Udalak atzera bota du 5G teknologiaren luzamendurako eskaera

Mailo Oiarzabal 2022ko ira. 26a, 17:08

EH Bilduren abstentzioarekin eta EAJren kontrako botoekin, osteguneko udalbatzarrean ez zuten onartu Teknologia Jasangarrien Aldeko Urola Aktiboa taldeak aurkeztutako mozioa.

5G teknologia hedatzearen luzamendua eskatzen zuen mozioa atzera bota zuten joan den osteguneko udalbatzarrean. Teknologia Jasangarrien Aldeko Urola Aktiboa taldeak –Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako herritar talde batek Ekologistak Martxanekin batera eratutakoa– aurkeztu zuen mozioa, udalari luzamendu eskaerarekin bat egin zezan eskatuz, baina ez zuen udalean ordezkaritza duten bi talde politikoen babesik lortu: EH Bilduk abstentziora jo zuen eta EAJk mozioaren kontra bozkatu zuen.

Mozioaren sustatzaileen aburuz, 5G teknologiaren gainean "publizitatearen bidez iristen zaizkigun 'onurak'" bai, baina ekar ditzakeen "arrisku berriak" ez dira nabarmentzen; zibersegurtasunean, osasunean, ekonomian eta ingurumean ez ezik, "mundu digitalean ematen den etikan ere" sumatzen dizkiote arriskuak haririk gabeko teknologia berriari Urola Aktiboa taldeko kideek. 5G-a ezartzearen gainean "eztabaida publikorik ez" dela egon diote, "hori ezartzeko milioi askoko inbertsio publikoa beharrezkoa izan arren", eta "denbora gehiago behar" dela deritzote, teknologia berri horri bidea ireki aurretik. "Ez gaude teknologiaren kontra. Haririk gabeko 5G teknologiak osasun publikoan, ingurumenean, bizimoduan eta eskubideetan eta askatasunetan izango duen eragina osoa izango denez, denbora gehiago beharrezkotzat jotzen dugu eztabaidarako eta egin behar diren ikerketa independienteak egiteko", dio Urola Aktiboak.

Beren eskaera oinarritzeko hainbat, ildo bereko hainbat ikerketa eta zenbait erakundetan egindako eskaerak eta hartutako neurriak aipatzen dituzte. Era berean, oso kritiko ageri dira ekainean onartutako Espainiako telekomunikazioei buruzko lege berriarekin: "Lege honek urratu egiten ditu Konstituzioan jasotako ingurumen, osasun eta pribatutasun eskubideak, lege honek urratu egiten ditu autonomia erkidegoek eta udalek herritarren partaidetzarako eta gardentasunerako dituzten eskumen jakin batzuk ere. Lege honek telekomunikazioak liberalizatu eta desarautu egiten ditu, aldez aurreko baimena eskatzea eragozten baitu. Proiektuen edukia konfidentzialtzat jotzean, ezin da jakin non jarriko den 5G antena bat, edo herri osoan zehar jarri beharko diren estazioak".

Ondoko loturetan irakur daitezke Teknologia Jasangarrien Aldeko Urola Aktiboa taldeak aurkeztutako mozioa, eta taldeko bi kidek udalbatzarrean mozioaren defentsan irakurri zuten testua.

Udal ordezkarien arrazoiak

"Mozioaren zutabe nagusia 5G teknologiaren luzapena eskatzea da eta gu ez gara horren alde posizionatzen", azaldu zuen Aitor Bereziartua zinegotziak, EH Bilduren abstentzioaren arrazoiak azaltzen hasteko. Urola Aktiboak bere mozioan mahai gainean jarritako hainbat kezkari erantzun zien EH Bilduren ordezkariak.

Udal Gobernua osatzen duen koalizioak onartzen du 5G teknologiaren ezarpenak "hainbat ertz" dituela, "positiboak batzuk eta kezka sortzen dutenak beste batzuk", eta kezka sortzen duten horiek ikertzearen alde agertu da. Eeremu elektromagnetikoak osasunean izan dezakeen eraginari dagokionez, adibidez, hainbat eta denetariko txostenak argitaratu direla nabarmendu zuen Bereziartuak EH Bilduren erantzunean, "osasun ondorioak dituela ziurtatzen dutenak nahiz inongo ondoriorik ez dutela diotenak". Horren aurrean, EH Bilduk "ordezkari instituzionalak dituen eremu guztietan txosten independenteak egiteko eskatzen jarraituko" duela esan zuen Bereziartuak, "azterketa hauek iraunkorrak eta dinamikoak izan behar dutelako". 5G teknologiak 4G teknologiak baino kontsumo energetiko handiagoa duela eta horrek ere "kezka sortzen" die EH Bildukoei; hala ere, "5G teknologiak eraginkortasun energetikoan aurrera egiteko aukera handiak ematen dizkigu, eta horretarako baliatu beharko litzateke. 5G teknologia zaintza zerbitzuetan, konektibitatean, aurrera egiteko tresna interesgarria izan daiteke", zioen Bereziartuak. 5G-ak ekar ditzakeen gainerako arriskuen edo arazoen aurrean ere neurriak hartzearen alde agertzen da EH Bildu, hala behar izanez gero, aipatutako azterketa iraunkor eta dinamikoak sustatuz eta horien emaitzetan oinarrituta.

Amaia Etxeberria EAJren bozeramaileak, bere aldetik, adierazi zuen "teknologia guztiekin kontuz ibili behar" dela, eta eskura dauden "baliabide guztiak erabili" behar direla "sor ditzaketen kalteak ahalik eta txikienak" izan daitezen. EAJren iritziz, ordea, "gaur-gaurkoz daukagun gaitasun tekniko-zientifikoa kontuan hartuta", ez dago arrazoi funtsezkorik 5G-ari galga jartzeko. "Ez zaigu iruditzen teknologia honen kontra joan behar dugunik. Esan denaren inguruan, ez dago ebidentzia zientifikorik 5G-a gizakion osasunerako txarra dela esateko. Ezin ditugu nahastu posible izan daitekeen kutsadura kimiko erreala, demostratu erraza dena, inongo ebidentziarik ez dagoen kutsadura elektromagnetikoarekin", adierazi zuen Etxeberriak. Udalbatzarrean aurkeztutako mozioari ezezkoa emateko arrazoien zerrendara gehitzeko, testuari egotzi zion "zehazgabetasunez beteta" egotea eta "errealitate tekniko-zientifikoa ez azaltzea".