EDUKI BABESTUA

Abiatu du Errigorak udazkeneko kanpaina

Erredakzioa 2022ko urr. 25a, 10:45
Ablitasen (Nafarroa) Errigoraren udazkeneko kanpainaren alde egindako auzolanean parte hartu zutenak. (Argazkia: Errigora)

Bat egiteko garaia da lelo hartuta egingo du Errigorak udazkeneko kanpaina. Hiru saski jarri dituzte aukeran, eta azaroaren 10a artekoa izango da eskaera egiteko epea. Internetez nahiz aurrez aurre egin daiteke eskaera.

Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka, Bat egiteko garaia da lelo hartuta abiatu dute udazkeneko kanpaina, eta Errigora aurrera eramateko auzolanak duen garrantzia nabarmendu dute. Errigorako saskiak eskatzeko epea azaroaren 10era artekoa da, eta Internetez Errigora.eus helbidearen bidez egin daiteke eta telefonoz 848 87 12 23 zenbakian. Horrez gainera, Azpeitian aurrez aurre eskaera egin daiteke Elikagunean, Orkatzen, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin eta Elkargunean. Leku horietan eskaera egiten dutenek toki horietan jaso beharko dute saskia. Online eskaera egiten duten azpeitiarrek, berriz, Elikagunean izango dute eskatutakoa jasotzeko aukera.

Bertakoa jan, ekonomian eragin, eta, gainera, euskara sustatu. Guzti hori da Errigora egitasmoaren saskia erosiz gero laguntzen dena. Izan ere, Nafarroa hegoaldeko jakiak erostean ordaindutako diru kopuruaren %25 bideratzen dute Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintza sendotzera. Hau da kanpainak uzten duen diru ekarpenaren zati bat Nafarroa hegoaldeko ikastolei, AEKren euskaltegiei eta zonaldean sare publikoan D eredua indartzeko Sortzenen dinamikei bideratzen zaie. Horrez gain, ekarpenaren beste zati bat Errigorarengandik jaiotako Agerraldia ekimenari bideratuko zaio. Nafarroa erdialde eta hegoalde zabalean euskarari hauspo berria emateko sortu zen mugimendua da hori. Euskararen aldeko askotariko herritarrak saretzeko eta proiektuak aurrera eramateko.

Hiru saski aukeran

Oliba-olio birjina estra, arroza, pasta eta barazki kontserbez osatutako kaxak eskatzeko epea azaroaren 10era bitartekoa da. Hiru saski eskaintzen ditu Errigorak:

- Beltza, 55 eurotan: oliba-olio birjina estra, orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, botila ardoa, eztia, kardua, mahats-zukua, piper-mamia, teilak, molineritoak eta 2023ko egutegia.

- Berdea edo ekologikoa, 65 eurotan: oliba-olio birjina estra, orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, botila ardoa, ardo-ozpina, tomate frijitua, arroz integrala, pasta, konbutxa tea, teilak, sagar-zukua, txitxirioak eta 2023ko egutegia.

- Zuria edo berezia, 75 eurotan: oliba-olio birjina estra, orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, botila kriantza, ardo zuri apartsua, patxarana, ardi-gazta, patxaran-pastak, polboroiak eta 2023ko egutegia.

Eskaera hazten

Euskal Herrian bezala, Azpeitian ere inoizko eskaera handiena egin zuten Errigoraren udaberriko kanpainan herritarrek, asko izan ziren eskaera egin zuten herritarrak. Hain zuzen, 2.336 litro olio eta 3.288 kontserba pote eskatu ziren ordukoan herrian.