Ekintzaileei zuzendutako formakuntza saioak antolatu ditu Iraurgi Berritzenek

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 24a, 11:25

Negozio ideia enpresa egitasmo bilakatu arte eman beharreko pausoak ezagutu ahal izango dira ikastaroaren bidez. Guztira zazpi saio egingo dituzte, azaroaren 2an hasita. Zabalik dago izena emateko epea.

Lanzituz, lan sozietateak sortuz programaren barruan, Ideiatik enpresara formakuntza saioak antolatu ditu Iraurgi Berritzen garapen agentziak. Ekintzaileei zuzendutako tailerrak izango dira, eta horiek buruan duten negozio ideia edo proiektua enpresa egitasmo sortu arte eman beharreko pausoak ezagutuko dituzte saioen bidez. Horrez gain, ondorengo kudeaketari loturiko ezagutzak berenganatuko dituzte. Guztira zazpi saio egingo dituzte, azaroaren 2an hasita. Izena emateko zein informazio gehiagorako 688 60 12 99 telefonora deitu edo iezagirre@iraurgiberritzen.eus helbide elektronikora idatz daiteke.

Iraurgi Berritzenen esanetan, programaren helburua da langabetuak lan mundura sartzea, Lan Sozietateen eredua oinarri hartuta eta "ekintzailetasuna sustatuz". Europar Funts Sozialak finantzatutako programa da, eta Euskadiko Lan Sozietateen elkarteak eta Iraurgi Berritzenek parte hartzen dute.