Quebrantahuesos bizikleta proba irabazi du Imanol Arizmendik

Julene Frantzesena 2022ko ira. 24a, 14:02
Imanol Arizmendi eta Haimar Zubeldia helmugara iristen.

Azpeitiko bizilagunak bost ordu, 32 minutu eta 12 segundo behar izan ditu ia 200 kilometroko lasterketa bukatzeko. Gaur egin dute ekainean bertan behera gelditu zen proba Sabiñanigon, eta hainbat azpeitiarrek parte hartu dute. Arizmendik helmugara iritsi berritan egin dituen adierazpenetan jakinarazi duenez, "izugarrizko plazera" izan da helmugara lehen postuan iristea.

Gaur, zapatua, egin dute tenperatura altuak zirela-eta ekainean bertan behera utzi zuten Quebrantahuesos proba –baita Treparriscos ere– entzutetsua Sabiñanigon (Huesca, Espainia), eta Imanol Arizmendi Azpeitiko bizilaguna izan da nagusi. Hark bost ordu, 32 minutu eta 12 segundo behar izan ditu lasterketa amaitzeko, eta harekin bateratsu, segundo bat beranduago, iritsi da helmugara Haimar Zubeldia txirrindulari profesional ohia.

Eguraldi makurra zegoen gaurko iragarrita, baina probari hasiera, behintzat, ateri zela eman diote parte hartzaileek. Ia 200 kilometroko ibilbidea gauzatu dute 4.300 parte hartzaileek –ekainerako askoz ere txirrindulari gehiago zeuden izena emanda–, eta horietan helmugaratzen lehena izan da Arizmendi. Guztira, 3.500 metroko malda positibodun ibilbidea egin dute, eta Somport, Marie Blanque, Portalet eta Hoz de Jaca mendateak igo dituzte.

Arizmendik helmugara iritsi berritan egin dituen adierazpenetan jakinarazi duenez, "izugarrizko plazera" izan da helmugara lehen postuan iristea. "Ez dakit nola deskribatu... Ez daukat hitzik. Izugarria izan da nire lan handi Haimarrekin batera iristea; hari eskerrak eman beharrean nago", esan du.