Ikasberriko eta Karmelo Etxegaraiko ikasleen lan bana, Arnasetik bideosormen lehiaketaren finalisten artean

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 25a, 08:36
Arnasetik lehiaketaren finalisten berri emateko hautatu duten irudia. (Arnasa Gara)

Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Arnasa Gara egitasmoaren barruan antolatu duten lehiaketaren sariak ostiralean banatuko dituzte Amasa-Villabonan. Euskararen arnasgune diren herrietako 10 eta 16 urte arteko ikasleek hartu dute parte, hiru mailatan banatuta. DBH 1 eta 2koen mailan saria lortzeko hautagaien artean daude Azpeitiko Ikastola Ikasberrikoak, eta LH 5 eta 6koen mailako finalisten artean, berriz, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraikoak.

Ostiralean, urriaren 28an, banatuko dituzte Arnasetik bideosormen lehiaketaren sariak Amasa-Villabonan (Gipuzkoa), eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriko eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko ikasleen lan bana dago saria jasotzeko hautagaien artean. Gurea antzokian izango da sari banaketa ekitaldia, 18:00etan hasita; "sorpresa ugari" iragarri dituzte ekitaldiaren antolatzaileek, tartean, Sara Alonso musikariaren emanaldia.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema), Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak sustatutako Arnasa Gara egitasmoaren barruan antolatu dute lehiaketa, euskararen arnasgune diren udalerrietako gaztetxoek hizkuntza ohituren gainean hausnartuz beren sormena landu dezaten. Antolatzaileak gustura daude, lehiaketa berriak "erantzun aparta" izan duela iritzita. "Guztira 99 lan aurkeztu dituzte euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako 10 eta 16 urte bitarteko ehunka gaztek", azaldu dute.

Adinaren araberako hiru mailatan lehiatu dira ikasleak –LH 5 eta 6koen maila, DBH 1 eta 2koena, eta DBH 3 eta 4koena–, eta maila bakoitzeko ikasleek aurrez ezarritako irizpide edota oinarri batzuk jarraitu behar izan dituzten beren sormen lanak osatzeko. Urriaren 5ean bukatu zen lanak lehiaketara aurkezteko epea. Maila bakoitzean izendatu dituzten lau finalistak zeintzuk diren jakinarazi dute orain antolatzaileek, eta bi kategoriatan daude hautagaien artean Azpeitiko ikastetxeetako ikasleen lanak. LH 5 eta 6koen mailan, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraikoek ondutako Pasabideko kontuek lana da finalistetako bat; denera 40 lan aurkeztu dituzte lehiaketara maila horretan, eta Berriatuako (Bizkaia) eskolakoen LHtik DBHra, Errezilgo eskolakoen Errezildik Azpeitira, eta Bidania-Goiatzeko eskolakoen DBHko 1.go eguna dira beste hiru finalistak. DBH 1 eta 2ko ikasleei zuzendutako mailan, berriz, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleen Erromako zubiye-xe lana da saria lortzeko lau hautagaietako bat; kategoria horretan aurkeztu dituzte lan gehien, 52 guztira, eta Leitzako (Nafarroa) Ni naiz ni, Usurbilgo (Gipuzkoa) Art Attack eta Idiazabalgo (Gipuzkoa) Zer dira arnasguneak? dira Azpeitikoen sorkuntzarekin lehiatuko diren beste hirurak.

2.000 euro banatuko ditu saritan Arnasetik lehiaketak. Kategoria bakoitzeko lan onenari eta publikoaren sariaren irabazleari 500 euroko sari bana emango diete, eta sari hori trukean erabili ahal izango dute Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITBko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko.