Ignaziotar Bideaz aritzeko erakunde arteko bilera egin dute Loiolan

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 30a, 16:10
Loiolan elkartutako erakundeetako ordezkariak, basilikaren aurrean. (Eusko Jaurlaritza)

Azpeitia eta Manresa lotzen dituen bidea igarotzen den lurraldeetako turismo arduradunek orain arte egindakoak aztertu eta aurrera begira egitasmoa indartzeko eman beharreko pausoak adostu dituzte.

Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Ignaziotar Bideak zeharkatzen dituen Espainiako erkidegoetako (Errioxa eta Aragoi) eta Kataluniako turismo arduradunak, Ignaziotar Bideko Lan Mahaia osatzen duten ordezkari teknikoekin batera, Loiolan elkartu dira aste honetan, Loiolako Inaziok Azpeitia eta Manresa (Katalunia) artean osatu zuen ibilbidearen gainean eratutako egitasmoaz aritzeko.

"Orain arte landu diren ekintzak aurkezteko, egiteke dauden zereginei jarraipena emateko eta 2023rako helburuak finkatzeko" egin zuten topaketa joan den ostegunean, Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez. Besteak beste, Experiencias Turismo España izeneko programan izena ematea adostu zuten, programa hori "Ignaziotar Bidea bistaratzeko eta balioztatzeko aukera paregabea" izan daitekeelakoan.