Piaspe proiektu eolikoa

Informazioa herritarren eskura, eta haien hitza entzunda

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 12a, 13:40

Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo lurretan Statkraft Norvegiako enpresak eraiki nahi duen zentral eolikoaz batzar irekia egin zuten atzo, Soreasu antzokian. Udalak "gardentasun" ariketa egin nahi izan zuen, informazioa herritarren eskuetan jarrita. Statkraft enpresak proiektuaren nondik norakoak azaldu zituen. Herritarrek galderak egiteko aukera izan zuten, eta luze jo zuen batzarrak; ia hiru ordu iraun zuen.

Jakin-mina piztu zuen Piaspe proiektu eolikoaren gaineko azalpenak emateko Azpeitiko Udalak atzo egin zuen batzarrak. Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo lurretan Statkraft Norvegiako enpresak eraiki nahi duen zentral eolikoaz duten informazioa herritarren eskura jartzea zen bileraren helburua, eta ia leporaino bete zen Soreasu antzokia. Azpeitiko Udaleko ordezkariek ez ezik, Statkraft enpresako arduradunek ere eman zituzten azalpenak. Eztabaidatsua izan zen saioa; izan ere, publikoan zirenek behin eta berriz moztu zuten hizlarien jarduna, eta txaloak, txistuak nahiz oihuak entzun ahal izan ziren batzarrean zehar. Gaiak iritzi kontrajarriak sortu ditu herrian, eta batzarra hasterako bero zegoen giroa: 150 bat lagunek elkarretaratzea egin zuten plazan Mendiak ez industrializatu lelopean, Sañu Bizirik taldeak deituta, eta han bildutakoak manifestazioan joan ziren Soreasu antzokira.

19:00etan hasi zen batzarra, eta lehenik, Azpeitiko Udaleko ordezkariek hartu zuten hitza; Nagore Alkorta alkateak eta Josu Labaka Estrategia eta Hirigintza zinegotziak eman zituzten azalpenak. Hasteko, gaia komunikabideek "modu trakets batean" gizarteratu dutela nabarmendu zuen alkateak: "Komunikabideetan zenbaitek kontrakoa esan baldin badute ere, Azpeitiko Udal Gobernuak sekula ez du eduki informaziorik ezkutatzeko asmorik. Eta egiari zor, gaia hedabideetan azaldu aurretik genuen asmoa batzar hau egiteko udalak eta Statkraft enpresak. Batzarra beste momentu batean egitea nahiko genuke, baina ez da posible izan. Egia da abuztu aurretik Statkraft enpresarekin harreman batzuk izan genituela, edozein enpresarekin edo eragilerekin izaten ditugun bezala. Hainbat enpresarekin hitz egiten dugu hainbat egitasmoz, baina ez ditugu horiek publiko egiten, batik bat ez zaigulako iruditzen arduraz jokatzea denik hipotesi batzuen inguruan komunikabideetan mezuak helaraztea. Dena den, oraingoan ere ustezko egitasmo baten inguruan bolo-bolo ibili gara hitz egiten, oraindik ez dakigunean benetan baldintzak ematen al diren egitasmo hori gauzatzeko. Irailaren 13an iritsi zen gai hau Lehendakaritzatik komunikabideetara, gure ustez, era trakets edo intentzionatu batean. Ez dugu uste komunikabideetan albistea atera zen moduagatik benetan informazioa ematea nahi zenik, uste dugu beste asmo batzuk izan zirela". Ordutik, udala "zurrunbilo mediatiko" batean sartu dela nabarmendu zuen alkateak, eta horren aurrean, erakundearen asmoa "gardentasunez" jokatzea dela. "Herritarren eskubidea da informatuta egotea; ez daukagu ezer ezkutatzeko".

