Leire Ibarguren: "Eraldaketarako lan garrantzitsuak dira Mirenek egin dituenak"

Ane Olaizola 2022ko ira. 28a, 11:00

Miren Egiguren bidaniarraren bizitzan oinarritutako liburua kaleratu du Leire Ibarguren idazle azpeitiarrak, Emagin elkartearen eta Txalaparta argitaletxearen eskutik.

Duela bost urte itzuli zen Miren Egiguren Euskal Herrira, 46 urtez Caracasko Petare auzoan bizi izan ostean. Urte horietan hango auzotarren alde egindako lana eta izandako bizimodua bildu ditu Leire Ibargurenek (Azpeitia, 1979) Petare. Miren Egigurenen puskak lanean.

Miren Egiguren bidaniarraren bizitzan oinarritutako liburua idatzi duzu. Nor da Egiguren?

Bidanian jaio zen, eta 20 urterekin edo Venezuelara joan zen misiolari; Guajirara, hain zuzen ere. Han hiru urtez aritu zen misiolari, eta ondoren Euskal Herrira bueltatu zen, aita gaixo zuelako. Hura hil zenean, Mirenek Venezuelara itzultzeko gogoz segitzen zuen, baina ez zuen nahi Elizarekin harremanetan zegoen zerbaiten bitartez joatea, eta beraz, bere kabuz joan zen. Caracasen igaro zuen bolada bat, ikasten eta lanean, eta handik Petare auzora joan zen bizitzera. Pobretutako jendea bizi da auzo horretan, eta han igaro zituen 40 urtetik gora.

Zer egin zuen urte horietan?

Eskolak muntatzen aritu zen, etxeetara ur sistemak iristeko proiektuak aurrera ateratzen, okindegiak zein haurtzaindegiak martxan jartzen… Liburuan asko aipatzen da Egigurenek Petaren izan zuen bizimodua, eta horregatik eraman dut auzoaren izena liburuaren izenburura. Edozein egunetan tiro hotsak entzun daitezke Petaren; egun batean, posible zaizu pertsona bat besoetan hiltzea, eta hurrengoan, erditzen ari den emakume bati laguntzea. Mireni halako gauzak gertatu zitzaizkion. Azpimarragarria da hark gauzatutako lan guztiak komunitatearekin eta elkarlanean egindakoak izan zirela, eta bereziki hango emakumeekin egin zuela lan.

Zer da Egigurenez gehien harritu zaituena?

Gaur egun, Miren Euskal Herrian bizi da, eta egun daraman bizimodua ere jaso dut liburuan, hori ere kontatzeko modukoa dela iruditzen baitzitzaidan: 72 urte ditu hark, eta andre bat zaintzen egiten du lan. Izan ere, nahiz eta Mirenek Venezuelan kooperante sariak-eta irabazi zituen, han egondako lanaren aitortza ekonomikorik ez du, eta ez du pentsio duin bat jasotzeko eskubiderik. Ondorioz, lan egiten du, 70 urtetik gora eduki arren. Baina bere hango bizimoduarekin koherentzian bizitzen jarraitzen du, eta bere bizitzaren erdigunean egon den zerbait da zaintza. Liburuaren aurkezpeneko egunean esan nuen moduan, zaintza erdigunean jartzearen inguruko adierazpenak entzuten ditudanean, Mirenen bizitza datorkit burura, hark horretan egin duelako lan; txikitik eraginez, hango komunitateko parte izaten eta auzoko bizilagunen arteko sareak sortzen aritu da. Komunitatea zaintzen aritu da, eta oraindik segitzen du.

Aurrez ba al zenuen Egigurenen berri?

Aurrez banuen bere berri, nahiz eta pertsonalki ez nuen ezagutzen. Venezuelara joandako brigadisten nahiz kooperanteen bidez nekien herrialde horretan kristoren lana egiten zuen emakume bidaniar bat bazegoela. Miren Odriozolaren laguna ere bada Egiguren, eta hark animatu ninduen liburua idaztera. Egun, Miren [Egiguren] Tolosan bizi da ahizpa batekin, eta behinola bisita bat egin genion; orduan jabetu nintzen kontatu beharreko istorio bat bazegoela. Ordea, pandemiak harrapatu gintuen gero, eta bisitak moztu ziren. Venezuelan egin zituen 46 urteko istorioen, gertaeren zein bere inguruko pertsonen materiala banuen, eta kronologikoki ordenatzen nahikoa lan izan dut.

