Gorka Karapetok 'La Ramirole' eskaladako bide luzea egin du Verdonen

Nerea Uranga 2022ko ira. 27a, 09:00
Gorka Karapeto Verdon arroilako 'La Ramirole' bidea eskalatzen. (Argazkia: Gorka Karapeto)

150 metro luzeko bidea da, eta 8a+, 8a, 8b, 8a eta 6c zailtasuneko zatiak ditu. "Bide berezia da, luzea delako eta zailtasunean mantendu egiten delako", azaldu du eskalatzaile azpeitiarrak.

Verdoneko arroilan (Frantzia) La Ramirole bide luzea eskalatu du Gorka Karapeto eskalatzaileak, Jose Luis Palao Primo sokakide duela. Maila altuko eskalatzaileak erakartzen dituen bidea da, modernoa eta estetikoa. 150 metro luzeko bidea da, eta 8a+, 8a, 8b, 8a eta 6c zailtasuneko zatiak ditu.

Primo eskaladako lagunak tentatuta joan zen Karapeto abuztuaren bukaeran Verdonera. "Bi aste libre nituen, eta baneukan La Ramirole sektorea ezagutzeko gogoa. Kirol eskalada egiteko asmoarekin joan ginen, bide motzagoak, alegia. Hara iritsitakoan, baina, La Ramirole bide luzea egitea jarri genuen aurreneko helburu gisa. Lehenengo egunean, bidearen hasierako zatia nolakoa zen begiratu genuen, eta bigarren egunean igotzeari ekin genion. Banaka igotzea erabaki genuen, biotako bakoitza sokaburu ginela. Aurreneko egunean nik igo nuen, eta bigarrengoan Primok", azaldu du eskalatzaile azpeitiarrak.

Bide luzea izanda, zailtasun aldetik 8ko graduan mantentzen delako da berezia La Ramirole, Karapetoren hitzetan. "Zailtasun handiagoko bideak eskalatu ditugu Verdonen, baina La Ramirole berezia da luzea delako eta zailtasunean mantendu egiten delako. Horrez gainera, eroria du bideak, eta altuera hartzen ari zaren heinean, behean hutsune handia sentitzen da. Inguru ederrak ditu, eta hori ere polita da. Bide atletikoa dela esango nuke".

Gorka Karapeto eta Jose Luis Palao Primo eskalatzaileak La Ramirole bidea eskatutakoan. (Argazkia: Gorka Karapeto)

Maiatzetik hatz batean min hartuta egon da, baina ia osatuta dagoela azaldu du azpeitiarrak. "Hatz bateko tendoian distentsioa izan nuen maiatzean; hala ere, eskalatzen jarraitu dut, baina ez oso eroso. Orain, ez ehuneko ehunean, baina ia osatuta daukat hatza". Nahiz eta lesiotik erabat osatu gabe egon, La Ramirole bideko heldulekuak tamainakoak egin zitzaizkiola aitortu du. "Eroria duenez hormak, heldulekuak handiagoak dira, gozoagoak, eta min gutxiago sentitzen nuen eskalatzeko garaian".

Helburu berriak, etxetik gertu

Rodellarren (Aragoi, Espainia) igaro ditu azkenengo egunak Karapetok, eskaladari lotutako topaketa batean parte hartu du babesle duen kirol etxe batek gonbidatuta. Ez dago geldirik egoteko, eta aurrera begirako asmo berriak ditu eskalatzaileak, "etxetik gertu". "Lehenengo asmoa hatza ondo osatzea da, eta segidan, Etxaurin [Nafarroa] zailtasunezko bide batzuk eskalatzeko asmoa dut. Orain, momentuz, minik hartu gabe eskalatzen disfrutatzen jarraitzeko asmoa dut".