Azpeitiko Udalak aurreikusitakoa baino 372.000 euro gehiago jasoko ditu aurten Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetik

Andoni Elduaien 2022ko urr. 18a, 14:58
Azpeitiko udaletxea.

Azpeitiko Udalak Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetik 11.500.414 euro jasotzea aurreikusten zuen aurten, baina zerga bilketa orokorraren igoeraren ondorioz, guztira 11.873.289 euro jasoko ditu.

Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak (UFFF), Gipuzkoako udalen finantzaketarako iturri nagusiak, 587 milioi euro banatuko ditu 2022. urtean, aurreikusitakoa baino 18,4 milioi euro gehiago. Herri-dirubideen Euskal Kontseiluak ostiralean egindako batzarrean adostu zuen diru bilketa aurreikuspenak eguneratzea, eta atzo, astelehena, elkartu zen Gipuzkoako Finantza Kontseilua hainbat udal ordezkariri eguneratze horren berri emateko.

Finantzaketarako Foru Funtsetik 11.500.414 euro jasotzea aurreikusten zuen Azpeitiko Udalak 2022. urtean, baina atzoko bileraren ostean jakinarazi zitzaion aurreikusitakoa baino 372.875 euro gehiago jasoko dituela. Zerga bilketa orokorraren igoeragatik jasoko du Gipuzkoako udal bakoitzak aurreikusitakoa baino kopuru handiagoa. Datorren urteko otsailean berriro elkartuko da Gipuzkoako Finantza Kontseilua, eta zergen bidez jasotako diru kopuru erreala zein den baieztatuko dute orduan.

Datorren urtean, berriz, aurreneko aldiz gaindituko du Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak 600 milioi euroko langa; izan ere, 609 milioi euroko aurreikuspena egin du funtsak datorren urterako. Ekitaldi honetan jasotzen dena aurreikusten dena baino %5,3 handiagoa izango da datorren urtean jasoko duten zenbatekoa. Hala, udalek baliabide gehiago izango dituzte beraien eginbeharretarako. 2023. urtera begira egindako aurrekontu aurreikuspenen arabera, Azpeitiko Udalak 12.482.858 euro jasoko ditu UFFFtik, aurtengo itxiera aurreikuspena baino 609.569 euro gehiago. Hori horrela, biztanleko 822 euro jasoko ditu Azpeitiak funts horretatik. Diru kopuru hori aintzat hartuta, udalak 2023. urteko aurrekontuak osatuko ditu.

2022ko Foru Funtsaren aurrelikidazioa (eurotan)

Herria 2021eko likidazioa (eurotan) 2022ko aurrekontua (eurotan) 2022ko itxiera aurreikuspena (eurotan) 2022ko betetze maila (%) 2021-2022 arteko aldaketa (%) Biztanleko euroak
Azpeitia 11.767.295 11.500.414 11.873.289 %103,24 %0,90 782

2023ko udal finantzaketarako Foru Funtsa (eurotan)

Herria

2023ko aurrekontua (eurotan)

2022ko aurrekontua (eurotan)
2022ko itxiera aurreikuspena (eurotan)
Aldaketa (eurotan) Aldaketa (%) Biztanleko euroak
Azpeitia 12.482.858 11.500.414 11.873.289 609.569 %5,13 822