarrerak 10 eurotan eta haurrenak 5 eurotan eros daitezke; aldiz, aurten aukeran jarri duten antzerki bonoa erosteko epea joan den ostegunean itxi zen.

Egitaraua


Antzezlanak:

  • Azaroak 1, 2, 3 eta 4. Herriye (Herriko antzezle taldea). 19:00etan, Sanagustinen. 
  • Azaroak 5, larunbata. Tarzan (Mar-Mar Teatroa). 17:00etan, Soreasun. 
  • Azaroak 6, igandea. Tarara (Hika Teatroa). 19:00etan, Soreasun. 
  • Azaroak 10, osteguna. Balbea (Atx Teatroa). 19:00etan, Dinamoan. 
  • Azaroak 11, ostirala. Eresia (Oier Zuñiga). 19:00etan, Soreasun.
  • Azaroak 12, larunbata. 
    -40. Topa ekitaldia. 12:00etan, Dinamoan.
    -Ganbara (Markeliñe konpainia). 17:00etan, Soreasun.
  • Azaroak 13, igandea. Souvenir, komeria estralurtarra (Horman Poster kolektiboa). 19:00etan, Soreasun.
  • Azaroak 14, 15 eta 16. Eskola antzerkia, Soreasun.
  • Azaroak 17, osteguna. Lacoste (Eneritz Artetxe). 19:00etan, Dinamoan.
  • Azaroak 18, ostirala. Intxaurra (Mairu antzerki tailerra). 19:00etan, Soreasun.
  • Azaroak 19, larunbata. Batetik bestera (Benetan Be Teatroa). 17:00etan, Soreasun.
  • Azaroak 20, igandea. Zeozertan dabil, baina ez dakit zertan (Metrokoadroka). 19:00etan, Soreasun.

Erakusketak:

  • Azaroaren 1etik 15era. Corrado Masacciren Txotxongiloak eta maskarak antzerkian erakusketa, Betharrameko aretoan.
  • Azaroaren 1etik 20ra. Antzerki Topaketetako argazki zaharren erakusketa, Argazki Elkartearen eskutik, Sanagustinen.

Datozenak:

  • Abenduak 18, igandea. Lehendakarigaia (Txalo Produkzioak). 19:00etan, Soreasun. 40. Euskal Antzerki Topaketen Ikuslegoaren Saria banatuko dute.
  • Urtarrilak 15, igandea. Ama (Marie de Jongh). 19:00etan, Soreasun.