Iren Reyesek irabazi du Duchenne Parent Projectek antolatutako gurpildun aulki elektrikoen lasterketa

Maialen Etxaniz 2022ko ira. 25a, 16:26
Iren Reyes, saria eskuetan hartuta. (Veronica Reyes)

Atzo eguerdian jokatu zuten Duchenneren giharretako distrofia gaitzaren aurkako borroka sustatzeko lasterketa herrikoia Jacan. Duchenneren giharretako distrofia du Reyesek, eta harekin batera lasterka aritu ziren hainbat azpeitiar. 

Iren Reyes azpeitiar gazteak –Azpeitiko hainbat gaztetxorekin batera– irabazi zuen atzo, hilak 24, Duchenneren giharretako distrofia gaitzaren aurkako borroka sustatzeko Jacan (Espainia) egin zuten lasterketa herrikoiko gurpildun aulki elektrikoko lasterketa. Reyesen senitartekoez gain hainbat herritar azpeitiar animatu zen egitasmoan parte hartzera, eta Reyesek zein haren senitartekoek eskerrak eman nahi izan dizkiete Jacako lasterketara animatu ziren azpeitiarrei.

1.400 lagun inguruk parte hartu zuten atzoko egitasmoan, eta parte-hartzaileek bost kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten. Lasterketaz gain, animazioa, musika, bazkari herrikoia, zozketak... izan ziren, eta Espainiako Duchenne Parent Project elkartearentzako izango da egitasmoan bildutako dirua. Duchenne Parent Project irabazi asmorik gabeko elkartea da, Duchenne eta Becker gaitzak dituzten gurasoek sortua.