Hori esanda, Alkortak nabarmendu zuen proiektua oraindik "aurrelanketa fase batean" dagoela, eta udala ez dagoela "itsu-itsuan" egitasmoaren alde. Dena den, proiektuari bi elementu garrantzitsu ikusten dizkiotela aipatu zuen: enpresa sustatzailearen izaera eta eredu berritzaile baterako aukera. Hala ere, proiektuak "ertz ezberdinak" dauzkala esan zuen, eta oraindik "garaiz" dela "iritzi kontsolidatu" bat emateko. "Oraindik ez dago emaitza ziurtatuta".

Labakak larrialdi klimatikoaren testuinguruan kokatu zuen zentral eolikoaren proiektua. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan kontsumo nahiz kutsadura maila altuak direla nabarmendu zuen, eta energia horren kopuru handi bat kanpotik ekartzen dela. "Menpekotasun handia dugu. Nuklearra kontsumitzen jarraitzen dugu, eta nolabait amaitu behar dugu errealitate honekin". Hori horrela, trantsizio energetikorako bidea egin behar dela azpimarratu zuen. Energiaren kontsumoa jaitsi behar dela aipatu zuen, baina hala ere, gizarteak energia behar izaten jarraituko duela. Horren aurrean, inpakturik ez sortzeko modurik ez dagoela esan zuen: "Eredurik jasangarrienak fotovoltaikoak, biomasa, eolikoak... dira". Haren arabera, eolikoen aurkako auzia ezin da planteatu nuklearraren aurkakoarena bezala. "Horrek ez du esan nahi eolikoen alde gaudenik edozein modutan".

Egungo errealitatearen aurrean, energia berriztagarrien aldeko apustua egin behar dela nabarmendu zuen Alkortak. "Udal Gobernutik ezer ez egitea ez da hautu ekologiko bat. Energiaren arazoa benetako arazoa da, eta instituzioetan gaudenok ardura bat daukagu gai honetan", erantsi zuen. Haren arabera, ez da nahikoa energiaren kontsumoa gutxitzea, eraldaketarako pausoak ere eman behar dira; "bestela, denbora gutxian amildegian egongo gara". Egoeraren aurrean, energia berriztagarrien alde azaldu zen, baina ez "edozein modutan".

Datuak, mahai gainean

Azpeitiko Udalak eta Statkraftek emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan energia kontsumoa 15.892 GWh urtean da. Egun, Azpeitiak 110 GWh urtean kontsumitzen ditu, 41 GWh urtean Zestoak eta 2,3 GWh urtean Errezilek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hiru lurralde horiek erabiltzen duten energiaren erdia baino gutxiago ekoizten da, eta energia berriztagarrien bidez, energia osoaren %16,7 baino ez; gainontzekoa kanpotik ekartzen da. Piaspe proiektua urtean 84,7 GWh ekoizteko gai izango litzateke; hau da, Azpeitiak, Errezilek eta Zestoak kontsumitzen duten energiaren %60. 24.300 etxebizitzarentzako elektrizitatea sortzeko gai izango litzateke parke eolikoa.

Proiektuak eragin dezakeen inpaktuaz ere hitz egin zuen Labakak. Egitasmoak "inpaktu paisajistikoa" eragingo lukeela aipatu zuen, eta inguruko bizilagunengan ere eragina izango lukeela nabarmendu. "Kezka hori partekatzen dugu", esan zuen. Dena den, onurak ere ikusten dizkiote egitasmoari; besteak beste, energia zero kilometroan ekoitzitakoa izango litzatekeela esan zuen: "Kanpoko kea ez dugu ikusten, baina bertan ekoitzitakoak begien aurrean jartzen dizkigu gure miseriak".

Jabetzari dagokionez, proiektuak alderdi berritzaile bat duela nabarmendu zuten udal ordezkariek. "Energiaren sozializazioaz" hitz egiten du proiektuak, eta hori udalarentzat "oso garrantzitsua" dela nabarmendu zuten. Jabetza herritarrena izateko aukera bat egon daitekeela aipatu zuen Labakak: erakunde publikoak, herritarrak eta enpresak izango lirateke jabeak. "Bide hori esploratzera behartuta gaude".

