Mikel Larrañaga finalaurrekoan lan onena eginda, aizkolari txapelketa nagusiko finalera sailkatu da

Nerea Uranga 2022ko urr. 23a, 08:00

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finalerako txartela erdietsi du azpeitiarrak, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatutako finalaurrekoan egindako lanari esker.

III. Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finalaurreko kanporaketa jokatu zuten  11 aizkolarik atzo, 18:00etan hasita, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Atzokoan lan onena egindako sei aizkolariek lortu zuten azaroaren 13an Bilboko Bilbao Arenan jokatuko den finalerako txartela: Mikel Larrañaga azpeitiarrak, Julen Alberdi Txikia IV.ak, Eneko Otañok, Ugaitz Mugertzak, Txomin Amundarainek eta Ibai Soroak.

Bina kanaerdiko, 60 ontzako eta oinbikoa moztu behar izan zituzten finalaurrekoan. Larrañagak egin zituen lanak azkarren, 18 minutu eta 46 segundoan lanak bukatuta. Haren atzetik, bigarren denbora onena, Txikia IV.a azkoitiarrak egin zuen, 20 minutu eta hiru segundoan egurrak ebakita, eta hirugarrena Otaño beizamarra izan zen, 21 minutu eta lau segundorekin.

Hamahiru aizkolarik parte hartu behar zuten atzoko finalaurrekoan, baina Aitzol Atutxak eta Jon Rekondok ezin izan zuten jokatu, osasun arazoak tarteko.

Sailkapena eta denborak:
1. Mikel Larrañaga (18:46)
2. Julen Alberdi Txikia IV.a (20:03)
3. Eneko Otaño (21:04)
4. Ugaitz Mugertza (21:46)
5. Txomin Amundarain (23:11)
6. Ibai Soroa (23:37)
7. Julen Larrea (23:57)
8. Jexux Mujika (24:27)
9. Ion Irazu (25:31)
10. Iñaki Azurmendi (26:01)
11. Arkaitz Jauregi (27:15)