Barne ekintzailetzaren inguruko lansaioa antolatu du Iraurgi Berritzenek, industria enpresei zuzenduta

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 28a, 10:06

Lansaioa eskualdeko enpresa industrialetako zuzendariei zuzendutakoa izango da, eta haren helburu nagusia negozio aukeren garapena sustatzea da. Azaroaren 2an izango da tailerra, online.

Iraurgi Berritzenek barne ekintzailetzaren inguruko lansaioa antolatu du, industriaren eremuan aritzen diren enpresei zuzenduta. Datorren asteazkenean, azaroaren 2an, izango da tailerra, Internet bidez, eta honako izenburu hau jarri diote: Enpresa ekintzaileak eta negozio aukera berriak: aukera edo beharra?. Antolaketa gaiak direla eta, enpresa interesatuek lotura honen bitartez edo info@iraurgiberritzen.eus helbidera idatziz eman beharko dute izena. Ondoren, izena emandako pertsonei lansaioaren lotura bidaliko zaie, bertan parte hartzeko. 

Lansaioa eskualdeko enpresa industrialetako zuzendariei zuzendutakoa izango da, eta haren helburu nagusia negozio aukeren garapena sustatzea da, enpresa bakoitzaren lehiakortasuna eta iraunkortasuna indartzeko, eta eskualdeko ehuna berritzeko palanka gisa. Horretarako, B+I eta BIC Gipuzkoako adituak izango dira lansaioa gidatzen. Parte hartzaileek Azpeitiko Irurena Group enpresaren esperientzia ezagutzeko aukera izango dute, horrelako prozesuetarako indarrean dauden laguntzen eta zerbitzuen inguruko informazioa jasotzeko, eta beren zalantzak zein galderak argitzeko aukera ere izango dute.

Lansaioa Enpresa Gunearen –eskualdeko hainbat enpresa ordezkarik osatutako gunea– baitan jasotako proposamenekin definitutako Ikasiz Programaren barruan kokatzen da. Horren helburua da, enpresaren alderdi desberdinen kudeaketan, ezagutzak eta esperientziak partekatzea eta praktika onen sentsibilizazioa eta zabalkundea egitea.