Adimen desgaitasuna dutenek nola bizi erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatu du Atzegik aurtengo kanpainan

Anartz Izagirre 2022ko urr. 20a, 12:56
Ezkerretik eskuinera, Mendizabal, Alkorta, Unanue eta Agirre, Basazabal jauregian. (Anartz Izagirre)

Nire erara bizitzeko erronka da aurtengo kanpainaren leloa, eta kolektibo horren profilen eta bizi aukeren aniztasunean egin du azpimarra Atzegik. Atzo, asteazkena, egin zuten kanpainaren aurkezpena Basazabal jauregian, eta eskualdeko datuen berri ere eman zuten. Adierazi zutenez, Azpeitian lau pertsona ari dira norbere kabuz bizitzeko programan parte hartzen.

Adimen desgaitasuna duten pertsonek nola bizi nahi duten erabakitzeko eskubidea. Horixe da Atzegiren ikasturte berriko sentsibilizazio kanpainaren oinarria. Nire erara bizitzeko erronka lelopean, Atzegiko kideek kolektibo horren profilen eta bizi aukeren aniztasuna aldarrikatu nahi izan dute: "Gizartearen zati handi batentzat oraindik ezezaguna den alderdi bat ikusarazi nahi dugu: adimen desgaitasuna duten pertsonek modu independentean bizitzeko duten gaitasuna eta eskubidea". Elkartearen arabera, pertsona guztiek ez dute modu independentean bizitzeko adina autonomia, baina horietako askok bai, betiere "beharrezko laguntza jasota". Atzegiko kideek diotenez, oraindik ere jende asko "harritu" egiten da adimen desgaitasuna duten pertsona batzuk bikotean, lagunekin edo bakarrik bizi direla jakitean, eta garrantzitsutzat jo dute hori hala izan daitekeela helaraztea. Era berean, kolektibo horrek independizatzeko eta etxebizitza bilatzeko dituen zailtasunak ere mahaigaineratu dituzte.

Atzo, asteazkena, sentsibilizazio kanpainaren aurkezpena egin zuten Basazabal jauregian, eta bertan izan ziren Aloña Agirre Atzegiren koordinatzailea, Nerea Mendizabal Atzegiko senidea, Jose Mari Unanue Atzegiko erabiltzailea eta bere erara bizitzeko programan parte hartzen ari den kideetako bat, eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea. Alkorta izan zen hitza hartzen lehena, eta aurtengo leloari keinu eginez, erakundeen erronka nabarmendu zuen hark: "Erronka daukagu erakundeetako ordezkari garenok zein herritarrok ere. Eskubide horiek bete ahal izateko erakundeetatik baliabideak jarri behar ditugula iruditzen zait, eta herritarrek ere egoera horretan dauden pertsonei laguntza eta babesa eskaini behar dietela".

Erronka, "guztiona"

Agirrek, bestalde, aurtengo kanpainaren xehetasunak izan zituen hizpide. "Batzuei kostatu egiten zaie imajinatzea adimen desgaitasuna dutenak ere gai direla modu independente batean bizitzeko. Errealitateak erakusten duena da geroz eta pertsona gehiagok erabakitzen dutela beren erara bizitzea. Egia da pertsona horiek babesa eta laguntza behar dituztela, baina nork ez du behar babesa bere bizi proiektua aurrera eramateko?". Era berean, Agirrek nabarmendu zuen "erronka guztiona" dela: "Denok sinetsi eta ikusi behar dugu pertsona horiek ere gai direla beren kabuz erabakiak hartzeko, eta hori posible izan dadin, momentu jakin batzuetan gauzak konplikatu beharrean sinplifikatu egin behar direla". Azpeitiko datua ere jakinarazi zuen Agirrek: herrian lau pertsona ari dira norbere kasa bizitzeko programaren barruan parte hartzen, Atzegiren laguntzarekin.

Aurten, bestalde, ohi baino bi kartel gehiago atera dituzte sentsibilizazio kanpainaren barruan, horiek ikastetxeetan, saltokietan eta bestelako hainbat lekutan zabaltzeko helburuz. Horrez gain, bizitzeko lau modu desberdin islatzen dituzten lau bideo ere kaleratu dituzte, eta horiek Atzegiren webgunean egongo dira ikusgai, baita elkartearen sare sozialetan ere.

Bestalde, Unanuek esperientzia pertsonala kontatu zuen aurkezpenean, bere kasa bizi baita, bakarrik. Hark egunerokotasuna izan zuen hizpide, eta bakarrik egiteko gauza den jarduerak aipatu zituen: "Etxeko lanak nire kabuz egiten ditut: garbigailua jarri, bazkaria prestatu... Laguntza behar izaten dut, besteak beste, bankuko kontuak egiteko eta". Unanuek aipatu zuen etxea antolatzea, erosketak egitea eta halakoak direla, hain zuzen, bere eguneroko erronkak.

Eskualdeko datuak

Mendizabalek Atzegiren eskualdeko datuen berri eman zuen aurkezpenean. Haren arabera, Atzegiren helburu nagusia "gizarte hobea eta anitzagoa lortzea" izan da elkartearen sorreratik, eta datu orokorren berri eman zuen. Eskualdean adimen desgaitasuna duten senideen 89 familia daude —97 dira adimen desgaitasuna duten pertsonak—, eta 57 dira ekonomikoki kolaboratzen dutenak. Horrez gain, guztira, 885 atzegizale daude: "Guretzat bereziki garrantzitsua da gero eta atzegizale gehiago izatea eskualdean, horiek baitira azken finean adimen desgaitasuna duten pertsonak ikusi, ulertu eta haiei laguntza eskaintzen dietenak". Era berean, Mendizabalek eskerrak eman zizkien sentsibilizazio kanpainarekin bat egiten duten dendariei, ostalariei, ikastetxeei zein beste hainbat eragileri.

'Nire erara bizitzeko erronka' sentsibilizazio kanpainaren aurkezpenaren irudi bat. (Anartz Izagirre)