Bihartik aurrera eman ahal izango dute izena norbanakoek Euskaraldian

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ira. 27a, 09:22

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da aurtengo ariketa kolektiboa. 'Ahobizi' edo 'belarriprest' gisa eman daiteke izena. Lorpenak ikusaraztearen garrantzia nabarmendu dute.

Hitzez ekiteko garaia da goiburu hartuta, ate joka da Euskaraldiaren hirugarren edizioa. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra, hizkuntza erabileran eragitea xede duen ariketa kolektiboan parte hartzera deituta daude 16 urtetik gorako euskal herritarrak. Aurreko bi edizioen moduan, ahobizi gisa edo belarriprest gisa parte har dezakete norbanakoek. Hain zuzen ere, bihar zabalduko da horientzat izena emateko aukera. Parte hartu nahi dutenek online eman ahalko dute izena, euskaraldia.eus webgunearen bidez eta, horrez gain, herriz herri egingo diren ekitaldietan ere izango da horretarako aukera.


Hain zuzen ere, irailaren 17az geroztik herriz herri dabil Euskaraldiaren furgoneta. Orion egin zuen lehen geldialdia, eta azaroaren 3an Azpeitian eta 6an Zarautzen izango da, hurrenez hurren. Bertan ekimenaren inguruko informazioa eta askotariko materiala jarriko dituzte herritarren eskura.


Konpromisoa da ariketa kolektiboaren ardatza eta, hautatzen den rolaren arabera, hizkuntza erabilerakiko konpromiso ezberdinak hartuko dituzte herritarrek. Ahobizi izatea hautatzen dutenek ariketak irauten duen hamabost egunetan elkarrizketa guztietan lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute, hizketa kideak euskaraz ote dakien ziur egon gabe ere. Belarriprest izatea hautatzen dutenek, berriz, ezagutzaren edota norberaren araberako irizpideen arabera hautatuko dute lehen hitza euskaraz egin edo ez, baina gainontzekoei beraiekin euskaraz aritzeko deia egingo diete, txapa soinean eta ikusgarri eramanda.


Aurreko aldietan parte hartu izan dutenentzat bi kontzeptu horiek aski ezagunak dira dagoeneko, baina, horiez gain, bigarren edizioan txertatutako eta aurten egonkortu nahi den kontzeptu batek ere izango du garrantzia: Arigunea. Belarriprestez eta ahobiziz osatutako espazioak izango dira ariguneak, euskaraz lasai aritzeko guneak. 2020ko Euskaraldian ere bazeuden ariguneak, baina, ariketa pandemia betean egin zenez, elkarren artean sozializatzeko eta hizketan aritzeko espazioak oso murriztuak eta mugatuak zeuden ariketak iraun zuen egunetan. Esaterako, tabernak itxita zeuden duela bi urteko udazken hartan. Baldintza eskas samarretan egin behar izan zen, beraz, duela bi urteko ariketa eta, aurten, egoera hobea izango dela aurreikusten du Euskaltzaleen Topaguneak.

Ikusgarritasuna gako

Zenbakietatik harago, ariketaren eraginean jarri nahi dute indarra aurtengo Euskaraldian. Aurreko urteetan egindako ariketen ondorengo ikerketetan ikusi dute partaideen balorazioa lotuta egon ohi dela izan dituzten bizipenei eta lorpenei. "Ariketak hizkuntza praktika eta ohiturak aldatzen lagundu dien neurrian, hobe baloratu dute parte hartzaileek Euskaraldia. Lorpen horiek areagotzea eta zabaltzea izango du helburu aurtengo edizioak eta eragin hori da azpimarratuko dena", azaldu dute Topaguneko ordezkariek.

Hori dela eta, lorpen horiek ikusarazteko ahalegin berezia egingo dute, ikerketetan frogatu delako horiek erakustea eraginkorra dela parte hartzaileak motibatzeko eta aktibatzeko.

Horrekin lotuta, txapa soinean eta ikusgarri eramatearen garrantzia azpimarratu dute ariketa erraldoiaren antolatzaileek. Hori ere aurreko edizioetan ateratako ondorioetatik nabarmendutako ideia da, ariketa ikusgarri egitearen parte baita parte hartzaileen txapa. Horrez gain, ariguneak sortzen dituzten entitateek ere gune horiek ikusarazteko euskarri identifikagarriak izango dituzte.


Batzordeak akuilu


Bakoitza bere erritmo eta tenorean, baina herri ugaritan daude Euskaraldiarekin lotutako batzordeak martxan. Urola Kostan, dagoeneko egin dituzte ekimenari lotutako ekintzak Orion eta Zumaian, eta batzordeak martxan dira Azkoitian, Azpeitian eta Zarautzen ere. Apurka-apurka, tokian tokiko ekintzak iragartzen joango dira horiek.

Kaleko ikusgarritasunaz gain, eremu digitalean ere presentzia irabazi nahi du aurten Euskaraldiak. Hori dela eta, Zapla! izeneko plaza digitala sortu dute. Instagram eta Twitter sare sozialetan topa daiteke, eta Euskaraldiaren ohiko sareko jardunaren osagarri izango da bertako edukia.