Duina ikerketa proiektuaren ondorioak aurkeztuko ditu Biolur elkarteak ostegunean

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 18a, 09:00
Duina ikerketa proiektuaren sustatzaileak, Zornotzan (Bizkaia) ondorioak aurkezten. (Biolur)

Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak baratze zaintza ekologikoaren ekoizpen kostuen azterketa egin du, "ekoizleen egonkortasun eta duintasun ekonomiko eta soziala" lortzeko helburuarekin. Ostegunean aurkeztuko dituzte ikerketaren ondorioak, 19:00etan, Elikagunean.

Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak Duina ikerketa proiektuaren ondorio orokorrak aurkeztuko ditu ostegunean, urriak, 20, Azpeitian. Ikerketa hori EHUrekin batera garatu du Biolurrek, eta lagunutzaile izan ditu Kontseilua, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Ikerketan, baratze zaintza ekologikoaren ekoizpen kostuen azterketa egin dute, eta sortutako ezagutza "ekoizleen egonkortasun eta duintasun ekonomiko eta soziala" lortzeko baliatzea da helburua. Biolur elkartearen arabera, ikerketaren emaitza orokorrak "oso garrantzitsuak" dira, "sektorerengan eta herritarrengan duten inplikazio sozioekonomikoagatik".

2020ko ekainaren 18an aurkeztu zuten Duina proiektua, eta bi urte iraun du ikerketa prozesuak. Ikerketaren barruan, Gipuzkoako eta Bizkaiko 11 baratze proiekturen azterketa sozioekonomikoa egin dute. Bertan, laboreen ekoizpen kostuak, soldatak, lanorduak, prezio duinak eta, oro har, nekazal proiektuen duintasun ekonomiko eta sozialerako hainbat datutan sakondu dute. Ikerketari esker, baratze zaintza ekologikoaren ekoizpen kostuen "azterketa integrala eta objektiboa" landu ahal izan da, eta sortutako ezagutza hori baliatuta, Biolur elkarteak espero du "ekoizleen egonkortasun eta duintasun ekonomiko eta soziala garatzeko urratsak ematea, bai arlo instituzionaletik, bai eta arlo sozioekonomikotik".

Duina ikerketan parte hartutako bi ekoizleen iritziz, "erronka handia" izan da ikerketan parte hartzea; "lanari lana gehitzea izan da", diote. Dena den, argi dute esfortzu horrek "merezi" izan duela: "Astuna izan da ikerketaren datu bilketa fasea, buztintsua gure lurrak bezala, baina merezi izan du". 

Ustiapen ekologikoa areagotzeko erronka

2030.urterako, Baserritik mahaira Europako estrategiaren ildotik, Europako Batasuneko lurren %25 modu ekologikoan landu beharko dira. Gaur egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan era horretan lantzen diren lurrak %4,6 dira. Modu ekologikoan lantzen diren lurrak areagotzeko erronkaren barruan, Biolurreko kideen arabera, "ezinbestekoa da nekazarien eta baserritarren bizitzak duintzea".

Duina ikerketaren ondorioak ezagutarazteko, Ekoizpen duina, kontsumo herrikoia lelo duen kanpaina abiatu dute; Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat herritan aurkeztuko dituzte ondorioak, tartean, Azpeitian. Ostegunean, 19:00etan, egingo dute aurkezpena, Elikagunean. Era berean, ikerketaren ondorioak laster izango dira eskuragarri Biolur elkartearen atarian eta Kontseiluaren webgunean.