Karmelo Etxegaraiko ikasleek irabazi dute Arnasetik bideosormen lehiaketaren sarietako bat

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 30a, 09:17
Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Uhaitza taldekoak sariarekin, herenegun, Amasa-Villabonan. (Arnasa Gara)

Pasabideko kontuek lanarekin lortu du Uhaitza ikasle taldeak LHko 5. eta 6. mailetakoen kategoriako saria; DBHko 1. eta 2. mailetakoen kategorian finalisten artean zegoen Ikasberriko ikasleen Erromako zubiye-xe lana. Arnasguneetako gaztetxoen euskarazko sormena lantzea eta arnasguneetako nerabeei hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragitea ziren Arnasa Gara egitasmoaren barruan antolatutako lehiaketaren helburuak. Ostiralean banatu zituzten sariak, Amasa-Villabonan.

Herenegun arratsean banatu zituzten Amasa-Villabonan (Gipuzkoa) Arnasetik bideosormen lehiaketaren sariak, eta horietako bat Azpeitiko ikasleentzat izan zen.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema), Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bultzatutako Arnasa Gara egitasmoaren barruan antolatu dute lehiaketa, euskararen arnasguneetako gaztetxoen euskarazko sormena lantzeko eta arnasgune horietako nerabeei hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragiteko helburuarekin. Arnasgune diren udalerrietako 10 eta 16 urte arteko gaztetxoek izan dute lehiaketan parte hartzeko aukera, adinaren araberako hiru kategoriatan banatuta. Guztira, 99 sormen lan aurkeztu dituzte lehiaketara, horietatik hamabi –kategoria bakoitzeko lau– hautatu zituen epaimahaiak finalerako, eta lau sari banatu zituzten joan den ostiraleko ekitaldian: lehiaketako hiru kategoria edo maila bakoitzeko sari bat, eta ikusleen saria.

Azpeitiko ikasleek egindako bi lan zeuden finalisten artean: Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraikoek ondutako Pasabideko kontuek LH 5 eta 6koen mailan, eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleen Erromako zubiye-xe DBH 1 eta 2koen kategorian. Eta Karmelo Etxegaraiko Uhaitza ikasle taldeak egindako bideoak irabazi zuen bere mailako saria. Saridun guztiek sari bera jaso dute Arnasetik lehiaketan: 500 euro, Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITBko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko.

Hau da Arnasetik lehiaketan saria lortu duen Uhaitza ikasle taldearen Pasabideko kontuek lana:

Eta hau, lehiaketaren finalera iritsi den Ikasberrikoena: