Banketxeek azkenaldian hartu dituzten neurriak salatu dituzte pentsiodunek

Ihintza Elustondo 2022ko ira. 26a, 12:33
Goiko kaleko Kutxabanken egoitzaren aurreko plazatxoan egin dute gaurko protesta. (Ihintza Elustondo)

Plazan elkartu ordez, Goiko kaleko Kutxabanken egoitzaren aurreko plazatxoan egin dute asteleheneroko protesta pentsiodunek. Hainbat eskaera egin dituzte: komisioak murrizteko eta merkatzeko; sukurtsal, kutxazain, zerbitzu eta langile gehiago ezartzeko; herritarrei arreta hobea emateko, eta banku publikoa sustatzeko.

Astelehenero bezala, pentsiodunek eta jubilatuek elkarretaratzea egin dute eguerdian, baina berezia izan da gaurko hitzordua. Izan ere, Goiko kaleko Kutxabanken egoitzaren aurreko plazatxoan egin dute protesta, banketxeek azkenaldian hartu dituzten neurriak salatzeko asmoz. Hainbat eskaera egin dituzte pentsiodunek: komisioak murrizteko eta merkatzeko; sukurtsal, kutxazain, zerbitzu eta langile gehiago ezartzeko; herritarrei arreta hobea emateko, eta banku publikoa sustatzeko.

Elkarretaratzean jakinarazi dutenez, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak txosten bat prestatu du, "bankuen partika txarraren inguruan". Zehazki, "zerbitzu publiko gisa herritarrei, eta bereziki, adinekoei eta pentsiodunei eman behar dieten arretari eragiten dioten bankuen jardunbide txarrak ezabatzeari buruz" da idatzia.

2021eko azaroaren 5ean Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politiken eta Gazteriaren Batzordean agerraldia egin zenetik gaur arte, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 187 udaletan aurkeztu du mozioa. Horietako 121 udaletan onartu dute txostena, eta beste 23tan ezetza jaso dute; gainera, zortzitan beste mozio batzuk onartu dituzte, udal talde guztien adostasunarekin. Beste 36 herritan –gehienak txikiak– orain arte osoko bilkurarik ez dela egin jakinarazi dute.

Lanean jarraitzeko konpromisoa

"Egia da gure salaketak hasi zirenetik zenbait arazo zuzendu direla, baina, hala ere, zerbitzuak ez dira behar bezala ematen oraindik, bai jardunbide txarrengatik, bai zerbitzua ematean izandako murrizketen iraupenagatik. Gaia hobetu egin da zenbait alderditan: ordutegiak, aurrez aurreko arreta eta abar. Baina beste kontu batzuek berdin jarraitzen dute, eta oraindik ere urruti dabiltza pandemiaren aurreko egoeratik: ez zaie erantzun hirietako landa eremuei eta hiriburuko auzo periferikoei, komisioak kobratzeari, kutxazain automatikoak ixteari edo zerbitzu eskasiari...", adierazi dute pentsiodunek. Hori dela eta, lanean jarraitzeko konpromisoa agertu dute, beren "eskaerak erakunde guztiek aintzat har ditzaten eta erreklamazio horiek publiko egiteko gauzatzen ari diren ekintzen informazioa jaso dezaten".

Mozioa oraindik onartu ez duten udalerrietara han jasotako eskaerak zabaltzeko ahaleginean jarraituko dutela adierazi dute, eta "ezagutzen dituzten zerbitzuetan egiten diren jardunbide txarrei eta murrizketei buruzko erreklamazioak" jasoko dituztela, "publikoki zabaltzeko eta erakunde eskudunei helarazteko". Era berean, kreditua eta aurrezkia sozializatzeko tresna gisa banku publiko bat garatzeko beharra azpimarratu dute, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako finantza sistemaren erreferente gisa.