Arlokako bilerak eginda, idazteko bidean da Euskara Plana

Julene Frantzesena 2022ko urr. 27a, 12:09
Euskalgintzako kideek atzo egin zuten bilera. (Azpeitiko Udala)

Atzoko euskalgintzako bilera eginda, udalak gauzatu ditu gaikako batzar guztiak. Parte hartze prozesuan jasotako datuekin eta ekarpenekin osatuko du Emun kooperatibak Azpeitiko Euskara Plana. Ondoren, Euskara Mahaia eratuko du erakundeak plana eztabaidatzeko, osatzeko eta onartzeko.

Atzo egin zuten hainbat lagunek Azpeitiko Udalak Euskara Plana osatzeko martxan jarritako parte hartze prozesuko azken bilera. Euskalgintzan aritzen diren herritarrek ekarpenak egiteko eta beren iritzia emateko aukera izan zuten atzokoan Basazabal jauregian.

Udalak egin ditu, beraz, arloka edo gaikako bilera guztiak, baina Eneritz Albizu Euskara batzordeburuak azaldu duenez, herritarrek badute oraindik ekarpenak egiteko edo kezkak argitzeko aukera: horiek mezu bat bidal dezakete komunikazioa@azpeitia.eus helbide elektronikora.

Parte hartze prozesuan jasotako datuekin eta ekarpenekin osatuko du Emun kooperatibak Azpeitiko Euskara Plana. Udalak adierazi duenez, prozesuan parte hartu duten herritar bakoitzak joan zen bilerako akta eskuratuko du, baita plana ere, prest dagoenean. Behin plana eskuetan, udalak Euskara Mahaia osatzeko asmoa du, eta han eztabaidatu, osatu eta onartuko dute plana.