Mikel Odriozola: "Jarrera lehiakorra izatea besterik ez du onartzen Iraurgik"

Nerea Uranga 2022ko urr. 7a, 09:00
Mikel Odriozola Juaristi ISBre entrenatzailea. (Argazkia: Nerea Uranga)

Bi urtez Juaristi ISBren bigarren entrenatzaile izan ondoren, Urrezko LEB ligako saskibaloi taldearen gidaritza hartu du. Gaur, ostirala, (21:30) dute lehen jardunaldia Azpeitiko kiroldegian, Coruñaren kontra.

Espainiako saskibaloiko gizonen Urrezko LEB ligako entrenatzaile gazteena ez, baina bigarren gazteena da Mikel Odriozola (Donostia, 1989). "Ez nago urrun, baina ligako entrenatzaile gazteena baino bost hilabete zaharragoa naiz; Lleidakoa da gazteena, hura 1990eko urtarrilekoa da. Ia-ia gazteena naiz ni", dio Juaristi ISBren gidari berriak. Aurreko bi sasoietan Juaristi ISBko bigarren entrenatzailea izan da, eta orain taldearen gidaritza hartu du.

Taldea liga hasteko gogoz dago. Lehen jardunaldia Coruñaren kontra jokatuko dute gaur, ostirala, 21:30ean, Azpeitiko kiroldegian.

Iñaki Jimenezen tokia hartu duzu Juaristi ISB entrenatzeko, pauso bat gora eginda. Nola jaso zenuen proposamena?
Ez nuen espero, edo ez nengoen horretan pentsatzen. Iñaki [Jimenez] aita izan denez ez zuen jarraitu behar, eta Xubik [Jose Luis Zubizarreta] proposatu zidan. Aurrena pentsatu nuen: "Ni hor sartuko naiz... eta nora noa...". Gero, lasai pentsatuta, proposamena onartzea erabaki nuen. Asko gustatzen zaidan jarduna da, eta horrelako esperientziak bizitzan behin gertatzen dira. Nire lana –kimikako laborategi batean ari nintzen lanean, minbiziaren kontrako ikerketan– utzi eta honetan sartu naiz, eta gogotsu nabil.

Urrezko LEB liga ezagutzen duzu. Mantentzeko zenbat borrokatu behar den ere badakizu.

Bai, ezagutzen dugu liga, eta badakigu zein den klubaren errealitatea. Urrezko LEBen aurrekontu txikiena duen taldea gara, eta ez bada horrela, beste bat antzekoarekin ibiliko delako da. Klubak ere oso garbi du ligan zein den gure errealitatea, beste taldeen errealitatea zein den, zein jokalari dituzten, dituzten baliabideak... Azkenean, taldea Urrezko LEB ligan egotea eta nesken taldea [Domusa Teknik ISB] Espainiako bigarren mailan edukitzea ikaragarria da Iraurgirentzako. Apaltasunez lan egiten eta egunero lehiatzen saiatu behar dugu, eta gero, ikusiko dugu noraino iristeko gai garen.

Aurreko sasoian Juaristi ISBk erakutsi zuen Azpeitiko kantxa ez dela horren erraza kontrako taldeentzat. Aurrekontu txikia duzue, baina beste baliabide positibo batzuk ere hor dituzue; zaletuak, esaterako.

Bai, nahiko gerra eman genuen gure kantxan aurreko sasoian; azkenean, hamazazpi partidetatik 11 irabazi genituen etxean, eta hori sekulakoa da. Eta ez guretzat bakarrik, ligako edozein talderentzako izango litzateke hala. Nik uste dut etxean 11 irabazteko aukera oraintxe sinatuko genukeela. Arlo batzuetan baliabide gutxiago ditugu, baina aldeko gauza positiboak ere baditugu, eta aurrera jarraitzeko horietan oinarritzen saiatzen gara. Iraurgi saskibaloi klubak baditu gauza batzuk beste toki batzuetan ez daudenak edo desberdinak direnak: zaleak, klubean jendeak daukan energia, lan egiteko gogoa... Baliabide horietan oinarrituta zerbait eraikitzen saiatu behar dugu guk.

Zer-nolako taldea osatu duzue? Aurreko denboralditik asko aldatu al da?

