Soraluzeko emakumearen hilketa salatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar, plazan

Ane Olaizola 2022ko ira. 27a, 11:47
Indarkeria matxistak hildakoak gogoratzeko 2019an Azpeitiko plazan egindako ekitaldi bat.

Urola Erdiko Itaiak deitu du mobilizazioa, eta azpimarratu du indarkeria matxistari aurre egiteko ezinbestekoa dela "emakume langileak antolatzea" eta "tresna eraginkorrak" martxan jartzea. Udalak ere salatu du hilketa, eta "mugimendu feministak antolatu ditzakeen mobilizazioekin bat" egin du. Espainiako Poliziak herenegun aurkitu zuen 68 urteko soraluzetarraren gorpua Benidormeko bere etxean, indarkeria zantzuekin.

Urola Erdiko Itaiak elkarretaratzea deitu du biharko, asteazkena, Soraluzeko (Gipuzkoa) emakumearen ustezko hilketa matxista salatzeko. 19:00etan izango da mobilizazioa, Azpeitiko plazan.

Herenegun topatu zuen Espainiako Poliziak 68 urteko emakume baten hilotza Benidormeko bere etxean (Herrialde Katalanak). Emakumeak bi labankada eta indarkeria zantzuak zituen, eta soraluzetarra zen. Polizia hilketa matxistatzat ari da ikertzen gertaera, eta biktimaren senarra da susmagarri nagusia. Trafiko istripuan hil da hura, eta Poliziaren hipotesi nagusia da bere buruaz beste egin duela.

Urola Erdiko Itaiak "babes osoa" helarazi die emakumearen senideei eta ingurukoei, eta azpimarratu du indarkeria matxistari aurre egiteko ezinbestekoa dela "emakume langileak antolatzea" eta "tresna eraginkorrak" martxan jartzea.

Udalaren salaketa eta atxikimendua

Azpeitiko Udalak ere salatu du Soraluzeko emakumearen hilketa, eta hildakoaren senitartekoei zein gertukoei "elkartasuna" adierazita, "hilketa salatzeko mugimendu feministak antolatu ditzakeen mobilizazioekin bat" egin du erakundeak.

"Indarkeria matxista gizon eta emakumeen berdintasun gabeziatik sortutako arazo larria" dela gogoratu du udalak;  "giza eskubideen urraketarik ez duela onartzen berretsi" nahi izan du, "ez Azpeitian eta ez beste inon ere", eta urraketen aurrean "modu aktiboan jokatzea herritarron ardura ere badela" azpimarratu du.

Bestetik, eraso matxisten aurrean jarraitu beharreko pausoak zein herritarrek eskura dituzten baliabideak eta zerbitzuak zerrendatu nahi izan ditu erakundeak, salaketarekin batera: "Erasoren bat gertatzen ari dela ohartuz gero, Udaltzaingora (092 edo 943-15 13 13 telefonoak), Ertzaintzara (943-08 37 80) edo larrialdi zerbitzuetara (112) dei dezakete herritarrek". Azkenik, "egunerokoan ikastetxeetan udalak bultzatutako hezkidetza programen bidez zein beste hainbat ekimenen bidez pertsonen arteko berdintasuna landuz indarkeriaren kontra lanean jarraituko duela berretsi" du Azpeitiko Udalak.