Proiektuaren xehetasunak

Udal ordezakarien tartea amaitzean, Statkraft enpresako arduradunek hartu zuten hitza. Luis Miguel Alvarez garapen berriztagarrien zuzendariak eta Jon Zayas Piaspe proiektuaren zuzendariak eman zituzten azalpenak. Zayasek azpimarratu zuen herritarrei entzutera etorri zirela Azpeitira, halako saioak "normalean ez" baitira egiten energia berriztagarrien industrian. "Ez dugu ezer egingo zuek nahi ez baduzue, protagonistak zuek zarete", esan zuen hark.

Alvarezek enpresaren gaineko datuak azaldu zituen jendaurrean. Statkfraft enpresa energia berriztagarrien sektorean Europako lehen ekoizlea dela nabarmendu zuen, eta 127 urteko esperientzia duela. Enpresaren jabetza %100ean Norvegiako Estatuarena dela ere esan zuen. Mundu guztiko hogei estatutan kokatuta daudela aipatu zuen, eta 4.800 langile dituela enpresak. Une honetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bi proiektu dituzte esku artean, horietako bat da Piaspe, eta hiru ardatzen bueltan lan egiten dutela esan zuen: ingurugiroaren eta biodibertsitataren babesa, bertako inbertsioa eta komunitatearekiko konpromisoa.

Zayasek, bestalde, herritarren ahotan dabiltzan hainbat zalantza argitu nahi izan zituen. Sañoa ingurua haizelekua dela nabarmendu zuen, eta horregatik dela egokia parke eoliko bat egiteko. Ingurugiroaren aldetik egokia dela ere esan zuen, zonaldea ez dagoelako babestuta. Gainera, Lasaoko azpiestaziotik gertu dago eremua, 3,8 kilometrora, eta beraz, gune egokia da energia hara garraiatzeko. Bideen gehiengoa eraikita dagoela ere esan zuen, eta hori materiala garraiatzeko baliagarri izango litzatekeela. "Bideen %91 dagoeneko eginda daude, horiek zabaltzea falta da". Era berean, adierazi zuen dimentsio handiak dituztela haize errotek, baina 6-7 MWh artean ekoizten dituztela. "Duela hamabost urte jarritako areosorgailuek MWh bat ekoizten zuten, eta oraingoek, sei-zazpi aldiz gehiago. Beraz, sortzen den energia kontuan izanda, proportzioan lur eremu txikiagoa hartzen dute haize errotek".

Zentral eolikoek hegaztiengan eragingo luketen kaltea aipatu izan dute hainbatek, eta horren inguruan ere hitz egin zuen Zayasek. Haren arabera, aerosorgailu bakoitzak urteko hegazti bat baino gutxiago kolpatuko luke, batez beste. Gainera, esan zuen parke eolikoa bateragarria izango litzatekeela abeltzaintzarekin. Proiektuak ingurumenean eragingo lukeen mesedea ere izan zuen hizpide: "Parke eolikoak urtean 85 GWh sortuko lituzke; hau da, energia garbiz 24.300 etxe hornitzeko gaitasuna izango luke. Horrek CO2 gutxiago sortzea ere eragingo luke. 1.970 tona CO2 gutxiago sortuko lirateke urtean; 1.100 autok sortu ohi duten kopurua da hori".

Proiektuaren inbertsioa 32 milioi eurokoa izango dela aurreikusten dute, eta Statkraft enpresak bere gain hartuko luke kopuru hori. 2026 bukaerarako edo 2027 hasierarako zentral eolikoa martxan izatea aurreikusten dute.