Iazko Euskal Herriko bost jokalariek jarraitzen dute Juaristi ISBn: Ibon Guridi eta Ierai Aizpitarte azpeitiarrek, Manex Ansorregi azkoitiarrak, Beñat Hevia donostiarrak eta Iñigo Royo gasteiztarrak. Kevin Buckinghamek [Texas, AEB] ere jarraitzen du taldean; iaz lesionatuta egon zen, baina orain dela bi urte ere gurekin jokatu zuen. Bost jokalari berri batu ditugu taldera: Dimitri Makonda herbeherearra, Betisek utzita gurekin ariko den Ibrahim Magassa frantziarra, Nathan Hoover estatubatuarra, Vincent Gielen belgikarra eta Khadim Sy AEBetatik datorren senegaldarra. Esperientzia gutxi dute horiek liga honetan, denak nahiko gazteak dira, eta gogotsu daude jokatzeko. Entrenatzaileen taldea Jon Gonzalez tolosarrak, Andoni Azpiazu azpeitiarrak eta nik osatuko dugu. Santi Merinok jarraitzen du taldearen delegatu lanean, eta fisioterapia eta prestatzaile lanean Joseba Diazek eta Epik [Josu Larrañaga] segitzen dute.

Denboraldiaurrean ondo moldatu al da taldea?

Lehendik daudenek oso oinarri ona ematen dute taldea ondo moldatzeko. Horien jarrera beti da oso ona, eta guretzat oso inportantea da hemengo jendea edukitzea. Izan ere, haiek kluba zer den eta zer behar den nik baino gehiago ulertzen dute. Eta hori ezinbestekoa da, asko laguntzen digu taldea egokitzen. Pixkanaka, baina ari gara gauzak enkajatzen. Lesioagatik, Kevin pixkanaka batu da taldera, eta beste bi jokalari bisatu kontuengatik berandu gehitu dira lan saioetara. Beraz, oraindik entrenatzaileak nahiko lukeena baino justuago gabiltza. Baina jokalariak oso ondo ari dira lanean; lanerako jende ona eta jatorra daukagu. Ea nola hasten dugun liga, eta gero ikusiko dugu zertan hobetu dezakegun.

Zer erronka dituzue hastear den ligarako?

Batez ere egunero lehiatzea, edo ahal den egun guztietan konpetitzea, da helburua. Lehiatzeko izaera hori beti eduki behar dugu, eta hortik aurrera ikusiko dugu noraino iristen garen. Klubean ez dute onartzen lehiakorra ez den beste jarrera bat, eta hori da ikusi nahi dutena. Gero, kontrako taldea gu baino hobeto badabil eta irabazten badigu, saiatuko gara hobetzen, baina ez da krisi sakon bat izango. Lehenengo helburua hori izango da: lehiatzea. Eta ilusioa mantentzea, denboraldi osoan zehar ilusioari eustea.

Aurreko sasoian, etxeko kantxan, talde indartsu bat edo beste bidean utzi zenituzten. Aurten horrelako poz batzuk emateko prest al zaudete?

Ez legoke gaizki! Iaz, Iñakirekin [Jimenez] ligako egutegiari begira jarrita hitz egiten, eta hala esaten zuen hark: "Ez dakit nola aterako ditudan salbatzeko behar ditudan hamabi edo hamahiru garaipenak". Beno, bada lehenengoa Estudiantesen kontra atera zen, beste bat Granadaren kontra... Aurten lehenengo mailatik Burgos eta Andorra jaitsi dira LEB ligara. Aurrekontu oso onak eta jokalari onak dituzten taldeak dira biak. Badaude beste talde batzuk aurrekontua igo dutenak, eta beheko mailatik igo diren talde batzuk ondo dabiltza.

Liga gogorra aurreikusten duzue orduan.

Liga oso gogorra izango da. Jendeak dio pauso bat aurrera eman duela Urrezko LEB ligak. Martxan hasitakoan ikusiko dugu.

Gaur hasiko duzue liga, Coruñaren kontra, Azpeitian (21:30). Nolako aurkaria da?

Coruñak asko aldatu du taldea, eta entrenatzailea ere berria du; aurreko sasoitik hiru jokalarik-edo jarraitzen dute, eta kanpoko jokalari onak fitxatu dituzte. Goian ibiltzeko taldea da, eta beren helburua epe ertain-motzean mailaz igotzea da. Azkenean, baina, taldearen egokitzapena nola egin duten ikusi beharko da. Aurreko denboraldian etxean irabazi bagenion ere, ligan galdu genuen azkenengo partida Coruñaren kontra izan zen. Lehen partida izanda, gogorra izango da gaurkoa.