Nola eskuratu duzu hainbeste urtez Venezuelan bizi izan zenaren gaineko informazioa?

Informazio asko egindako bisitetan izandako elkarrizketengandik jaso dut. Horrez gain, aurreneko egunean bere gauza ugari eman zizkidan Mirenek, neuk erabil nitzan. Erantzun nion hurrengo egun batean joango nintzela horien bila, gauza baliotsuegiak iruditzen baitzitzaizkidan etxera eramateko. Bestalde, gure bisitei esker, Miren animatzen hasi zela ikusi nuen; izan ere, Venezuelatik etorri zenean ez zegoen oso ondo emozionalki; a­ldaketa handia izan zen beretzat. Baina hura bisitatzen hasi ginenean, eta bera beste pertsona bat zaintzen hasi zenean, animatzen hasi zen. Venezuelaz gogoratzean emozionatu egiten zen. Koaderno batean guztia idazten hasi zen orduan, eta hangoa ordenagailura pasatzen… Gero, dokumentu bat eman zidan, eta han informazio asko zegoen; horrek asko lagundu zidan.

Nola hartu du Miren Egigurenek liburua?

Aurkezpenaren biharamunean esan zidan ez zuela lorik egin, oso pozik zegoela eta niri jakinarazi nahi zidala. Izan ere, liburuaren aurkezpenean Mirenek berak ere hitz egin zuen, eta harekin ibilitako kooperanteek omenaldi bat egin zioten. Oso hunkigarria eta polita izan zen.

Aurretik, Miren Odriozolari buruzko liburua duzu idatzita. Orduko hura El Salvadorren girotuta zegoen, eta Odriozolak hango gerrillan bizi izandakoa kontatu zenuen. Oraingo honetan, bestelako iraultza batzuk jaso al dituzu?

Aurreko liburua irakurrita, lagunek esan didate Miren Egigurenena leitzen ari zirenean gerrilla liburuan noiz agertuko zain egon zirela. Dena den, eraldaketarako lan garrantzitsuak dira Mirenek egin dituenak.

Biak ala biak dira Hego Ameriketan hainbat urtez aritu diren belaunaldi bereko bi emakume. Beren artean antzekotasunik ba al dute?

Biak dira konpromiso handiko emakumeak: ekintzetan aritzen direnak, pentsatzen egotekoak baino egitekoak, proiektuak aurrera ateratzen dituztenak. Ausartak dira biak.

Maiz, halako kontakizunak gizonezkoen ahotsetik jasotzen ditu gizarteak. Idatzi dituzun bi liburuetako protagonistak emakumezkoak izateak zertan eragiten du?

Garrantzitsua iruditzen zitzaidan emakumeen bizimoduaren gainean dugun iruditegia zabaltzea. Askotan, ematen du marko batzuen barruan bizi behar dugula, baina inguruan badaude bestelako bizimoduak aurrera eraman dituzten emakume asko; guk uste baino gehiago, ziurrenik. Haien bizimodua argitara ateratzea eta iruditegia zabaltzeko ereduak edukitzea garrantzitsua da.

Arrazoi bategatik edo besteagatik borrokatu duten emakumeen inguruan idatzi duzu orain arte. Arlo horrek erakartzen al zaitu gehien?

Kontua ez da emakumeek duten profila; emakumeok bizitzeko izan ditzakegun modu desberdinen inguruko iruditegia zabaltzea da interesatzen zaidana. Hau da, emakumeok, emakume bezala, bizimodu oso desberdinak bizi ditzakegula azalerazi nahi dut. Bestalde, emakume horiek, bizirik dauden bitartean, gizartean egin duten ekarpena aitortu nahi diegu Emaginetik.