Markel Vesga legazpiarrak irabazi du Azpeitian jokatutako Gipuzkoako xake txapelketa azkarra

Julene Frantzesena 2022ko ira. 25a, 08:27

Atzo jokatu zuten lehia 39 lagunek, Azoka Plazan. Gipuzkoako hainbat txokotatik iritsitako xakelarik parte hartu zuten txapelketan. 11 partida jokatu zituzten lehiakideek, eta Markel Vesga legazpiarra izan zen atzokoan nagusi, 9,5 puntu batuta. 

Gipuzkoako bakarkako xake txapelketa azkarra jokatu zuten hainbat lagunek atzo Azoka Plazan. 16:00etan hasi zen lejia, eta Gipuzkoako hainbat txokotatik iritsitako xakelarik parte hartu zuten lehian; guztira, 39 parte hartzaile izan ziren, antolatzaileek eguna iritsi arte espero zutena baino gehiago. Partidak jokatu ahala, gainera, ikusmina sortu zuen txapelketak; izan ere, hainbat herritar izan ziren Azoka Plazan lehiak ikusten.

11 partida jokatu zituzten lehiakideek, eta Markel Vesga legazpiarra izan zen atzokoan nagusi, 9,5 puntu batuta. Jose Luis Guijarro billabonarra izan zen bigarren, Vesgak adina puntu lortuta, eta hirugarren, berriz, Xabier Aranzabal zumairra sailkatu zen. Sailkapeneko lehen azpeitiarra Aitor Priya izan zen, sei puntu lortuta, 13. postuan sailkatu baitzen, eta haren atzetik izan ziren sailkapenean Aner Alonso, Eneko Alberdi, Jose Andres Perez, Juan Carlos Fernandez eta Miguel Angel Gomez herritarrak. Lehen emakumea, berriz, Estibalitz Apellaniz donostiarra izan zen, bost punturekin 27. postuan sailkatu zena.