Asteartean zabalduko dute auzo-taxi erabiltzeko beharrezkoa den txartela berritzeko epea

Julene Frantzesena 2022ko ira. 25a, 08:29
Azpeitiko taxi geralekua, Jose Artetxe kalean.

Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan edo Udalaren webgunean berritu ahal izango da txartela. 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera herritarrek ezingo dute aurtengo txartela erabili. Azpeitiko auzoetan bizi diren herritarren mugikortasuna eta bizi kalitatea hobetzeko martxan jarritako zerbitzua da auzo-taxi.

Auzo-taxiren erabiltzaileek txartela berritu beharko dute datorren urtean zerbitzuaz gozatzen jarraitu ahal izateko. Izan ere, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera herritarrek ezingo dute aurtengo txartela erabili. Horrenbestez, asteartetik urte bukaerara bitartean berritu beharko dute txartela udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan –udaletxeko lehen solairuan–. Dena den, Azpeitiko Udalaren webgunean ere egin ahal izango da txartela berritzeko izapidea. Txartela lehen aldiz ateratzeko aukera ere eskainiko du erakundeak.

Azpeitiko auzoetan bizi diren herritarren mugikortasuna eta bizi kalitatea hobetzeko martxan jarritako zerbitzua da auzo-taxi. Hain zuzen ere, Aratzerrekan, Eizagirren, Elosiagan, Izarraitzen, Loiolan (diseminatua), Nuarben, Matxinbentan, Odrian, Oñatzen, Oñazbidean nahiz Urrestillan erroldatutako bizilagunek erabil dezaketen zerbitzua da. Astelehenetik ostiralera 07:30etik 20:30era eta zapatuetan 09:00etatik 20:30era izaten da erabilgarri, eta zerbitzua erabiltzeko beharrezkoa da txartela izatea.

Zerbitzua erabili dezakete 18 urtetik gorako herritarrek, baita 12 eta 18 urte bitarteko gazteek ere, gurasoen edo tutoreen baimenarekin. Erabiltzaileek hiru euro ordaindu beharko dute bidaia bakoitza, bakarrik egiten baldin badute, eta erabiltzaile bat baino gehiago baldin badira, berriz, 1,5 euro bakoitzak. 2020tik dago martxan auzo-taxi zerbitzua.