Piaspe proiektu eolikoa

Nagore Alkorta: "Energia trantsizioa berriztagarrien bidez egin behar dela garbi dago, baina hori adinako garrantzitsua da egiteko modua"

Julene Frantzesena 2022ko urr. 14a, 15:12
Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea.

Astearte iluntzeko batzarraren "digestioa" egin bitartean, Piaspe proiektu eolikoaren nondik norakoez hitz egin du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak Uztarria.eus-ekin. Hurrengo urratsez aritu da, lehentasuntzat "giroa baretzea" eta herritarrekin zein eragileekin bilerak egitea jarrita. "Eredu demokratiko baten bidez berriztagarrien aldeko trantsizioaren alde" agertu da, eta Statkraften proiektuaren ereduan jarri du arreta. Proiektua "aurrelanketa fasean" dagoela azpimarratu du.

Zer balorazio egiten duzu astearteko batzar irekiaz?

Batzarra luzea izan zen, eta zentzu horretan, gogorra. Baina egun batzuk pasatuta, balorazio positiboa egiten dugu; batez ere, albistea atera zenetik egun dezente igaro direlako, eta enpresarekin batera, jendaurrera ateratzea nahi genuelako. Datari dagokionez, atzeratu egin baldin bagara ere, nahi genuen moduan, iritzi desberdinetako herritarrez bete zen Soreasu. Genuen informazioa herritarren esku uzten saiatu gara, gardentasun ariketa eginda utzi dugu.

Batzarrean ahoz gora emandako iritzi gehientsuenak proiektuaren kontrakoak izan ziren. Sañu Bizirik taldea ere sortu dute herrian. Kezka sortu al dizue horrek?

Lehendakaritzatik albistea atera zen unetik genekien gai korapilatsu eta sentsiblea genuela eskuen artean, eta noski, gaiak kezka sortzen digu. Kontziente gara halako azpiegitura bat egiteak baliabide naturaletan duen eraginaz, baina klima larrialdia dela-eta bizi dugun egoerarekin, uste dugu beharrezkoa dela eredu demokratiko baten bidez berriztagarrien aldeko trantsizioa egitea. Dena den, oraindik ez dakigu proiektua egingo al den ere. Horregatik, herritar guztiei lasaitasun mezua helarazi nahi diegu, proiektua aurrelanketa fasean eta airean dagoelako.

Zein izango dira "aurrelanketa fasean" dagoen proiektuaren hurrengo urratsak?

Proiektuaren tramitazioa oso luzea da, eta alor asko ukitzen ditu. Aurretiazko baimen administratiboa irailaren 23an eskatu zuen Statkraftek, eta orain informazio publikoko epean dago. Horrek esan nahi duena da edozein enpresak aurkez dezakeela orain leku horretan bertan haize errotak jartzeko eskaera. Baimen hori onartuta ere, beste hainbat galbahe pasatu beharko ditu enpresak. Ingurumen inpaktuaren txostena egiteko dago, baita hegaztien eta faunaren txostena ere. Gainera, haizea neurtu behar dute urtebeteko epean, nahikoa egoten al den jakiteko. Eta garrantzitsuena zera da: Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onartu gabe dago. Plan horrek esango du EAEn zer lekutan jarri ahal izango diren, adibidez, haize errotak, eta horiek ezarri nahi dituzten enpresek zer baldintza bete beharko dituzten. Beraz, airean dagoela diogu, hala dagoelako, ez dakigulako proiektua gauzatzea posible izango al den. Gaia ez genuen publiko egin, dena hipotesia zelako. Baina publiko egin denez, eta normala den bezala, herritarren artean egonezinak, kezkak eta urduritasuna sortu direnez, lasaitasun mezua eman nahi dut.

Batzar irekian eragileekin-eta bilera erronda egingo duzuela aurreratu zenuten. Zer-nola egitea aurreikusten duzue?

Lehenengo batzarraren digestioa egingo dugu, eta gero, bilera erronda ireki; mendizaleekin, baserritarrekin, balizko kaltetuekin, Sañu Bizirik plataformarekin, eragileekin eta tokiko enpresekin elkartu nahi dugu. Hitz egiteko eta kezkak jasotzeko aprobetxatuko dugu denbora, baita mahai gainean dagoen eredu berria lantzeko ere.