Herritarren artean, kezka

Galderen txandari ekin aurretik, hausnarketarako galdera bat egin zuen Azpeitiko alkateak: "Herri moduan, energia fosilak alde batera utziz eta energia berriztagarrien aldeko apustua eginez, energiaren demokratizaziorako bide emango lukeen egitasmo baten balizko aukera baten aurrean, zer jarrera hartuko genuke?". Ondoren, herritarrek hartu zuten hitza. Berez, ordu erdiko tartea zegoen pentsatuta galderentzat, baina asko eta asko izan ziren galderak egin zituztenak, eta ia 22:00ak zirela amaitu zuten galderen tartea; oraindik ere hitz egiteko gogoz gelditu zen jendea. Dena den, zalantzaren bat duenak piaspe@statkraft.com helbidera idatz dezakeela nabarmendu zuten, eta mezu guztiak erantzungo dituztela. 

Gardentasunaren inguruan galdetu zuen herritar batek. "Horrelako makroproiektu baten berri komunikabideen bidez jakitea iruditzen zait ez dela oso gardena. Zayasek esan du urtarrilean hasi zinetela biltzen, alkateak esan du uztailean hasi zinetela, eta telebistan entzun dut irailean udalak uko egin zuela. Gainera, Zayasek esan du udalak ez zuela nahi gaurko batzarrean komunikabideak egotea. Ez dakit hori oso gardena ote den". Alkorta: "Uste dut gardentasuna gauza bat dela, eta beste bat enpresa bat proiektu bat aurkeztera etortzen denean eta baldintzak beteko al diren oraindik ez dakigunean horren berri ematea; horrek arrisku batzuk ditu". Prentsaren kontuaz Labakak erantzun zion: "Argi genuen batzar ireki bat egin behar genuela, eta modu ordenatu batean egite aldera –hau da, herritarren parte hartzea behar den baldintzetan, intimitatean, egite aldera–, planteatu genuen batzarra herritarrekin egitea eta hurrengo egunean ematea horren berri komunikabideei. Gero, erabaki hori prentsari komunikatuta eta ikusita giroa nahasteko albiste batzuk ateratzen ari zirela, gardentasuna zalantzan jartzen ari zenez, erabaki dugu prentsari sarrera ematea".

Haize erroten biziraupenaz galdetu zuen beste batek. Zayasek esan zuenez, 30-35 urteko biziraupena izango dute horiek, eta ondoren, makina horiek aldatu edo berriak jarri beharko lirateke. Haize erroten materiala birzikla ote daitekeen ere galdetu zioten, eta birziklatzeko zailenak palak direla esan zuen, hondakin guztiei "bizi berri bat" ematen dietela gaineratuta.

Beste batek mendietan jarri zuen arreta: "Hau alternatiba moduan aurkeztu da, eta esan duzue, honi kontra egitea ia-ia ezer ez egitea bezala dela. Nik uste dut indarrak jar daitezkeela kontsumoa jaisten, baina ez bakarrik bonbillak aldatuta, baizik eta behar duguna da sistema aldaketa bat, kapitalismo eta kontsumismo honi buelta ematea. Proiektu honetan interesatuta dagoenetako bat da Fagor, eta hango ordezkariek esaten dute Azpeitiko eta Aramaioko proiektuekin enpresaren beharren %20 inguru beteko litzatekeela. Fagorrek hamar mendikate beharko lituzke bere beharrak asetzeko. Orduan, benetan alternatiba bat baldin bada, zenbat mendikate sakrifikatu beharko direla aurreikusten dugu?". Txalo zaparrada luzea entzun zen.

Beste herritar bat Alkortari zuzendu zitzaion: "Herritar bezala, eta EH Bilduren boto emaile bezala, nondik sortu da proiektu hau? Alderdien interesen gainetik jarri dituzu herritarrenak, edo EH Bildurenak ari dira lehenesten? Arantxa Tapiari hortzak erakutsi zenizkion bezala, Arnaldo Otegiri eta Mikel Oterori ere erakutsi. Bidali egin behar ditugu munstro hauek".

