Hasi dira Garagardo Azoka prestatzen

Julene Frantzesena 2022ko urr. 26a, 14:12
Hainbat lagun gaur goizean Azoka Plazan, azoka muntatzeko lanetan. (Nerea Uranga)

Azpiegitura muntatzen hasi dira Azoka Plazan eta haren atarian. Ostiralean zabalduko dute azoka, eta egun horretan Mirari Uria eta Realeko emakumeen lehen taldeko jokalariak omenduko ditu ISBk. Zapatuan, astelehenean eta azaroaren 4an zein 5ean ere zabalik izango da azoka.

Iraurgi Saskibaloi Taldeko eta udal brigadako kideak hasi dira XII. Garagardo Azokaren prestaketa lanekin. Hain zuzen ere, azpiegitura muntatzen hasi dira Azoka Plazan eta haren atarian.

Ostiralean zabalduko dute azoka, eta bost egunez izango da irekita: ostiralean, zapatuan eta astelehenean, urriaren 31n; eta azaroaren 4an eta 5ean. Egun horietan guztietan 20:00etatik 02:00etara hainbat garagardo dastatzeko aukera izango dute herritarrek.

Jan-edanerako tartea musikaz girotuko dute egunero; hainbat zuzeneko emanaldi eskainiko dituzte disko jartzaileek. Zapatuan Kanuto DJa ariko da musika jartzen, Asier DJa urriaren 31n, eta Davila DJa azaroaren 5ean.

Aurtengoan ISBk ez ditu talde guztien aurkezpenak egingo Garagardo Azokaren irekierarekin, baina ostiralean, 21:30ean hasita, Mirari Uria eta Realeko emakumeen taldeko kideak omenduko dituzte saskibaloi klubeko kideek.