Iraurgi Ikastetxeak Ebizii proiektu pedagogikoa jendaurrean aurkeztuko du ostegunean

Julene Frantzesena 2022ko urr. 4a, 08:57
Iraurgi Ikastetxearen Betharrametako eraikinaren kanpoaldea.

Soreasu antzokian izango da ekitaldia, 18:30ean hasita, eta nahi duten herritar guztiek izango dute hara joateko aukera. Ebizii 0-18 proiektu pedagokikoa hezkuntza arloko komunitateko agente eta erakunde desberdinen laguntzarekin garatu du Iraurgi Ikastetxeak. Ebidentzia zientifikoetan oinarritutako irakaskuntza da proiektuaren funtsa.

Iraurgi Ikastetxeak Ebizii 0-18 proiektu pedagogikoa aurkeztuko du ostegunean jendaurrean. Soreasu antzokian izango da ekitaldia, 18:30ean hasita, eta nahi duten herritar guztiek izango dute hara joateko aukera. Gainera, Iraurgiko kideek azaldu dutenez, hainbat gonbidatu berezi ere izango dira aurkezpenean, hala nola Amaia Urzelai Gipuzkoako Hezkuntzako ordezkaria, Maria Eugenia Iparragirre Kristau Eskolako zuzendaria, Jose Luis Abaunz Mondragon Unibertsitateko ordezkaria, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Leire Goenaga zinegotzia.

Ebizii 0-18 proiektu pedagokikoa hezkuntza arloko komunitateko agente eta erakunde desberdinen laguntzarekin garatu du Iraurgi Ikastetxeak. Ebidentzia zientifikoetan oinarritutako irakaskuntza da proiektuaren funtsa, eta ikastetxeak azaldu duenez, hezkuntza arloko nazioarteko komunitate zientifikoak ontzat eta arrakastatsutzat jotzen dituen hezkuntza jardueretan oinarritzen da. Iraurgik, Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan, hasi berri den ikasturtetik aurrera aplikatuko du proiektua ikastetxean. "Helburua da komunitatea eta gizartea eraldatzeko tresna izatea. Azpeitiko etorkizuneko herritarrak hezten jarraitzeko hezkutza proposamen iraultzailea dela sinesten dugu", azaldu dute Iraurgiko ordezkariek.