Auzotarrekin elkartu al diren galdetu zuen beste batek. Labakak erantzun zion batzarrera etortzeko deia egin zaiela auzotarrei, eta ezin zutela bileraren aurretik haiekin erronda bat egiten hasi. "Orain, guk adina informazio duzue", esan zuen. Ondoren, auzotarrekin nahiz askotariko eragileekin bilera erronda bat egingo dutela aipatu zuen.

Publikoan ziren baserritarrek ere hartu zuten hitza, eta beren kezkak jarri zituzten mahai gainean. Besteak beste, Premietxeberriko baserritar batek hartu zuen hitza, eta publikoari begira hitz egin zuen; "ez naiz zuei begiratzeko gai", esan zuen. Negarrez hitz egin zuen. "Premietxeberritik nator. Hor gaur egun dagoena urte askotako energiari esker dago. Guk hor jatekoa sortzen dugu, zuentzako. Niri honek sekulako tristura ematen dit. Nik hor proiektu bat daukat, arbasoengandik hartu dudana. Lekukoa hartzeko intentzioa daukat, eta honek sekulako negargura ematen dit. Ez dakit dakizuen, baina guk hor jatekoa sortzen dugu, eta ez hori bakarrik: CO2 famatu hori errekuperatzeko gaitasuna dute gure lurrek". Gutxienez herritarrak entzun ditzaten nahi zuela adierazi zuen.

Beste herritar batek galdera bat egin zien udal ordezkariei: Norvegiako enpresa bat "bere produktua saltzera" etorri dela, eta horren aurrean, proiektu eolikoak zalantzan jartzen dituen eta gaian aditua den pertsona bat ekartzeko prest al dauden galdetu zien. "Prest al zaudete adituekin batzar ireki bat antolatzeko?".

Azkenik, ia 22:00ak zirela, herritar baten azken galderarekin itxi zen saioa. Corrugadosen auziaren harira Alkortak jaso zuen babesa aipatu ostean, zera adierazi zion alkateari: "Nik gaur zuri eskatu nahi dizut babesa. Proiektua alde batera utzita, zuek azpeitiarrak babes ditzazuen nahi dut. Eskatu nahi dut herriari hitza ematea, elkarrekin egin dezagun denontzako Azpeitia. Denon artean erabaki dezagun zer Azpeitia utzi nahi diegun gure ondorengoei. Ez dezagun utzi gure naturaren ustiaketa kanpoko enpresa baten eskuetan, eta horra iritsi aurretik elkartu gaitezen eta saia gaitezen beste alternatiba batzuk bilatzen udala eta herritarrak. Ate hori irekita uzteko eskaera egiten dizut".

Hainbat datu

Azpeitiko Udalak eta Statkraft enpresak Piaspe proiektuaz emandako datuak dira honako hauek:

  • Zenbat haize errota jarriko dituzte? Bost errota eraikitzea aurrikusten du proiektuak; hiru aerosorgailu Azpeitian kokatuko lirateke, eta beste biak Zestoa eta Errezil artean.
  • Zer neurri izango dituzte haize errotek? 205 metroko altuera eta 170 metroko diametroa izango lituzkete. Orain arte jarri izan direnen bikoitzak izango lirateke.
  • Zenbat urteko biziraupena dute aerosorgailuek? 30-35 urte arteko biziraupena izan ohi dute haize errotek.
  • Zenbat energia sortuko lukete? Parke eolikoak urtean 85 GWh sortuko lituzke; hau da, energia garbiz 24.300 etxe hornitzeko gaitasuna izango luke.
  • Zer inbertsio eskatzen du egitasmoak? Proiektuaren inbertsioa 32 milioi eurokoa izango dela aurreikusten dute, eta Statkraft enpresak bere gain hartuko luke kopuru hori. 
  • Noiz jarriko dute martxan zentral eolikoa? Dena ondo bidean, 2026 bukaerarako edo 2027 hasierarako martxan izatea aurreikusten dute.
Erlazionatuak

Piaspe proiektuaren inguruko batzar irekia, osorik

Urtzi Oteiza eta Maialen Etxaniz 2022 urr 12 Azpeitia