Statkraft enpresako Jon Zayasek hala esan zuen batzarrean: "Zuek nahi ez baduzue, ez dugu egingo". Ez nahi izate hori nola neurtuko duzue?

Bileretan Statkrafteko ordezkariek azaldu zuten beraientzako oso garrantzitsua dela proiektua aurkezten duten lekuko herritarrekin bat egitea. Konfrontazio sozial handia dagoen lekuetan ez dutela proiekturik gauzatzen esan ziguten, eta batzarrean ere gauza bera esan zuten. Guretzat garrantzitsua da hori, baina jakitun gara lege eskakizun guztiak betetzen baldin badituzte, proiektua gauzatzeko aukera izango dutela.

Herritarren artean adostasunik ez bada, zer bide jorratuko duzue?

Proiektuari buruzko lehen albisteak hedabideetan atera aurretik genuen batzarra egiteko asmoa. Egin dugu jada, genuen informazio guztia eman dugu eta emaitza ez dago ziurtaturik. Oso arriskutsua da herrian polarizazioa sortzea, jendea alde edo kontra dagoen esatera bultzatzea, oraindik gauza asko argitzeko daudelako eta hipotesi huts baten aurrean gaudelako. Lasaitasunez hartu behar dugu gaia, kezkak azaldu egin behar ditugu, eta uste dut erakundeok ateak zabalik izan behar ditugula gurekin hitz egin nahi duen ororentzat. Urak lasaitzea dagokigu orain, eta datozen gertaerek esango digute zer bide hartu behar dugun.

Galdeketa bat egiteko goizegi dela esan nahi al duzu?

Bai, ez litzateke ez arduratsua, ez zuhurra halakorik proposatzea. Nahikoa datu izan gabe, herritarrak erabaki bat hartzera bideratzea litzateke. Horren aurretik pauso asko daude egiteko, gaur-gaurkoz ez baitakigu proiektua gauzatu ahal izateko probabilitatea zein den ere. Proiektuak aurrera jarraituko balu, egiteko bidean jartzen bada eta herritarrek hala eskatuko balute, herri galdeketaren bidea irekita izango dugu. Momentuz, baina, ez dago gure planteamenduaren barruan, nahiz eta ez dugun baztertzen.

Statkraften proposamena berezia dela esan duzue; izan ere, energiaren sozializazioaz hitz egin du enpresak proiektuaren aurkezpenean. Zer esan nahi du horrek?

Energia benetako arazoa da herritarrentzat, eta halako proiektu bat aztertzeko prestutasuna horregatik azaldu dugu. Herritarren energiaren fakturak murriztea, eta gainera, herritarrak egitura baten parte izatea lortzen baldin badugu? Statkrafteko kideek sozializazioa posible zela, jabetza partekatuan sinesten zutela eta energia komunitateen bidezko herritarren parte hartzearen aldekoak zirela esan ziguten bileretan. Ikuspegi sozialaz ere aritu ziren, halako azpiegitura bat jartzen den lekuko herritarrek onurak izan behar dituztela uste dutelako. Ahoz esatea gauza bat da, eta idatziz ere hartu zuten konpromisoa udalean aurkeztu zuten dokumentuarekin. Batzarrean ere gauza bera esan zuten, eta guretzat badu balioa horrek.

Zerk egiten du Piaspe proiektua Capital Energyk Oletarako egin duenarekiko desberdin?

Biak energia berriztagarriei lotutako proiektuak dira, haize errotenak. Beraz, teknikoki ez dut desberdinak direla esateko elementurik. Eredu posibleak egiten ditu desberdin; izan ere, Capital Energy enpresa pribatua da, legeak utziz gero bere haize errotak jarriko dituena. Energia trantsizioa berriztagarrien bidez egin behar dela garbi dago, baina hori adinako garrantzitsua da trantsizio hori egiteko modua. Statkraften proiektuan elementu berritzaile bat egon daitekeela ikusi dugu, eta horrek eragin dezakeela erakundeak, enpresak nahiz herritarrak proiektuaren parte izatea. Aztertzen ari garena da Ekindar proiektuarekin egindako urratsak eolikoetan aplikatzea; egitura edo egiturak sortzea, herritarrek horietan parte hartzea izan dezaten. Eredu hori aztertzea ezin dugu alde batera utzi, eraldaketa ikaragarria ekarriko lukeelako. Energia burujabetzaren bidean, urrats bat izan daitekeela uste dugu, eta Udal Gobernuak aukera aztertu egingo du. Enpresak dirua irabaziko al duen? Noski baietz, enpresa pribatu bat da, kapital publikoa duena; ikusi behar dena da, proiektua gauzatzen baldin bada, enpresak zer ehuneko izango duen egituran. Egon daitezkeen formula posibleak aztertzeko prest daudela esan dute publikoki.

Batzuek eta besteek –enpresa, erakundeak, eragileak, herritarrak...– proiektuak izan ditzakeen onurak eta desabantailak izan dituzte/dituzue ahotan. Gaur-gaurkoz, zein dira abantailak? Eta desabantailak?

Abantaila, dudarik gabe, eredua da. Energia burujabetzara bidean pauso garrantzitsua izango da, pauso eraldatzailea. Energiaren merkatuan eskua sartzeko aukera izango genuke, eta proiektua aurrera aterako balitz, herritarrok izango ginateke sortzen dugun energiaren jabe. Ditugun dependentzietatik eta lokarrietatik askatu egingo ginateke.

Guztiz?

Ez, dependentzia puntu bat izango genuke. Izan ere, energia berriztagarriek gaur-gaurkoz ez digute eskaintzen kontsumitzen dugun adina energia. Dena den, pauso oso garrantzitsua izan daiteke.

Zeintzuk dira Piaspe proiektuaren desabantailak?

Ingurumen inpaktua, dudarik gabe. Energia berriztagarriak hiru alorretatik lortzen dira: eguzkitik, uretatik eta haizetik. Haize errotak jartzeko lur zoru bat okupatzen da, eta lur zoru horiek normalean mendi aldean egoten dira, haize lekuak direlako. Uneotan, gainera, euskal gobernuak ez du marko juridiko definitu bat, eta ez dago koordinatutako estrategiarik.

Batzarrean udalak emandako datuen arabera, eolikoekin sortutako argindar guztia hiru herrietarako –Azpeitia, Errezil eta Zestoa– izanda ere, egun kontsumitzen denaren %60 izango litzateke. Gainerako %40a estaltzera iristeko, zer?

Eguzki plakek energia sortzeko duten ahalmena haize errotena baino askoz ere txikiagoa da. Dena den, Azpeitiko Udalak eguzki plakak jarriko ditu Azoka Plazan eta Soreasu eraikinean, adibidez. Ez da erraza plakak jartzeko lurrak bilatzea, baina argi dugu, Ekindarren bidetik, eguzkiak energia sortzeko duen ahalmena ere aprobetxatu egin behar dela. Gauza txikiak landu egin behar dira, baina handiak ere bai. Izan ere, energia berriztagarrien aldeko apustua egiteaz gain, uste dut denok egin behar dugula gaur egun dugun kontsumo ikaragarria jaisteko ahalegina. Kontzientziazio eta pedagogia lan handia daukagu herri bezala egiteko.

Statkraft enpresarekin zer urrats jorratuko dituzue aurrerantzean?

Enpresarekin segituko dugu harremanetan. Orain, baimen administratiboaren eta azterketen zain daude. Batzarra eginda, herriko eragileekin-eta biltzea da gure lehentasuna, hori egitea dagokigula uste dugu. Bidea luzea izango da.

Hiru herriri eragiten die Piaspe proiektuak. Errezilgo eta Zestoako udalekin izan al duzue harremanik orain arte?

Bai, noski. Enpresarekin batera egon gara bi udaletako ordezkariekin. Errezilen eta Zestoan ere egingo dituzte batzarrak. Azpeitiko bilkuran ere izan ziren bi herri horietako alkateak. Hiru herriak eskutik goaz.